Aintzane Bolinaga: «Kaleko kazetaritza gustatzen zait gehien»

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak Euskal Kazetariak saria emango diote gaur Aintzane Bolinagari, Bilbon. Berrogei urteko ibilbidea egin du Bolinagak EITBn.

Aintzane Bolinaga kazetaria. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Aintzane Bolinaga kazetaria. MONIKA DEL VALLE / FOKU
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 5a
05:00
Entzun

Euskal Telebistan lanean berrogei urte egin ditu Aintzane Bolinaga kazetariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1962). Askotariko lanak bete ditu albistegietan, eta editore ere aritu izan da. Gaur egun, berriemaileen taldean ari da. «Harriduraz» hartu zuen saritua izango zelako berria.

Errefuxiatu sahararren kanpamentuetan izan zara berriki, erreportaje batzuk egiten. Nola joan zen bidaia?

Nahiko gogorra. Bagenekien ez gindoazela paradisura; egoera gogorra topatuko genuela bagenekien, baina niri uste baino gogorragoa iruditu zait. Hunkituta etorri naiz, kezkatuta, eta ikusi dut herri bat erresistentzian dagoena. Baina etorkizun handirik gabe, eta galdera asko sortzen zaizkizu: munduak nola izan dezakeen horrelako jende talde bat egoera horretan bizitzen; eta zer espektatiba, eta zergatik? Merezi ote duen horrelako bizitza izatea, beste alternatiba erosoago batzuk baztertuta... Miretsi egiten dituzu. Kosta egiten da...

Askotan egokitu zaizu kanpora joatea erreportajeak egitera. Zer lan bidaia berezi nabarmenduko zenuke?

Albistegietan lau lagun gaude berriemeileen taldean. Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi eta bi hilabetera, bidaia berezi bat egokitu zitzaidan: Ukrainak muga duen hainbat herrietara joan ginen. Hamar egunez izan nintzen Moldavian, Errumanian eta Polonian. Oso interesgarria izan zen. Kazetari batentzat, horrelako esperientzia bat oso aberasgarria da.

Euskal Herrian batera eta bestera ere ibili behar izaten duzu.

Bai, hori da berriemailearen lana. Kalea da egin dezakedan gauzarik politena. Kalean lan egitea gustatzen zait. Jendearekin hitz egin, eta istorioak kontatu.

Gehiago gustatzen zaizu hori editore lana baino?

Bai. Bakoitzak berea du. Editore lana ere gustatzen zitzaidan. Baina une honetan berriemailearen lanarekin asko disfrutatzen ari naiz. Neure burua libre sentitzen dut, istorioak guk planteatzen ditugu, eta alde horretatik oso ondo konpontzen gara lantaldean. Momentu honetan, hau da egin nahi dudana.

«Kazetari on batek, lehenik eta behin, jakin-mina izan behar du. Edonola ere, bitartekoak, ondo prestatutako kazetariak eta denbora behar dira kazetaritza ona egiteko»

Kazetaritza ona egiteko, zer da garrantzitsuena?

Ez dut horren inguruan askorik pentsatu. Baina kazetari on batek, lehenik eta behin, jakin-mina izan behar du. Edozein gauza dela, jakin-mina, eta galdera zerrenda amaigabea. Gehiago jakiteko grina funtsezkoa da. Edonola ere, bitartekoak, ondo prestatutako kazetariak eta denbora behar dira kazetaritza ona egiteko.

Euskal Kazetariak saria jasoko duzu gaur. Zer pentsatu zenuen saria emango zizutela esan zizutenean?

Ezustekoa hartu nuen. Harridura sentitu nuen. Ni ez naiz oso korporatibista. Pribilegioa eta zortea izan dut asko gustatu zaidan ogibide batean lan egiteko. Zortea izan dut komunikabide indartsu batean lan egiteko —hedabide publikoa, horrek esan nahi duen guztiarekin—. Nirekin karrera amaitu zuten beste batzuk ezin izan ziren lanbidean aritu. Sariarekin harrotasun pixka bat ere sentitu dut, ez dut gezurrik esango.

Epaimahaiak esan du «eredu» zarela,  «eta ogibidearentzat harrotasun motibo».

Hala esan badute, poz handia da niretzat, baina ez dakit ez ote den gehiegi.

Erretiroa hartu aurretik saria jasotzea hobe, erretiroa ate joka dagoenean baino?

Lotuta doaz halakoak. Kazetari beterano bat naiz, eta atea hor daukat joka ogibidea uzteko. Ez dakit ez ote den lanbidea utzi aurreko aitortza bat.

Palestinako kazetarientzat izango da gaur beste sarietako bat. Zer iritzi duzu egoera horretaz?

Onartezina da gertatzen ari dena. Duela hamar urte inguru Zisjordanian egin nituen egun batzuk, eta handik ere oso ukituta eta asaldatuta etorri nintzen. Gazakoa sarraski bat iruditzen zait, neurrigabekoa. Bizitza arriskuan jarri duten hango kazetariei esker jakin ahal izan ditugu han gertatutako kontu asko. Beste herrialdeetako kazetariei ateak ixtea anikilazio programa baten parte dela iruditzen zait. Mendebaldeko kazetariok gehiago aldarrikatu beharko genuke informatzeko eskubidea. Mikel Aiestaranek sarri esaten du kanpoko kazetariei ez zaiela uzten hara joaten.

Duela urte batzuk, PPk kritikatu egin zuen Eusko Jaurlaritzako sailburu baten emaztea ETBko albistegien editore izendatu izana. Nola bizi izan zenuen egoera hura?

Ez zen PP izan kritikak egin zituen bakarra. ETB barnean, sindikatu batek ere kritikatu zuen. Ni kazetari batekin ezkondu nintzen, ez politikari batekin. Gure bizitzan bakoitza saiatu da bere lana ahalik eta ondoen egiten. Ez nituen ondo ulertu kritika haiek; ni profesional bat nintzen, eta nire senarrak zer lanbide duen aparteko kontua da.

Semeetako bat ere kazetaria duzue, ezta?

Bai, ikasketaz filologoa da, aita bezala. Baina kazetaritzaren harra sartu zitzaion, eta orain Baleuko ekoiztetxean ari da lanean, gidoilari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.