«Kazetaritza traizioa» egitea egotzi diote 'The Washington Post'-i

Edward Snowdeni ez barkatzeko eskatu du egunkariak, nahiz eta hari esker Pulitzer saria irabazi

Snowden bideokonferentziaz Moskutik, New Yorken duela astebete eginiko prentsaurreko batean. JUSTIN LANE / EFE.
Edu Lartzanguren.
2016ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Barkamenik ez Edward Snowdentzat». Izenburu horrekin editoriala argitaratu zuen The Washington Post egunkariak joan zen larunbatean. Mezuak eztabaida piztu du, egunkariak berak argitaratu egin zituelako orain kartzelan ikusi nahi duen gizonak emaniko informazioa, eta baita Pulitzer sari bat irabazi ere haien kontura. Historia egin zuen egunkariak Watergateaferan, eta, orain, berriz historia egitea leporatu diote, «bere berriemaileari jazartzeko eskatzen duen lehen egunkaria» izateagatik.

Edward Snowden AEBetako NSA Segurtasun Nazionalerako Agentziako langile ohia da. NSAk planeta osoko herritarren telefono komunikazioak zelatatzenzituela salatu zuen informatikariak 2013. urtean. Zelatatuen artean, gobernuburu asko zeuden: AEBek errezeloz begiratzen zituenak, orduko Brasilgo presidente Dilma Roussef, esaterako. Baina baita AEBek berez aliatutzat dituztenak ere, Alemaniako kantziler Angela Merkel tartean.

Haiei eginiko entzuketen frogak hainbat egunkariren esku utzi zituen Snowdenek. Harrezkeroztik, Errusian ezkutatuta bizi da. Heriotza zigorra ere ezar diezaiokete AEBetan, Espioitzaren Aurkako Legearen arabera.

Kanpaina egiten ari dira hainbat gobernuz kanpoko erakunde Washingtonek Snowden barka dezan. Asteburu honetan estreinatu dute Oliver Stonek berriemailearen inguruan eginiko Snowden filma.

«Gehiegikeriak»

«Snowdenek presidentearen barkamena merezi ote duen [...] galdera korapilatsua da, baina presidentearen erantzuna ezetz izango da aurrerantzean ere», idatzi du The Washington Post-ek. Kazetak onartu du Snowdenek ondo egin zuela AEBen barruko telefono deien metadatuak jasotzeko NSAk ezarria zuen sistema salatzen. Baina atzerrian zelatatzeko PRISM sistema agerian utzi izanak «segurtasun nazionalari» kalte egin diola esan du. Horrez gain, desobedientzia zibilaren tradizioari muzin egitea leporatu dio, epaitua izateko prest ez egoteagatik eta Errusiaren babesa onartzegatik. Proposamena egiten du: Snowdenek zigorra onartu beharko luke «gehiegikeriengatik». Baina «ekarpenengatik» gobernuak bigun jokatu beharko luke harekin.

Gogor erantzun diote The Washington Post-i. «Kazetaritza traizioa» egitea leporatu dio Glenn Greenwald kazetari eta abokatuak. «The Washington Post-ek marka lotsagarria lortu du AEBetako hedabideen historian: bere berriemailetako bat epaitzeko esplizituki eskatu duen lehen egunkaria da».

Kazetaren zurikeria salatu du Greenwaldek, izan ere, PRISM sistemaren inguruko informazioaThe Washington Post-ek berak argitaratu zuen, lehen orrian, eta egunkariak berak aurkeztu zuen horren inguruko artikulu sorta Pulitzer sarirako. Eta baita lortu ere. Kazetak informazio hura argitaratzea erabaki zuten editoreei jazartzeko eta Pulitzer saria itzultzeko eskatu beharko ez ote zukeen galdetu du Greenwaldek.

«The Washington Post oker dabil», idatzi du Prentsaren Askatasunaren Fundazioko zuzendari Trevor Trinnek The Guardian-en. Editorialean Snowdeni egotzitakoak puntuz puntu gezurtatu ditu Trinnek: kalteak oso esajeratuak direla; informatikariak ezin zuela salaketa bere nagusien aurrean egin, haiek zirelako salaturiko legez kanpoko egitasmoa gauzatzen ari zirenak; Snowden Errusian egotea Washingtonen errua dela, hark baliogabetu zuelako berriemailearen pasaportea informatikaria Latinoamerikarako bidean zegoenean. 1917ko Espioitzaren Kontrako Legepean Snowdenek ezingo lukeela «herritarren interesean» aritu izana argudiatzerik.

Snowdenek lau hedabideren esku utzi zuen informazioa: The Guardian, The New York Times, The Intercept eta The Washington Post. Lehenengo hirurek haren kontrako salaketa bertan behera uzteko eskatu diote AEBetako Gobernuari. Azkenak, ez. «Sarien ospea gozatu ondoren, milioika klik baliatu eta gero, hura posible egin zuen iturria AEBetako kartzela batean sartzeko eskatu du editorial batean. Halakorik egitea baino makurragorik ez dago», idatzi du Greenwaldek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.