Goiena telebistako aurkezlea eta bizikletan ibili zalea da Julen Iriondo (Oñati, 1979). Iragan urteko uztailean, Alpe Handietako ibilbidea egin zuen bizikleta gainean. Leman lakuan hasi zuen abentura, Thonon les Bains herrian (Frantzia), Suitzarekin mugan. Bederatzi egunen buruan, eta ia zazpiehun kilometro hanketan pilatu ostean, Mentonen bukatu zuen (Frantzia), Mediterraneo itsasoaren ertzean. Bidaia hartan harturiko irudiekin, Pedalka saioa egin dute orain Goiena Telebistan. Ostegunetan 21:50ean ematen dute, eta bigarren atala emango dute bihar. Goiena.net atarian ere ostiralero jartzen dute ikus-entzunezkoa.
Nola sortu zen saioa egiteko ideia?
Nik bidaia batean hartutako irudiak aprobetxagarriak zirela ikusita, saio bat egiteko baliatu ditugu. Hala ere, hasierako helburua ez zen saioa egitea. Gogoa nuen bizikletan bidaia hori egiteko, eta libre nituen egun batzuk aprobetxatu nituen. Kamera eraman nuen, gauza polit bat grabatuz gero telebistarako aprobetxatzeko asmoarekin. Material dezente ekarri, eta saioa egitea erabaki genuen.
Lana eta aisialdia uztartu dituzu, beraz.
Egia esan, oso gustura ibili naiz. Kamera eramateak jende askorekin hitz egiteko aukera eman dit, bidaia beste era batera gozatzeko modua. Ez ditut bakarrik lekuak ikusi; mota askotako jendearekin ibili naiz. Kamerak asko aberastu du bidaia bera. Ahalegin bat eskatzen du bizikletak, baina gozamena izan da.
Bakarrik egin al zenuen bidaia?
Bakarrik joan nintzen, baina behin ere ez nintzen bakarrik sentitu. Inorekin ez nengoenean, kamerarekin hizketan aritzen nintzen.
Zer ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek?
Ez da kirol saio bat. Ibilbide bat aitzakia gisa hartuta, horren inguruko paisaiak, hiriak, herriak eta lekuak erakusten ditugu. Mota askotako jendea ere agertzen da, baina ez dute zerikusirik bizikleta edo bidaiatzeko modu horrekin. Azken finean, bidean topatutako askotariko jendea da. Horrez gain, datutxo batzuk ematen ditugu jakin-mina izan dezaketen herri edo lekuen gainean ere, astunegi izan gabe. Bizikleta gainean bidaia kontatuz joaten naiz, eta kamera aurreko batzuk ere egiten ditut.
Euskaldunekin topo egin al zenuen?
Egia esan, oso euskaldun gutxirekin egin nuen topo. Nire estrategia Euskalteleko maillota eta ikurrina bistan eramatea zen. Uztailean eta Alpeetan euskaldun batzuk izango zirela pentsatzen nuen. Frantziako Tourra han ingurutik pasatzen zen, baina ez nire ibilbidetik. Nik uste dut euskaldun gehienak Tourra ikusten egongo zirela.
Beste horrelako saio bat egiteko asmorik ba al duzu?
Saioa egiteko ez dakit; horrelako beste bidaia bat egiteko bai, baina ez dut baztertzen kamera eramatea. Gurearen moduko hedabide txikietan, askoz ere askatasun handiagoa dago material txukun bat ekarriz gero telebistan emateko. Iniziatiba edukiz gero, ez da trabarik izaten, eta hori zorte handia da. Gauza desberdinak eskertzen dira.
Komunikazioa. Julen Iriondo. Goiena telebistako aurkezlea
«Kamera eramateak bidaiaz beste era batera gozatzeko aukera eman dit»
Hamabi orduko grabaketa ekarri zuen Julen Iriondo aurkezleak Alpeetara bizikletan eginiko bidaiatik. Materiala baliagarria zela ikusi, eta 'Pedalka' saioa ekoitzi dute Goiena telebistan .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu