Fermin Etxegoien. ETB1eko aurkezlea

«Jendeak espero ez dituenak nahi ditugu»

Urtarrilaren 4an, 'Zinez'-eko filmak aurkezten hasi zen Etxegoien. Bihartik aurrera, elkarrizketa pertsonalak egingo ditu ETBn, 'Berandu baino lehen'. Lau atalerako kontratua du, oraingoz.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
K2000 ekoizpen etxearen hainbat saiotan gidoilari lanetan aritu zen Fermin Etxegoien (Oñati, Gipuzkoa, 1966). Kamera aurrean jarriko da orain, platotik kanpo elkarrizketak egiten.

Uztailean Euskadi Irratitik kaleratu zintuzten. Zertan aritu zara ordutik telebistan hasi arte?

Kaleratu aurretik, ETBko zuzendariak deitu ninduen galdetzeko ea prest ote nengokeen elkarrizketa saio bat egiteko. Irailean probako atal bat egiteko gelditu ginen. Prozesua mantso joan zen, eta elkarrizketa bakarra grabatu genuen, Pako Aristirekin [emitituko dute]. Hilabete horietan ez nuen beste lanik izan; idazten eta gitarra jotzen aritu nintzen. Blog bat ere zabaldu nuen. Zorionez, probako atala gustatu zitzaien, eta kontratu bat sinatu dugu. Hilabete eta erdiko kontratu bat.

Kontratu hori lau atal egiteko da, bakoitzean bi elkarrizketa. ETBk ez al du oso epe motzera jokatzen?

Garai batean lan egin nuen saioetan hamahiru atalekin hasten ginen. Lau atal ziurrenik ez dira asko, baina genero honetan bada erronka bat aintzat hartzeko modukoa.

Elkarrizketatzaile moduan zein estilo bilatu nahi duzu?

Konbertsazionala. Ruper Ordorikaren kantan bezala, mendea eta segundua gurutzatzen diren tokian egon nahi izatea; elkarrizketatuaren proiekzio publikoa eta bizitza pribatua gurutzatzen diren tokian.

Zer soslaitakoak izango dira elkarrizketatuak?

Ideala litzateke izatea jendeak ezagutzen dituenak, baina espero ez dituenak. Badira agertu nahi ez dutenak, eta kalabaza politak jasotzen ari naiz. Xabier Montoia elkarrizketatu nahiko nuke, baina errazago ikusiko dugu Euskal Herriaren independentzia Montoia gure saioan baino.

Euskadi Irratian Xabier Amurizak esan du «mindu» eta «iraindu» egin duela saioaren iragarkiak, Bertin Osborne eta Risto Mejide aipatzen direlako.

Planteatu nuen promo autoparodikoa egitea, Osborne eta Mejide aipatuz. Ez zuten onartu autoparodia, baina izenekin gelditu ziren. Ulertzen dut promoaren egilearen gogoa: botatzea boutade bat, sareko arrastre bat. Esan nion Twitterren kontrako jarrerak zeudela. Eta berak erantzun zuen: «Ederto, helburua lortuta».

Promozio iragarkiez aparte, ez al dago ETB etengabe Espainiako kateei begira?

Herri txiki, infernu handi Espainiako katea al da? Teknopolis? Azpimarra? Burubero? Gainera, ez dut uste kanpoan egiten dena kopiatzea txarra denik. Kontua da nola egiten duzun.

Bihar, lehen atalean, Onintza Enbeita eta Mikel Pagadizabal elkarrizketatuko dituzu. Non?

Erabaki nuen elkarrizketak egitea elkarrizketatuak nahi duen lekuan. Enbeita bere baserrian eta Laidan azalduko da. Pagadi, berriz, Villabonako kaleetan eta familiaren txoko batean. Maite dut batera eta bestera joatea. Elkarrizketarako luze grabatzen dugu, eta gero inausi egiten dugu.

Astelehenetan filmak aurkezten ere hasi zara. Noiz arte?

Euskal Herrian ekoitzitako film zerrenda luzea dago. ETBren estrategiaren arabera, astelehenekoak asteazkenekoa elikatzen du.

ETB1en zinemak ez du ikusle datu onik lortzen. Zerk huts egiten du?

Hizkuntza ereduarekin gatazka bat dago hor. Euskarri bakoitzean beren-beregi aztertu beharko litzateke zein den bultzatu beharreko itzulpen eta bikoizketa eredu linguistikoa. Ur handiak dira.

Erabaki guztiak hartu behar dira ikusle datuen arabera?

Ez, guztiak ez. Baina audientzia bada adierazgarri bat, kontuan hartzekoa.

Xabier Landabideak BERRIAn esan zuen euskarazko telebistaren datu eskasek askatasun osoa ematen diotela zer egin behar lukeen pentsatu eta beste planteamendu bat egiteko.

Plantamendu berriak beti egon daitezke ondo, baina hori ez zaio lotzen audientzia txikia izateari. Arazoa da euskarazko kate bakarra dela ETB1, eta bertan ematen dira generalistatzat jotzen diren saioak, komertzialak eta kontrako irizpideak dituztenak.

Egingo zenuke musika saio bat ETBrako?

Badaude proiektuak, baina ez dakit ni deituko nauten horretarako. Bada ordua kate generalistetara musika berriro eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.