«Josu Urrutikoetxearen 50 urteko militantzian ez ezik, haren oroitzapenetan, bizipenetan, emozioetan, sentipenetan, haurtzaroan, nerabezaroan eta militantzian barrena egindako bidaia da dokumental saioa». Hala dio Irrintzi Films ekoiztetxeakRebelde-Josu Urrutikoetxea lau ataleko dokumental saioaren aurkezpenean. Hilaren 30ean estreinatuko dute lana Irrintzifilms.com webgunean. Ez da doakoa izango: atal bakoitzaren prezioa 3,50 eurokoa izango da, eta, osoa alokatuz gero, lau kapituluek 11 euroko kostua izango dute. Atal bakoitzaren alokairua 72 ordurako izango da, eta osorik alokatzen duenak astebete izango du ikusteko. Ezingo da deskargatu, streaming bidez ikusten baita.
Saioa euskara hutsean da; gaztelaniazko eta frantsesezko azpidatziak izango ditu. Lorentxa Beirye eta Aitzol Gogorza preso ohiek egin dituzte frantsesezko azpidatziak.
Juan Luis Napal da dokumentalaren egilea: «Urrutikoetxea txikitatik ezagutzen dut», hasi du azalpena. «Nire aita ere errefuxiatua izan zen. Josuren alaba Iratirekin joaten nintzen eskolara, lagunak ginen txikitatik». Kontuan hartu behar da dokumental saioaren egitasmoa Jordi Evoleren No me llames Ternera baino askoz lehenagokoa dela. «Urrutikoetxea kartzelatik atera [2020] eta Euskal Herrira etorri zenean [2021], esan nion gustatuko litzaidakeela haren bizitzari buruzko lan bat egitea», gogoratu du Napalek. Elkarrizketa bat egin zuten, dokumental bat, eta aurrestreinaldi bat Hendaian (Lapurdi), 2022ko ekainean. «Baina ez ginen gustura gelditu. Ordubetean zaila baitzen kontatu nahi zuena jasotzea».
Ikusi gehiago
Ia zortzi orduko elkarrizketa egin zuten gero ETAko kide ohiarekin. «Memoria ona du, eta gutxi errepikatzen da. Ikusi genuen zaila zela ordubetera eramatea, eta hortik sortu zen dokumental saila egiteko asmoa». Modu honetan dago saila banatuta: lehen atalean, haurtzarotik ihes egiten duen arte; bigarrenean, sasian, 1980ko hamarkada, GALen garaia... Hirugarrenean, 1990eko hamarkada: kartzela, eta Eusko Legebiltzarreko garaia. Eta laugarrenean, ETAren azken etapa eta haren azken urteak.
«Ez Josuk, ez guk, elkarri ez genion baldintzarik jarri elkarrizketa egitean. Haren haurtzarotik egindako bidea kontatu nahi genuen. Faxismoaren eraginez, nola joan zen ideia politikoak sortuz. Haren bizitza jakin nahi genuen, haren haurtzarotik hasita», dio dokumentalaren zuzendariak. «Uste dugu hau ere memoria historikoa dela, eta gazteek ezagutu beharreko kontu asko dituela dokumentalak».
Irailean, liburu bat
Irrintzi Films ekoiztetxeak bere poltsikotik finantzatu ohi ditu dokumentalak. «Normalean, gero, kultur etxeetara eta udaletara jo izan dugu, haiei saltzeko. Kontua da kasu honetan, Urrutikoetxearen gaiarekin, udalak ez direla ausartuko proiektatzera. Elkarte batzuen deiak jasotzen ari gara, haien egoitzetan proiektatzeko. Baina kontziente gara kultur etxe bat ez dela ausartuko lana ematera». Horregatik erabaki dute lana Interneten alokatzeko moduan estreinatzea.
Irailari begira, bestalde, pendrive bat eta liburu bat sortzeko lanean ari dira Irrintzi Films ekoiztetxekoak.
Dokumental sailean Urrutikoetxearen hitzak dira nagusi. Baina ageri dira kolaboratzaile batzuk: Garazi Barrena Urrutikoetxearen bilobak Ken Zazpiren abesti bat kantatuko du; Jon Garmendia eta Xabi Solano ere ageri dira, olerki bat errezitatzen eta trikitia jotzen; Niko Etxartek ere parte hartzen du, baita Maider Zabalegik ere.
Napal eta bere taldekideak estreinaldia iristeko gogoz daude. «Badakigu non bizi garen. Kaleratzen denean, alde guztietatik emango digute, baina onartzen eta asumitzen dugu. Gure ekarpen txikia egin nahi diogu Euskal Herriari. Baina kontziente gara gaiaz hitz egingo dela, eta gainean izango ditugula», aitortu du Napalek.
Urrutikoetxea bera izan da dokumental saioa amaituta ikusi duen lehenengoa. Emaitzarekin «pozik» dagoela aipatu du Napalek. «Urrutikoetxeak euskal gizarteari helarazi nahi dio bere bizitza zer izan den, eta horregatik dago euskaraz egina». Edonola ere, egileak jakitun dira Euskal Herritik kanpo ere izango dituztela ikusleak. Hain zuzen ere, azkeneko egunetan hainbat herrialdetan ari dira herritarrak ekoiztetxearen webgunea bisitatzen.