Komunikazioa. Silvia Intxaurrondo. 'ETB Hoy' saioko aurkezlea

«Kazetariarentzat onuragarria da ahal den guztietan giroz aldatzea»

Intxaurrondok gidatzen du 'ETB Hoy'-ko eztabaida tartea; gai guztiak «hutsetik» landu nahi ditu kazetariak, «aurreiritziak ahaztuta».

Arnaitz Lasarte.
2014ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
SER katea, CNN+, Cuatro, W Radio Colombia, SER katea, berriz. Hamabi urtez Madrilen lan egin ostean etxera itzuli da Silvia Intxaurrondo kazetaria (Santurtzi, Bizkaia, 1979). Adela Gonzalezen lekua hartu du ETB Hoy saioan. Lehen bi asteetako «informazio uholdea» gaindituta, «gustura» dago. Madrilen apur bat galdu egin du euskara, eta gazteleraz erantzun ditu galderak. Hala ere, hitzeman du hurrengoan euskaraz erantzungo dituela.

Bi aste daramazu ETB Hoy saioa aurkezten. Ohi baino gorabeheratsugoak izan dira. Gogorra izan al da?

Saioa horrela hasteak izugarri motibatu nau. Kazetari batentzat luxua da horrelako informazio uholdearekin topo egitea. Niretzat bai, behintzat. Erronka ederra izan da. Saio bat hastean norberak pentsatzen du: «Lasaia izan dadila». Baina guk ez dugu astirik izan lasaia izan zedila eskatzeko ere. Cristina Borboikoaren inputazioarekin hasi ginen, eta geroztik ez gara gelditu. Pozik gaude. Zorionez, oso lantalde ona dugu: langilea, azkarra,....

Gaur-gaurko gaiak aztertzen dituzten saio asko daude egun. Besteetatik zertan bereizten da zuena?

Ahoan bilorik gabe hitz egiten dugu gure saioan. Guk ez dugu gai tabu. Ez dut esan nahi besteek badutenik, baina guk gaurkotasuna bertatik-bertara aztertzen dugu. Galdera guztiak egiten ditugu eta gai guztien inguruan. Dauzkagun zalantza guztiekin, baina aurreiritzirik gabeko begirada batekin. Gai guztiak hutsetik landu nahi ditugu, eta horretara gonbidatzen ditut ikus-entzuleak: ahatz ditzagunaurreiritziak eta konta dezagun gai bakoitza zertan datzan. Uste dut horrek bereizten gaituela besteetatik.

Ikus-entzuleen parte hartzeari garrantzia eman nahi diozue, beraz.

Noski. Oinarrizkoa da telebista publiko batean herritarren iritzia kontuan hartzea. Jendeak hitz egiteko gogoa du. Bada, parte har dezala zuzenekoan. Erredakziora dei eta esan dezala: «Gai hau interesgarria da», edo «gai honetan alde hau landu behar zenuten». Kazetariok ez dugu aritu behar pulpitu batetik. Herriko jendea gara, audientziaren artean bizi gara. Herritarren ezinegonen berri eman behar dugu.

Orain arte komunikabide pribatuetan egin duzu lan. Publiko batean hasi zara orain. Kazetari baten lana asko aldatzen du horrek?

Oraingoz, behintzat, ez dut aldaketarik nabaritu. Sekula ez naiz aritu nire kontzientziaren aurka. Sekula ez dut kontatu eman nahi ez nukeen informaziorik. Hemendik aurrera ez da desberdina izango. Nire ustez kontatu beharrekoa dena kontatzen segituko dut.

Silvia Intxaurrondo Iñaki Gabilondorekin lotzen du jende askok. Zer ikasi duzu harengandik?

Askotan galdetzen didate, eta ez dut uste inoiz erantzun berdinik eman dudanik. Komunikazioaren maisu bat da Gabilondo. Gauza asko erakutsi dizkit. Baina, bat nabarmentzekotan, lasaitasuna esango nuke. Urduritasun uneetan hiru segundoz arnasa hartzen erakutsi dit. Azken orduko berri bat iristean, adibidez.

Komunikabide batean ere ez zara egon luzaroan.

Komunikabidez aldatzea, erredakzioz aldatzea, beti da onuragarria. Erredakzio batean urte asko pasatzen badituzu lasaitzeko arriskua duzu. Etengabe giroz aldatzen bazara, berriz, asko ikasten da. Harreman berriak egiten dituzu, bestelako ikuspegiekin topo egiten duzu. Aldatzea gomendatuko nioke aukera duenari. Halere, badakit zein den gaur egungo egoera. Askotan, kazetariek ez dute aukeratzeko modurik. Nik zorte handia izan dut.

Zure curriculumeko alderdi bat deigarria da. Filologia arabiarra ikasi zenuen Madrilen. Zer dela eta?

Niri izugarri gustatzen zait nazioarteko informazioa. Pentsa, Balkanetako Gerraren garaian erabaki nuen kazetari izan nahi nuela. 14 urterekin, hango berri guztiei kasu egin nien: egunkarietan, telebistan, irratian. Harrigarria iruditzen zitzaidan berriemaile haiek zeukaten indarra. «Horiek bezalakoa izan nahi dut», pentsatu nuen. Hala, kazetaritza ikasketak amaitu nituenean munduko eremu batean espezializatzea erabaki nuen. Ikusi nuen herrialde arabiarrak interesgarriak zirela. Filologia ikasten hasi nintzen, herrialde horietara bidaiatzen... Eta justu ikasketak amaitzen ari nintzela iraultza arabiarrak lehertu ziren.

Ikasketa horiek lagundu al dizute zure ibilbidean?

Beti da interesgarria beste gai batzuk ezagutzea, beste jende batekin harremanak izatea. Gure barruan ixtera garamatzan guztia da kaltegarria kazetari batentzat. Kazetariak egunero jarri behar du zalantzan errealitatea. Hori egiteari uzten badiogu, kazetari izateari utziko diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.