Joseina Etxeberria, Gazteatik Euskadi Irratira

Gazteak 'Premium' albistegia estreinatuko du. Odile Kruzetak adierazi du Euskadi Irratiak «hurbiltasuna» izango duela ardatz

Joseina Etxeberriak Kantu kontari aurkeztuko du Euskadi Irratian. EITB.
urtzi urkizu
2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Sortu zenetik Gaztean aritu ostean, Joseina Etxeberria esataria Euskadi Irratian ariko da hilaren 11tik aurrera. Egunero Kantu kontari musika saioa aurkeztuko du Etxeberriak, 15:00etatik 16:00etara. «Euskadi Irratira nator bizi guztian egin dudan zerbait egitera: lagunei musika jartzera», adierazi du esatariak. EITBko irratiek denboraldi berria hasiko dute bihar, eta eskaintza «handiagoa» eta «pertsonalizatuagoa» egiten saiatuko direla iragarri dute. Odile KruzetaEITBko irratietako zuzendariak nabarmendu du gertutasunak ematen duen indarrarekineta teknologia berriez baliatuta egingo diotela aurre ahalegin horri. «Euskadi Irratian hurbiltasunak garrantzi handia izango du, programazioaren ardatz garrantzitsu gisa», gaineratu du Kruzetak.

Euskadi Irratiko goizeko programazioa bihar itzuliko da ohikora. Maite Artolak eta bere lantaldeak informazioa landuko dute, 07:00etatik aurrera. Lekukoa Manu Etxezortuk hartuko dio, 10:00etan. Solasaldietan izango da ahots berririk; asteartetan, adibidez, Nerea Ibarzabal kazetari eta bertsolaria Xabier Amurizarekin eta Carlos Cidekin batera ariko da.

Alaia Martinek eta Artzen Letonak bigarren urtez Zubiak saioa gidatuko dute. Euskadi Irratiak eta France Bleu Pays Basque irratiak elkarlanean ekoizten dute saioa, eta aurten Iruñeko Euskalerria Irratiaren kolaborazioa ere izango dute. Asteazken gauetan entzun ahalko da.

Albistegi bat Gaztean

Gazteak proiektu informatibo berezi bati helduko dio denboraldi honetan: Premium. Gazteentzako albistegi propioa izango da. Astelehenetik ostiralera emango dute, 13:00etatik 15:00etara, eta Ainhoa Urretabizkaia esatariak gidatuko du. Gaur-gaurko gaiez gain, sare sozialetan gertatzen dena, musikaren inguruko berrikuntzak eta beste irratsaioetako unerik onenak emango dituzte. Kruzeta albistegiaren berezitasunaz mintzatu da: «Gazteen interes informatiboak, informazioa kontsumitzeko dituzten moduak eta informazioa eskuratzeko jarraitzen dituzten bideak bereziak dira. Horregatik sortu dugu Premium».

Radio Euskadin, goizak gidatzen jarraituko du Dani Alvarezek, eta Boulevard-eko lantaldea indartuko dute. Marian Etxeberria kazetaria programako zuzendariorde berria izango da. Radio Euskadik eta Radio Vitoriak 07:00etatik 07:30era bitarteko albistegia elkarrekin emitituko dute, baita 08:00etako albistegiaren sarrera ere. Radio Vitoriak ondotik Arabako informazioaren jarraipena egingo du, Maritxu Diez eta Edurne Trascastro esatarien eskutik. Radio Vitoriak eguneko azkeneko albistegia 20:30ean egingo du.

Radio Euskadiko Pompas de papel literatur saioak 30 urte beteko ditu udazkenean, eta, hori ospatzeko, jai bat antolatuko dute Bilboko Kafe Antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.