Jokoteknia euskarazko bideojokoen jardunaldia izango da bihar, Bilbon

Euskararen Etxean egingo dute, 09:45etik 13:00etara, eta EITBk ere streaming bidez eskainiko du

Jokoteknia Bideojokoen VI. Euskal Jardunaldiaren aurkezpena, Euskararen Etxean, Bilbon. AZKUE FUNDAZIOA.
iraia vieira gil
Bilbo
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

«Azkue fundazioaren bideetako bat da eztabaidaguneak eta topalekuak bermatzea». Horietako bat da, Iurdana Acasuso fundazioko zuzendariak adierazi duenez, Jokoteknia Bideojokoen VI. Euskal Jardunaldia. Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Game Erauntsia Elkartearekin elkarlanean garatu duten proiektua da, eta euskararen «hutsuneetako bat» betetzea du xede. «Hizkuntza ikuspegia kontuan hartzen duen eta jarrera kritikoa sortzea ahalbidetzen duen kultura digitala sustatu nahi dugu, 11 eta 18 urte bitarteko gazteen artean», azaldu du. Bihar egingo dute topaketa, Bilboko Euskararen Etxean, 09:45etik 13:00etara. Nahi duenak streaming bidez ikusi ahalko du EITBren webgunetik.

Eguneko aurkezpenaren ostean hasiko dira ekitaldiko hitzaldiak. 10:00etan izango da lehenengoa: soziologian doktore da Daniel Muriel, eta bideojokoen garrantzi soziala aztertuko du. Eider Zabalegi bideojokozaleak hitz egingo du gero, eta eduki sortzaile gisa euskararekin zer harreman duen azalduko. 11:30ean hartuko du hitza Edurne Larraza ikerlari eta ingeniariak, eta bideojokoen alde pedagogikoa ezagutzera ematea izango du helburu. Highnoon Ekain bideojoko garatzaile eta ekoizleak emango du azken hitzaldia, non bideojokoen sormen prozesuan sakonduko duen.

Hitzaldien ostean, eta jardunaldiari amaiera emateko, Digipen Europe Bilbao Institute of Technology-ko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleek mahai inguru batean parte hartuko dute. 12:30ean izango da.

Zazpigarren aldia da aurtengoa, baina hurrengo urteetan ere egingo dutela aurreratu du Acasusok. «Euskaraz eta ingurune digitalaz ari bagara, 2024. urtean jarraituko dugu euskarazko kultura sustatzen, ekintza desberdinen bitartez». Hain zuzen ere, urtetik urtera jaso dituzten euskarazko bideojokoen datuak hobetuz doazela ziurtatu du Lander Unzueta Game Erauntsia Elkarteko kideak: «Gero eta bideojoko gehiago dago, eta gero eta sortzaile gehiago. Azkenaldian euskarara itzulitako jokoak, gainera,ezagunak dira ingurune digitalean».

Bidejokoetan euskararen presentzia areagotu den heinean, Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiak ere eboluzionatu duela uste dute proiektuaren bultzatzaileek. Aurten, galdera bati erantzuten saiatuko dira: «Euskaldunok zer daukagu esateko bideogintzaren inguruan?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.