Ikus-entzunezkoak

Kanalduderen eduki guztiak, sakelako telefonoetarako aplikazio batean

Kanalduderen aplikazioa doan deskargatzeko moduan da Android eta Apple sistemen denda digitaletan. Emankizunak zuzenean ikus daitezke, eta nahieran jaso daitezke katearen edukiak.

Kanaldude telebistaren aplikazioa. KANALDUDE
Kanaldude telebistaren aplikazioa. KANALDUDE
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 28a
05:00
Entzun

Kanaldude telebistaren edukiak ikusteko hainbat modu daude, eta gailu eramangarrietarako aplikazioan ere jaso daitezke orain. Android eta Apple sistemetara egokitutako aplikazio berria argitaratu du Kanaldudek, CodeSyntax enpresarekin elkarlanean, erabiltzaileei esperientzia eroso bat eskaintzeko helburuz.

Aplikazio berri horrek modua emango du eguneko 24 orduko zuzenekoaren berri izateko, eduki guztiak nahieran ikusteko, aste osoko programazioa argitan emateko eta erabiltzaileek beharrezkoak dituzten informazio gehigarriak biltzeko.

«Hedabideak eta ikus-entzunezkoak ikusteko moduak aldatuz doazen heinean, beharrezkoak dira ikusleengana iristeko tresna berriak», azaldu dute Kanaldudeko ordezkariek. «Lurraldeko telebista herritarren eskura egongo da modu eroso eta erabilgarri batean. Ez soilik Ipar Euskal Herrian, baizik lurralde osora zabaltzeko helburuarekin. Baita munduan barna ere. Lurraldeen mugarik gabe eta edozein pertsonari irekia da Kanaldude».

Alde horretatik, Kanaldude telebistak beste pauso bat eman du. Hedabidea garatuz eta egokituz doan heinean, telebista ikusteko eta edukiak nahieran jasotzeko modu berrietara egokitzen ari dira, Bidarrain (Nafarroa Beherea) egoitza duen telebistak nabarmendu duenez.

«Kanaldudek, lurraldeko telebista bat izanik, dinamika lokalak eta lurraldeen arteko trukaketak argitan ezartzen ditu, hurbileko informazio sozial bat eskainiz. Telebista parte hartzailea da, programen ekoizpenean herritarrei leku garrantzitsu bat ematen diena, eta edukien hedapenari begira molde eta euskarri ezberdinak plantan jartzen dituena», gaineratu dute euskarazko hedabideko kideek.

Aplikazioaren azala

Aplikazioa irekitzen delarik, goiburuan bilatzailea ikusiko da. Bilatzailearen ondoan, intereseko informazioak ikusteko atalera sartzeko botoi marraduna ageri da. Bertan, Kanaldude telebistaren aurkezpena, laguntzaile izateko irizpideak eta Ipar Euskal Herriko euskal hedabideen inguruko informazioak ikusteko aukera izanen dute erabiltzaileek. Aplikazioak aukera ematen du telebistaren jakinarazpenak jasotzeko filtroa eta asteko programazio osoa ikusteko ere.

Ondotik, 24 orduko zuzenekoa erakusten duen leihoa bada. Bertan klikatu, eta telebista pizten da. Zuzeneko leihoaren azpian, aste osoko programazioa ikusteko botoia aurkituko du ikusleak. Telebistaren zuzenekoaren eta programazioaren azpialdean, nahierako esperientzian murgilduko da ikuslea. Azken publikazioak izenburupean, telebistak hedatu azken hiru eduki berriak ikusgai izanen dira.

Azalean, azpialdean, bi botoi erabilgarri jarri dituzte: Zuzenean botoia, aplikazioaren hasierako leihora itzultzeko eta zuzeneko telebistaren ikusteko aukera lehenesten duena, eta Bideoak botoioa, nahieran unibertsoan sartuko duena ikuslea. Bertan, lerro ezberdinetan banaturik, azken publikazioak eta sail guztietako azken bideoak ikusgai izanen dira.

Jakina da telebista batek asteko zazpi egunetan 24 orduz edukiak hedatzen dituela. Eduki horiek iragartzeko, aste osoko programazioa ikusteko aukera dago aplikazioan. Programazioa atalean, ikusgai dira astelehenetik igandera hedatuko dituzten eduki guztiak. Zentzu editorialean, egunero hitzordu berri bat ezarri dute. Asteartean, Harri saldatalk show-a —hilean behin, Herenegun saioa, artxiboko irudietan oinarritua—; asteazkenean, serieei dagozkienak; ostegunean, dokumentalak; ostiralean, musikari zuzendu edukiak; larunbatean, fikzioak; eta igandean, ikusgarriak.

Nahieran esperientzia

Kanaldude.eus webgunea oinarri hartuta, aukera jarri dute aplikazioan nahieran ikusteko telebistan hedatzen dituzten eduki guztiak. Horretarako, sail eta programa batzuk nabarmendu dituzte. Sailen artean fikzioak aurki daitezke, erreportajeak, ikusgarriak, gertakariak, hitzaldiak, dokumentalak, emankizunak, kirolak, musika eta serieak.

Programetan, berriz, Jo pilota (esku pilota partidak), Influx (euroeskualdeko magazin kulturala), Harri salda (asteroko talk show-a), Zinez (zinemari buruzko saioa), Herenegun (artxiboko irudiekin sortu saioa), Hurbiletik (erreportaiak), Badadoa (bideojokoak oinarri, hainbat gairi buruzko gomitak), MUAK (euskal plataforma digitala) eta Hesteka (Rap emankizuna).

Nahieran esperientzian murgiltzeko, bilatzailea ere jarri dute, erabiltzaileak intereseko edukiak aurkitu ditzan. Bilatzailea ikusgai izanen da aplikazioko leiho guztietan.

Android eta Apple sistemetarako aplikazioa da, eta Play Store zein Apple Store denda digitaletan deskarga daiteke, doan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.