Eider Goenaga Lizaso.

Kazetaritza egiten jarraitzeko

2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Martin Ugaldek Joxe Ariztimuño Aitzoli idatzi zion bere zutabean 1990eko abenduaren 6an. Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakia kaleratu zen egun hartan, eta Martin Ugalde bera eta Joan Mari Torrealdai ziren zutabegile gaur egun Ainize Madariagak eta Maialen Akizuk idazten duten tokian. Gizartearen babes eta ekarpen ekonomikoari esker, lan izugarria eginda eta oztopo askoren gainetik, Egunkaria kalean zen, eta hori zuen hizpide Ugaldek. «Beste ametsen artean Euskal Herriarentzat euskal egunkari bat nahi zenuen, eta horretarako milioi erdi bat pezetaren eskean ibili zinen, abertzaleok aginterik eta dirurik ez genuen hartan. Zeuk bazenekien, Lizardik bezala, egunkari euskaldun hori behar zuela euskarak, hau eguneroko notizien argitan piztuko bazen», idatzi zion Ugaldek Aitzoli.

BERRIAko erredakzioa. MENDI URRUZUNO
BERRIAko Andoaingo erredakzioa. MENDI URRUZUNO

Aurrekoek egindako lanari erreparatu zion Ugaldek, garai hartan nolako etorkizuna izango zuen ez zekiten arren etorkizun oparoa izango zuen egunkari haren lehen zutabe hartan. Eta, ordutik, ez du huts egin, oztopoak oztopo eta zailtasunak zailtasun. Eta ez dira oztopo makalak izan. 

Zuri-beltzean egin zuten egunkari hura, eta gerora etorri zen kolorea. Papera bakarrik egiten zuten 1990eko hamarkada hartan; Internetik ez zegoen, ezta kontsultarako ere. Internetek iraultza handi bat ekarri zuen komunikabideen sektorean, eta hasieran kontsultarako erreminta bat izan zena egunkariaren edukiak erakusteko eta zabaltzeko tresna bilakatu zen gero. Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenerako, papereko eduki guztiak webgunean izaten ziren hurrengo goizaldean. Eta 2003ko ekainean, aurten bete baititugu hogei urte, BERRIA egin genuen. Sarea, online, webgunea, digitalizazioa eta antzeko terminoak gure egunerokoan sartu ziren, ia oharkabean, baina pauso sendoz; aukera berriak zabaldu zitzaizkigun, baina baita gainditu beharreko erronka anitz ere. 

Garaietara egokitzen jakin du BERRIAk, eta etengabe egokitu beharrak geure buruaz etengabeko gogoetan aritzera eraman gaitu hogei urteotan. Hainbat aldaketa egin ditugu bidean; baina aste honetan gauzatu da inoiz egin dugun aldaketarik handiena

Kolorea, webgunea... eta, gero, sare sozialak eta ikus-entzunezkoak ere bai; podcastak eta Entzun Berria dira etxe honen azken apustu inportanteetako bat. Beti berrikuntzaren bidea urratzen, baina aurretik egindako bideari eta aurrekoek egindakoari inoiz uko egin gabe. 

Garaietara egokitzen jakin du BERRIAk, eta etengabe egokitu beharrak geure buruaz etengabeko gogoetan aritzera eraman gaitu hogei urteotan. Hainbat aldaketa egin ditugu bidean; baina aste honetan gauzatu da inoiz egin dugun aldaketarik handiena. Jantzia aldatu diegu gure edukiei —bai webgunean eta bai paperean itxura berria dute BERRIAko edukiek—, lan egiteko baliabide tekniko guztiak ordezkatu ditugu, eta barne antolaketa eta funtzionamendua irauli ditugu. «Eta zertarako halako aldaketa?», galdetu dezake batek baino gehiagok. Guk argi dugu erantzuna: Lizardik bezala, euskara eguneroko notizien argitan piztea nahi dugulako; Aitzolen ametsari segika, Euskal Herriarentzat euskal egunkari bat egiten jarraitu nahi dugulako; gure irakurleei gure onena eskaini nahi diegulako eta gure onena eskainiz, irakurle eta babesle gehiago behar ditugulako, proiektu hau babesteko; azken finean, kalitatezko kazetaritza egiten jarraitu nahi dugulako, euskaraz eta euskaratik.

Ikusi gehiago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.