Hilberria

Juan Luis Bikuña kazetaria hil da

ETBko 'Teleberri' albistegiaren lehen aurkezlea izan zen. 'El Punto' saioan 1.400 elkarrizketa baino gehiago egin zituen.

Juan Luis Bikuña kazetaria. ETB
Juan Luis Bikuña kazetaria. ETB
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 14a
11:00
Entzun

Hainbat urtez Euskal Telebistako ohiko aurkezlea izan zen Juan Luis Bikuña kazetaria, eta telebista publikoaren data garrantzitsu baten parte ere izan zen: 1982ko abenduaren 31n egin zituen ETBk lehen emankizunak, eta Teleberri gaztelaniazko albistegia 1983ko abenduaren 19an eman zuten aurrenekoz. Bikuña izan zen albistegi horren aurkezlea egun hartan, baita ondoren ere, luzaro. Bergaran (Gipuzkoa) jaioa, atzo hil zen Bikuña, 78 urte zituela, gaixotasun luze baten eraginez. Hileta elizkizuna bihar izango da, ostirala, 19:00etan, Bergarako Santa Marina parrokian.

ETBko albistegietan hasi aurretik, Bikuñak Efe agentzian egin zuen lan, baita La Voz de España, Deia eta El Correo Español egunkarietan ere. 1983an hasi zen ETBn lanean, eta bertan egin zuen lan 23 urtez, 2006an erretiroa hartu zuen arte. Euskaraz ondo egiten zuen.

ETB kate bakarra zen Teleberri gaztelaniazko albistegiak bidea hasi zuenean. Lehen albistegiak euskaraz egiten hasi ziren, 1983ko otsailean, Luis Alberto Aranberri Amatiño aurkezle zela —Amatiño bera zen albistegietako zuzendaria—. ETBko lantaldean bazekiten lehenago edo geroago gaztelaniazko albistegiak iritsiko zirela. Hala izan zen urte hartako abenduan. Bestetik, abenduaren 19aren ostean, ETBko kate bakarrean honela antolatu zuten programazioa: gaztelaniazko programazioa 13:00etatik 15:00etara —tartean, Teleberri albistegia—, eta euskarazko programazioa 19:00etatik 22:00etara —tartean, Gaur egun albistegia—.

1986ko maiatzaren 31n sortu zuten ETB2 katea. Orduan aldatu egin zen Euskal Telebistaren hizkuntz banaketa: ETB1 euskara hutsezko kate bilakatu zen, eta ETB2 kate berria erabat gaztelaniaz emititzeko kanala bihurtu zen. ETB2 kateko albistegian aritu zen Bikuña urte luzez. Bainabeste saio batzuk ere egin zituen kate horretan: esaterako, El Punto goizeko albistegia —bertan, 1.400 elkarrizketa baino gehiago egin zituen—. El lehendakari responde eztabaida programa ere aurkeztu zuen Bergarako kazetariak.

Amatiñok ondo baino hobeto ezagutu zuen Bikuña, eta honakoa nabarmendu du haren inguruan: «Orain normaltzat eta ezinbestekotzat jotzen dugun guztia —demokrazia, euskal erakundeak, euskal hedabideak, euskal unibertsitatea...— ez zegoen garaian, Juan Luis kalez kaleko kazetaria zen. Telefono gidan berriemaile jartzen zuen bakarra. Beti jakin izan zuen zer izan nahi zuen, eta beti izan zen».

Bikuñak zituen zaletasunen artean Iruñeko sanferminak eta zezenketak zeuden. Hala, ETBko Txoko taurino saioa aurkeztu zuten denboraldi batzuetan. Sanferminetako kronika ugari egin zituen EITBko hedabideentzat. Bilboko zezen plazako administrazio batzordeko kidea izan zen, eta zezenzale elkarte batek baino gehiagok omendu zuten.

Liburuak

Egunkarietan eta telebistan egindako lanaz gainera, Bikuñak zenbait liburu idatzi zituen. 2003. urtean, Iriaun frantsesen urrea eta Elosu liburua argitaratu zuen euskaraz. Handik urtebetera, Bergarako batzokiaren mendeurrenari buruzko liburu bat idatzi zuen. Bergarako Musika Bandaren 175. urteurrenean, banda horren inguruko liburua ere idatzi zuen. Lan horiek erakusten dute kazetariak lotura handia zuela jaioterriarekin.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.