Carles Porta i Gaset (Vilasana, Katalunia, 1963) kazetari, idazle eta gidoilari prestigiotsua da. Lehendik ere bazuen ibilbide sonatua, baina Crims saioa eta true crime generoko beste dokumental batzuk egiteagatik boladan dago orain. La caza del Solitario dokumental saioa zuzendu du Movistar Plusentzat, eta Donostian aurkeztu du. «Zinema aretoa beteta ikustea aitortza polita da egindako lanari». Aipatu duenez, Gipuzkoako hiriburuan, herritar askok ezagutu eta gelditu dute.
Jaime Jimenez Arbe El Solitario banku atrakatzailearen inguruko dokumental saioa egin duzu. Asko idatzi izan da haren inguruan, baina zer du zuretzat berezia haren istorioak?
Deigarriena da gizon hau hamalau urtez bankuak lapurtzen aritu zela Espainia osoan, eta poliziek haren izena ere ez zekitela. Guk ikerketaren istorioa berreraiki dugu. Horregatik jarri genion izena dokumental saioari La caza del Solitario. Lapurraren pertsekuzioan lan egin zuten guardia zibilekin eta polizia nazionalekin hitz egin ahal izan genuen, eta horrek eman digu ikuspuntu oso indartsu bat: Guardia Zibila obsesionatuta zegoen, Espainiako Polizia Nazionala ere bai, eta zailtasun handiak izan zituzten ikerketan. Saioan ere agerian gelditzen da atrakatzailearen efizientzia. 36 bankutan egin zituen lapurretak, perfekzio harrigarriarekin. Bi minutu behar izaten zituen bankuan sartu, diruz hustu, eta handik alde egiteko. Polizia thriller indartsu bat egin ahal izan dugu.
Dokumentala Nafarroako Castejon herrian hasten da, Arbek bi guardia zibil tiroz hiltzen dituenean errepidean. Hasieran pentsatu zen ETA izan zitekeela.
Bai, 2004. urtea zen. Bi guardia zibil tiroka hilak, ETA izan zitekeen. Baina handik ordu gutxira Poliziak argi ikusi zuen ezetz, ez egiteko moduarengatik, ezta munizioarengatik ere. Balak ikertu eta ohartu ziren bat egiten zutela urte batzuk lehenago Castellon (Herrialde Katalanak) egindako lapurreta batekoekin. Orduan hasi ziren mamu horren bila: El Solitario-ren bila.
Polizia batek dokumentalean aipatzen du harrigarria izan zela lapurra hainbeste urtez hara eta hona ibili izana inork jakin gabe nor zen.
Ez dut uste aurretik halakorik baden, hainbeste urtez bankuak lapurtzen aritu den inor. Hamalau urtez aritu zen bankuak lapurtzen, eta haren izena ez zekiten! Halako lapurrek gehienera ere bi urte egiten dituzte horretan.
Ikerlarien elkarrizketak lortzea zaila izan al zen?
Ester Martin dokumentalistak eta Minaia Llorca gidoilariak sekulako lana egin zuten. Bi urte behar izan genituen elkarrizketa garrantzitsuenak egiteko. Zuzeneko protagonisten hitzak jaso nahi izaten ditugu. Jesus Mesa guardia zibila elkarrizketatu genuen, lapurrak Nafarroan hil zuen guardia zibilaren lagun gertukoa, eta kontatu zigun nola bizi izan zuen Arbe harrapatu zuten arteko denbora. Halako prozesuak ez dira errazak: sakon-sakonean arakatu behar duzu sumarioetan, prentsa bulegoekin hitz egin, ikerketan parte hartu zuten poliziengana jo...eta hori ez duzu lortzen telefono dei bat egiten.

Horrekin guztiarekin, thriller bat osatzen duzue ikuslea kateatzeko. Hori ere arte bat al da?
Bost urte daramatzagu modu honetan lan egiten. Guretzat garrantzitsua da kontatzeko modua, eta hori hiru oinarritan finkatzen dugu: zorroztasuna, errespetua eta narrazio erritmoa. Kazetaritza dugu abiapuntu, baina zinemara gerturatzen gara, fikzioaren narraziora. Ikusleari film bat irudituko zaio horrela, baina benetakoa da kontatzen dena.
Zergatik uste duzu dagoela hain boladan true crime generoa?
Jendeari benetako istorioak gustatzen zaizkiolako izango da. Baina esango nuke true crime izenburupean emititzen den guztia ez dela true crime. Erreportaje batzuk, behintzat, ez nituzke hor kokatuko. True crime genero narratibo bat da bere horretan, eta kostatu egiten zait benetako true crime eta ondo egindakoa aurkitzea.
Crims sekulako arrakasta izaten ari da Katalunian, ezta?
Bai, ikusle datuak harrigarriak dira: TVEko La Revuelta, Antena3eko El hormiguero eta Tele5ko La isla de las tentaciones ematen zuten ordu berean emititu du TV3ek saioa, eta haien datua halako bi izan dugu. Hori ez da egun batean lortzen. Krimenak modu elegantean kontatuko ez bagenitu, ez genuke hori lortuko. Istorio batek, ondo kontatua badago eta benetakoa bada, sekulako indarra du. Bestalde, nabarmendu nahi dut pantailan ageri diren guztiak gure senideak balira bezala tratatu behar ditugula.
Kamera aurrean lasaitasuna transmititzen duzu. Baina kazetaritzako tentsioak nola bizi izan dituzu?
Oso lasaia naiz? Akaso, bai. Kazetaritza muturretan bizi da egun: dena zuri edo dena beltz. Hedabideek, oro har, ez dute laguntzen pentsatzen jar gaitezen. Dena da konbentzitu nahia, informatu beharrean. Nik asko irakurtzen dut, eta liburuekin ez zara borrokan hasten.
Zure podcastek ere oso harrera beroa dute. Datuak ere ez dira makalak, ezta?
Podcasten eta telebista saioen artean, true crime-ko bostehun atal egin ditut. Telebistakoak 74 dira, eta gainontzekoak, podcastak. Hamar liburu ere argitaratu ditugu. Katalanezko podcastetan 50 milioi deskarga izan ditugu jada. Atal bakoitza milaka deskarga izaten ari da, eta eromena da. Podcasta niretzat egon daitekeen bidelagun onena da: zuk nahi duzunean hitz egiten du, zuk nahi duzunean isiltzen da, eta nahi duzunean egiten dizu konpainia. Entzun nahi duzuna kontatzen dizu, eta zurekin zuzenean hitz egiten du. Intimitate harreman erabatekoa sortzen du podcastak. Horregatik uste dut hazi direla hainbeste.