Ukitu, usaindu, oparitu, metroan eraman, gainbegiratu, bildumatu. Pikara magazine-ren paperezko lehen zenbakia eskura daiteke jada. Internet edo hiriburuetako liburu dendetan eros daiteke genero ikuspegia lantzen duen aldizkari hori. June Fernandez aldizkariko zuzendariak (1984, Bilbo) dio paperezko lehen zenbakia argitaratzea «oparia» izan dela. Orain hiru urte ekin zion proiektuari, beste hiru euskal kazetarirekin batera, «emakumeen gela propioa, espazio aske bat» sortzeko. Kalitatezko kazetaritza eta genero ikuspegia uztartzen ditu, eta erreferentziazko hedabidea bilakatu da askorentzat: www.pikaramagazine-k 70.000 bisita inguru ditu hilero.
Zergatik erabaki duzue papereko bertsioa ateratzea?
Opari bat bezala izan da guretzat. Pikara ukitu ahal den produktu bat izatea nahi genuen, egongelan edukitzeko eta lagunekin partekatzeko. Internetek abantaila piloa du, eta oso baliagarria izan zaigu gure proiektua hedatzeko. Baina bagenuen kezka bat: Interneten dabiltzanak profil jakin batekoak dira. Aldizkari fisikoa izanik, beste profil batzuetako emakumeengana irits gaitezke. Dokumentazio zentro feministetan Pikara fisikoki egotea ere garrantzitsua iruditzen zitzaigun.
Kazetaritza generoaren ikuspegitik egiten duzue. Zer esan nahi du horrek, zehazki?
Komunikabide gehienetan dagoen ikuspegia oso androzentrikoa da. Hau da, gaiak eta bertan agertzen diren protagonistak gizonak dira, eta emakumeak bigarren mailan daude. Ekonomia sailean, denak enpresagizonak dira; kiroletan, beti gizon futbolariak. Horregatik, garrantzitsu deritzogu androzentrismo hori kolokan jarriko duen proiektu bat garatzeari. Edozein errealitate ikertzeko orduan, kontutan izaen dugu gizarte sexista batean bizi garela.
Adibidez?
Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma bat proposatzen duenean, kazetari moduan kontuan izan behar dugu horrek eragin desberdinak izango dituela generoaren arabera. Genero ikuspegi hori berdintasunaren aldeko konpromisoa da, baina baita kazetarion lana aberasten duen tresna bat ere.
Nola aukeratu dituzue lehen zenbakiaren edukiak?
Lehen urteko edukien artean aukeratu ditugu. Urte horretan oihartzun handia izandako testuak daude, gizarteko tabuak apurtzeko asmoaz kaleratu genituenak. Emakumeen eiakulazioari eta amaren bularra hartzeari buruzko artikuluek arrakasta handia izan zuten. Bestetik, Planeta atalean, Latinoamerikako gaiak daude. Kalitatezko erreportajeak, kultur edukiak eta eztabaidatsuak izan daitezkeen analisi eta iritzi artikuluak aurki daitezke.
Feminismoaz gain, beste gai asko ere lantzen dituzue.
Paperezkoan ikus daiteke gure gaiak askotarikoak direla. Gure konpromiso feminista beste konpromiso mota batzuekin uztartzen dugu: ekologismoarekin, internazionalismoarekin, arrazakeriarekin eta klaseen kritikarekin. Feminismoaren irakurketa binario eta sinplista baten aurrean, hau da, emakumeen esku-bideak bakarrik landu beharrean, beste pribilegio eta botereen aurkakoa ere bada gure ikus-pegia. Gure aldizkaria feminista da, baina baita antikapitalista, ekologista eta lesbianista ere. Izan ere, gure ustetan, diskriminazio eta zapalkuntza guztien artean badago lotura bat, eta ikuspegi horrek feminismoa indartzen du.
Emakumeentzat soilik da Pikara?
Ez. Komunikabide tradizional batean gaiak androzentrikoak dira, eta emakumeek egunkari horiek irakurtzen dituzte. Ondo legoke gizon bat gure edukiekin identifikatuta sentitzea, nahiz eta protagonistak emakumeak izan. Maskulinitatearen estereotipoei buruzko artikuluak argitaratu izan ditugu. Ez da emakumeek emakumeentzako eginiko produktua, baizik eta gizarte moduan sexismoaren inguruan hausnartzeko argitalpen bat.
Sexismoak soilik emakumeei eragiten die?
Paperezko alearen lehen erreportajea pikaramagazine.com-en kaleratu genuen lehena da: intersexualitate egoeran jaiotako haurrei buruzkoa. Artikulu oso adierazgarria da, gure apustua ez delako bakarrik emakumeen gaiei buruzko aldizkari bat egitea. Generoak eta sexismoak eragina du gorputz anitzetan. Emakumeen, pertsona transgeneroen zein intersexualen eskubideei buruz hitz egiten dugu.
Ideien topalekua da, beraz, Pikaramagazine.com?
Twitterren eta Facebooken bidez, topagune izaera hori indartu egiten da. Emakume askok adierazi digute Pikara-ko artikuluak eta beste pertsonen iruzkinak irakurrita ez direla hain bakarrik sentitzen. Ikusi dute eurek jasandako egoera sexista bat ez dela gauza bakana, emakumeen eskubideen urraketa kolektibo bat baizik.
Keinu hizkuntzako hiztegi feminista kaleratu duzue.
Gorrek oztopo asko dituzte ezagutza feministara hurbiltzeko. Hitz feministek ez dute keinurik, eta horiek garatu ditugu, 30 bat adituekin batera. Interneten bideoak jarri dugu, keinua nola interpretatu behar den erakusteko. Euskaraz eta gaztelerazko hiztegia da. Garrantzitsua da, horrelakorik ez baitzegoen orain arte.
Komunikazioa. June Fernandez. 'Pikara magazine'-ko zuzendaria
«Kazetarion lana aberasten du genero ikuspegiak»
Sexismoari buruz hausnartzeko ariketa proposatzen du 'Pikara magazine'-k. Paperezko lehen zenbakia kalean da jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu