Andeetako mendikateko jatorrizko herria da Kolla. Argentinako iparraldeko probintzia batean bizi dira, Juyuin, eta hango errealitatea hobeto ezagutzeko aukera ematen du Erresistentzia gunea dokumental saioak, heavy musika talde baten bizipenen bidez. Lana hiru zatitan banatuta dago, eta Kanaldudek gaur, uztailaren 3an eta uztailaren 10ean emango du —hiru atalak, 20:30ean—. Dokumentala gaztelaniaz da, eta euskarazko azpidatziekin ikus daiteke.
Aqueronte Producciones eta Les Films du Texmex ekoiztetxeek egin dute dokumental saioa, The Pit eta Kanalduderen parte hartzearekin. Jujuy Argentinako probintziarik handiena eta pobreena da. Baina, dokumentalaren egileek diotenez, «erresistentzia lur bat ere bada».
Tribu indigenen borroka ikusiko da dokumentalean; haietako batzuek heavy metal talde bat osatu dute. Besteak beste, kantetan megameategien aurka abesten dute. Matxinatu diren emakumeen ahotsak ere entzungo dira hiru atal horietan. Saileko lau protagonistak Manuel, Mariela, Carlos eta Lizarra dira. Heavy metalaren bidez aurkitu dute beren bizitzeko nahia, eta aldarriak zabaltzeko bozgorailua.
Dokumental saioa Kanalduderen webgunean eta aplikazioan ere ikusi ahalko da.