Herbehereetako SBS 6 telebista katean estreinatu zuten iaz Marble Mania saioa, familiei zuzendua: atal bakoitzean, hiru pertsonaia ospetsu platoan kaniketan jolasten jartzen dituzte. Arrakasta lortu du formatuak —gazteen artean, %24,8ko ikusle kuota—, eta bigarren denboraldia egingo dute. Horrez gain, Alemanian eta Belgikan egokitu dute. Berriki, TF1 kateak ere iragarri du bere bertsioa egingo duela. Formatu hori da Cannesko (Okzitania) MIPTV azokako Fresh TV aukeraketako esanguratsuenetako bat. Haurtzaroan kaniketan jokatzen zutenentzat izan dezake nostalgiako oroitzapen bat, bidenabar. Finalean, 6.000 kanika baino gehiago erabili zituzten.
Bada beste datu bat formatu horren arrakastaren erakusgarri: SBS 6 katean azkeneko bost urteetan ikus-entzule daturik onenak lortu dituen saioa da kanikena. Formularekin asmatzeak beste herrialde batzuetan saltzeko bidea eman dio kateari, gainera. Talpa Enterainment Productions ekoiztetxea da sortzailea.
MIPTVn herrialde gehienetako profesionalak bildu ohi dira, eta askotariko elkarrizketak izaten dituzte ekoizleek. Baina, iaz bezala, aurten, osasun larrialdiaren eraginez, Internet bidezkoak izan dira profesionalen hartu-emanak. Fresh TV formatuen aukeraketan, bestalde, urte bakoitzean genero bat gailendu ohi da. Aurten, askotariko lehiaketak azaldu dira. Gehienak nahiko ezagunak ikus-entzuleentzat, baina bariazio bereziak antzematen dira.
BBC2 kateak, adibidez, urte honen hasieran estreinatu du Bainjay konpainiaren Lightning lehiaketa. Lehiakideak zutik daudela, proba fisikoak egitearekin batera,kultura orokorreko galderak erantzun behar dituzte. Tankerakoa da Banijayk Alemanian estreinatu duen The Money Shot ere: quiz show fisiko bat.
BBC Studiosen The 1% Club lehiaketa ITV kateak estreinatuko du Erresuma Batuan, eta France2k Frantzian. Platoan dagoen publiko guztiak parte hartzen du jokoan, bukaeran hiru lehiakide finalera iristen diren arte.
Esperimentu sozialak
Cannesen aukeratu dituzten formatuen artean, esperimentu sozial hauek daude: All3media Internationalek Irlandan estreinatu du Eating with the Enemy—ikuspuntu guztiz desberdinak dituzten bi pertsona elkarrekin afaltzen jartzen dituzte—; Alemaniako Caught in the Net saioan, aktore heldu batzuk nerabeak balira bezala ari dira sare sozialetan, eta pedofilo batzuekin jartzen dira harremanetan —Txekiar Errepublikako dokumental batetik abiatu dira saioa egiteko—; Kataluniako Mediapro Studiosena da Dr. Paw formatu berria. Hor, psikologo batek animaliak erabiltzen ditu antsietatea, estresa edo depresioa duten herritarrei laguntzeko; Banijai konpainiak udan Erresuma Batuko Channel 4 katean estreinatuko du Future You, pisua galdu nahi dutenei argaltzen direnean nolakoak izango diren erakusten dien saioa; eta kaniken formatua sortu duen SBS 6 kateak beste saio bat estreinatu du martxoan: Kids Buy a House. Zenbait haurrek familia bat aukeratuko dute, tartean haien benetako gurasoak ez daudela.
Kanikak eta lehiaketa ugari
Cannesko MIPTV jaialdian egiten duten Fresh TV formatuen aukeraketan, askotariko lehiaketak nabarmendu dira. TF1 kateak 'Marble Mania' kaniken saioa egokituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu