Duela 29 urte hasi zen kazetaritza lanak egiten Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetaria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973). Aurretik, Euskaldunon Egunkaria-n aritu zen, eta gizarte zein ingurumen gaiak lantzea izan du beti gogoko; horien inguruko zenbait liburu ere idatzi ditu. Beste batzuen artean, Su haietatik ke hauek. Gipuzkoa: errausketatik zero zaborrerantz (2012) eta Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian (2020). Uste du zorroztasuna eta zintzotasuna ezinbestekoak direla kazetaritzan, nahiz eta instituzioekin arazoak izan. Gaur emango diote Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak Ingurumen Kazetaritzako Saria, Bilboko BBK aretoan, 19:00etan.
Zer sentiarazten dizu halako sari bat jasotzeak?
Sari bat jasotzea zure lanaren aitortza bat jasotzea da, eta, alde horretatik, poza eta asebetetzea eragiten dizkit. Urte askoan BERRIAn egin dugun lanaren aitortza da, eta errekonozimendu bat. Lan hori kanpotik baloratua izan dela sentitzea ona da.
Sari kolektiboa dela esan duzu. Zer aldetatik?
Bai Egunkaria-n eta bai BERRIAn, uste dut zortea izan dudala, hasieratik topatu nuelako gizarte gaietan sakontzeko kultura, oinarria eta gogoa. Munduaren gaur egungo egoera dela eta, arreta mediatiko handiagoa ematen zaie gai horiei, baina ni hasi nintzenean, ez zitzaien kasurik egiten. Guk, aldiz, gaiak merezi bezalako interesa erakutsi dugu beti. Horregatik esan dezaket lan kolektibo baten emaitza dela, nahiz eta nire sinadurarekin joan.
Zelakoa da ingurumenarekin konprometitua dagoen kazetaritza?
Bi ezaugarri aipatuko nituzke. Batetik, zientziarekin eskuz esku dagoela; gertatzen ari dena dibulgazio moduan azaltzeko betebeharra dugu. Bestetik, kazetaritza gai guztiei dagokien betebeharra dugu: ikuspegi kritiko eta serio batetik, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko botere ekonomiko eta politikoek egiten dituzten gehiegikeriak eta klima eta ekologia krisia sakontzen dituzten praktikak salatu beharrean gaude, eta, ahal den neurrian, zuzenarazi .
Deserosoa da kazetari batentzat boterearen aurkako jarrera hori hartzea?
Dudarik gabe. Etxe honetan bertan baditugu iraganeko esperientzia oso esanguratsuak. BERRIAn jorratu izan ditugu gai deseroso asko, eta informazio asko eman ditugu. Eta kasu batzuetan izan ditugu talkak erakundeetan agintzen dutenekin edo beste zenbait eragilerekin. Informazioarekin, seriotasunarekin eta zintzotasunarekin egin behar diozu aurre horri. Ez dago besterik. Ezin duzu jokatu botereak esaten dizunaren arabera; bestela, boterearen komunikazio bulego bat bihurtuko litzateke egunkaria. Hori da, justu, behar ez dugun errezeta.
Nola landu behar dira klima larrialdiari lotutako gaiak gizartean alarmarik ez sortzeko?
Titulu morboso eta sentsazionalistak egiteko joera dago gure inguruan. Munduaren atal beltza erakusten dute askok bi hitzetan, baina kontzeptualizaziorik ez dago horien azpian. Horretatik ihes egin behar dugu, baina ezkutatu gabe zein den errealitatea. Zein da errezeta? Zorroztasuna. Esaten den hori larria baldin bada, larria dela erakutsi behar da, baina modu objektibo batean. Izan ere, sentsazionalismoak lortzen duen efektua da jendeak gai horiez paso egitea. Egunero mundua bukatzear badago, azkenean, ez dute sinetsiko.
Bereziki gustatu zaizun gairik landu duzu azkenaldian?
Aurretik aipatutako lan kolektiboaren harira, aipatuko nuke Zaldibarko [Bizkaia] zabortegiaren hondamendi horretan BERRIAk egin zuen lana [bi langile hil ziren segurtasun faltagatik]. Informazio guztiak landu, eta gaiaren zirrikituetatik gauza berriak atera zituen. Zaldibarko gaia ezagutzeko BERRIA irakurri zutenek informazio txukuna lortu zuten, nire ustez. Irakurleek lortu ahal izan zuten, hain justu, modu zintzoan benetan ulertzea zer gertatu zen.
Iñaki Petxarroman. Idazlea eta kazetaria
«Jendeak ingurumen gaiez paso egitea lortzen du sentsazionalismoak»
Gaur jasoko du BERRIAko kazetariak Ingurumen Kazetaritzako Saria, Euskal Kazetarien Elkartearen eta Kazetarien Euskal Elkargoaren eskutik. Lan kolektiboaren emaitza eta aitortza dela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu