Komunikazioa

Kaliforniako euskal artzainek bizi izandakoak, 40 urteren ondoren

'Artzainen itzulera Kaliforniara' dokumentala emango dute gaur gauean ETB1en, 21:45ean

Julian Iantzi, lehena eskuinetik. Hark gidatuko du AEBetako artzainei buruzko dokumentala. EITB.
Adrian Garcia.
2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Berrogei urteren ondoren Kaliforniara, AEBetara, itzuli diren euskal artzainen istorioa kontatuko dute gaur gauean ETB1en, 21:45ean. Duela mende erdi inguru izandako bizipenak gogoratuko dituzte artzainek, lan egin zituzten lekuak bisitatuko eta Atlantikoaren bestaldean utzitako senitartekoak ikusiko. Bi atal ditu Artzainen itzulera Kaliforniara dokumentalak. Bigarrena, abenduaren 15ean emango dute, igandearekin.

Laura Iantzi da ikus-entzunezkoaren sustatzaileetako bat. AEBetan jaiotakoa da Iantzi; haren aitak Kalifornian lan egin zuen artzain gisa. Urte dezente daramatzate euskal artzainen bilkura egiten. «Askok aipatzen ziguten AEBetara joateko asmoa zutela, ez zirela bakarrik joatera ausartzen, eta ea bidaiaren bat antolatzen genuen», azaldu du.

Berrogei lagun ingururentzako bidaia antolatzen hasi ziren, baina espero ez zuten interesa sortu zuen proiektuak. «81 lagun bilduta itxi behar izan dugu bidaia, eta batzuk joan gabe geratu dira». Orduan otu zitzaion Iantziri bidaia grabatzeko ideia, «momentu hunkigarri» horien testigantzak gordetzeko. Iantzik ez zuen, baina, edozeinek grabatzea nahi, bidaia horretan une «oso bereziak» izango baitziren.«Euskal artzainen gaia ezagutzen zuen norbaitek egitea nahi nuen».Horregatik hots egin zion Julian anaiari.

«Oso bidaia hunkigarria izan da», adierazi du Julian Iantzik. Artzainek ezuste asko topatuko dituzte, urte horietan guztietan asko aldatu baita haiek lan egindako ingurua. Hamar egunean han utzitako lagunekin eta senideekin elkartu, eta han bizi izandakoak, bitxikeriak eta lan baldintzak gogoratu dituzte.

Gaiari buruzko beste dokumental batzuk eginak ditu Julian Iantzik, bainabidaia honetan ikasi du gehien. «Orain irudikatu ahal izan dut aitak zer baldintzetan lan egiten zuen».

Ez baitzuten lan samurra Ameriketara joandako euskal artzainek. «Askori kontratu-tranpak egiten zizkieten. Nahi eta nahi ez mendian lan egin behar zuten ardiekin gutxienez hiru urtez. Paperak eskuratzeko, bi kontratu izan behar zituzten». Urtea pasatuta kobratzen zutenaskok lehen soldata. «Batzuek etxera itzuli nahi zuten ezin zutelako gehiago jasan, baina ezin zuten, dirurik ez zutelako».

Langile ospea

Euskaldunek segituan erakutsi zuten beren lan egiteko modua. Julian Iantzik dioenez, nagusiek beti nahi zituzten euskaldunak hartu lanerako. «Langile finak eta hitzeko pertsonen ospea zuten».

Dokumentaleko protagonistek «transmititutako ilusioak» txunditu du gehien Laura Iantzi. «Han sortu duguna ikaragarria da. Negarrez hurbildu zaizkigu besarkatzera bidaia antolatzeagatik eskerrak ematera. Haientzat mundiala izan da».

Iantziren aita 1950eko hamarkadaren hasieran joan zen AEBetara lanera. «Hemen lana bazegoen; dirua ez, ordea». Emigratzen zutenak poltsikoa bete diru itzultzen zirela ikusita, askok bide berbera egitea erabaki zuten.

ImmigrazioakEuskal Herriko hainbat landa eskualdetan onurak ekarri zituen. «Diru horrekin baserriak erosi, moldatu eta etxeko zorrak kitatu zituzten. Beste bizimodu irekiago bat ezagutu zuten. Ekonomikoki eta kulturalki asko aberastu zuen ingurua».

Adinekoak dira joandako gehienak, eta, askorentzat, AEBetara itzultzeko azken aukera izan da. «Batzuek 30 urte eman dituzte elkar ikusi gabe. Askok ez dute izango horrelako beste aukerarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.