Aste honetarako eta hurrengorako programazio berezia prestatu du ETB3 kateak. Tartean, Kaleko futbola izeneko marrazki bizidun berriak ikusi ahalko dira: astelehenetik ostiralera, 20:00etan, eta larunbatean eta igandean, 14:00etan. Dragoi Txiki eta Blues haren futbol taldearen gorabeherak dira marrazki horien ardatza.
Bestalde, ETB3k hainbat film emango ditu bazkalostean (15:30): gaur, bihar eta etzi, Doraemonen marrazkiekin lotutako filmak izango dira; igandean, Gazte harrigarria, T.S. Spivet filma ikusi ahalko da; hilaren 10etik 14ra, Doraemonen film gehiago iritsiko dira; eta hilaren 16an, Ernest eta Celestine filma emango dute.
3 Ene Kantak saioaren atal berriak ere iritsiko dira larunbat honetan eta hilaren 15ean. Magia, eskulanak, abesti berriak eta askotariko kontuak izango dira programa horietan.
3 Klubeko kideen argazkiekin osatutako Zorionak tarteak ordutegia aldatuko du aste honetan eta hurrengoan: goizeko emanaldia 09:30ean izango da; eguerdi partekoa, 14:00etan; eta iluntzekoa, 20:00etan.
Egunotan, halaber, Sorgin baldarra eta Hardball telesailen atalak izango dira ikusgai.
ETB3 katea hilaren 17an itzuliko da ohiko programaziora.
'Kaleko futbola' marrazki bizidun berriak emango ditu ETB3k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu