Kate Begia erreportaje saioa estreinatuko du Irati Sarasua kazetariak urriaren 30ean ETB1en. Aktualitateari eta data esanguratsuei loturiko erreportajeak landuko ditu. Lehenengoan, Egin egunkariaren itxieraz arituko da. Bigarrenean, azaroaren 6an, Donostiako Zubieta auzoan egiten ari diren errauste plantaren inguruko ika-mika landuko du.
Aurten bete dira 20 urte Egin itxi zutela. Urteurren horren harira, egunkari horren egoitza izan zen eraikinera sartu da saioaren taldea, Javier Salutregi zuzendari ohiarekin eta beste bi langilerekin. «Erredakzioan elkarrizketatu genuen Salutregi, hari erredakzioa deitzerik badago». Garai batean bizitzaz, argiaz eta zarataz beteriko eraikina abandonaturik dago, Espainiako Poliziak itxi zuenetik. «Han ez dago argindarrik, sabaia erorita dago, dena hautsita dago, eta zoruan belarra hazi da: Egin zabalik zegoen garaiko irudiak ikustea latza egiten da han egon ondoren». Sarasuaren arabera, hondakinak ikusita, badirudi hogei urte baino askoz gehiago pasatu direla.
Langile ohien bizipenak bildu dituzte, eta han lan egitea nolakoa izan zen kontatuko dute. Salutregiz gain, Teresa Toda 1992tik 1998ra egunkariko zuzendariorde izan zena elkarrizketatu dute: «Kartzelaz eta epaiketaz hitz egin digute». Amaia Ereñaga eta Olatz Soto kazetariak agertuko dira saioan, baita Xabier Oleaga, Mirentxu Purroy eta Mariano Ferrer Egin-eko zuzendari ohiak ere, besteak beste. Euskadiko Artxibo Historikoan izan ziren, han gordetzen dutelako gaur egunkaritik salbaturiko hainbat agiri.
Ana Perez EHUko kriminologoak aztertuko ditu saioan Egin eta Euskaldunon Egunkaria-ren kasuetan adierazpen askatasunaren kontra eginiko erasoak, eta hedabideok «heriotza zibilera» kondenatu zituztela azalduko du.
Bigarrena, errauste plantaz
«Bi aldeen iritzia biltzen saiatu gara, gero ikusleak bere ondorioa atera dezan», esan du Sarasuak saioaren bigarren atalaren inguruan. Gipuzkoako zaborrak erretzeko planta datorren urtean amaitzea espero dute. «Errauste planta baten inguruan bizitzeak gaixotasunak —minbizia, esaterako— areagotzen dituela esateko ebidentzia argirik ez dagoela esaten duen sendagile bat elkarrizketatuko dugu, eta baita kontrakoa esaten duen beste bat ere».
Azken egunotan, epaitegiek, ebazpen batzuetan, arrazoia eman diete errauste planta gelditzen saiatu ziren EH Bilduko Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun ohiei. Hori erreportajean sartzeko aukera izan du Sarasuaren taldeak. Biak elkarrizketatu dituzte, baita haiek salatu zituzten gaurko Gipuzkoako Diputazioko buruak ere.
Asteartez emango dute Kate Begia, ETB1en, 22:30ean. Baina saioek ez dute segida finkorik izango. «Noizean behin egingo ditugu», esan du Sarasuak.
'Kate Begia' saioak 'Egin'-en itxiera eta errauste planta aztertuko ditu
Irati Sarasuak aktualitateari eta urteurrenei loturiko erreportaje tartea gidatuko du, ETB1en
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu