EITBn hasi, Nafarroako Canal4 katean aritu, eta ETBn hamabost urte egin zituen Iñaki Redinek (Leitza, Nafarroa, 1973). Nafar Telebistako zuzendaria da, katea sortu zen une beretik.
Lehen urtea bete du Nafar Telebistak. Zer balantze egiten duzue?
Balantzea oso positiboa da. Duela hilabete bat, sarietako bat jaso dugu. CIESen datuak atera dira, eta 20.000 ikus-entzule ditugu egunero. Erantzun horrek esan nahi du gure mezuak baduela oihartzuna. Gainera, handitzeko eremu handia gelditzen zaigu oraindik. Lan asko egin dugu lehen urte honetan, baina sari hori jasota, pozik gaude. Nafarroan telebista kate batek izan duen estreinaldi onena izan da gurea.
Datuez harago, ikusleek zer esaten dizuete?
Jendeak eskertzen du Nafar Telebistan dugun aniztasuna. Eztabaidetan ahots guztiak daude, ideologia guztiak. Katearen originaltasuna eta freskotasunaere eskertzen dute ikus-entzuleek.
UPN alderdiaren betoa izan zenuten aldi batean. Amaitu al da?
Bai, amaitu da. Azkeneko egunetan UPNko ordezkariak izan dira gurean. Kanpainan, UPN-PPko hautagaiak etorri ziren. Halako batean harremanak okertu ziren, baina lan egin dugu bi aldeetan, eta konpondu da arazoa.
Saioen artean ez al dira gailentzen gaztelaniazkoak euskarazkoen aldean?
Euskara normaltasun osoz erabiltzen dugu programa guztietan. Albistegietan euskarazko tarteak entzuten dira. Elkarrizketatua euskalduna bada, ohikoa da euskaraz hastea eta amaitzea. Bestalde, pilota emanaldiak eta haur programazioa euskara hutsean dira. Gure kirol izarra pilota da, eta hori euskaraz ematen dugu asteburuero.
Nafar Telebistaren zuzeneko emanaldia Interneten ikus daiteke jada. Hori ere pauso garrantzitsua izan da, ezta?
Oso indartsu hasi gara Internetekin. Egunero 2.000-3.000 bisita inguru ditugu. Osasuna Lehen Mailara igo zenean lortu genuen gure marka: Gazteluko plazako ospakizunen bideo bat sartu genuen, eta igande horretan, 16.000 bisita izan genituen, eta 40.000 orri ikusi ziren. Webgunea arrakasta handia izaten ari da. Kanpotik jende askok ikusten du Nafar Telebista.
Asmoen artean Euskalerria Irratiko Metropoli forala saioa goizetan ematea zenuten. Noizko iritsiko da hori?
Irailerako posible izango dela espero dugu. Gure helburuen artean sinergiak aprobetxatzea eta elkarlanean aritzea da. Horren erakusgarri, sanferminetako txupinazoa Euskalerria Irratiarekin eta Euskal Telebistarekin batera eskainiko dugu.
Nolako eskaintza egingo duzue sanferminetan?
Saio bereziak egingo ditugu. Baluartetik Susana Errozek magazin bat egingo du egunero, gonbidatuekin. Eguerdiko albistegia neronek aurkeztuko dut, eta entzierroa komentatuko dugu. Eta, 20:15ean, zezen plazatik peñen irteera emango dugu, Julian Iantzirekin. Sanferminetako pilota txapelketa osoa ere eskainiko dugu.
Datorren denboraldiari begira,zer beste erronka izango dituzue?
Batez ere platotik ateratzea izango da gure helburu nagusia. Nafarroa barnean ibili nahi dugu, aurten baino gehiago. Ikusleengandik gertuago egon nahi dugu, eta Nafarroa erakutsi eta nafarrekin egon.
Hamaika telebistarekin elkarlanean, NTB11 euskarazko katea sortzen ari zinetela aurkeztu zenuten abenduan. Nola doa proiektua?
Oraingoz proiektua lantzen ari gara. Hamaika telebistarekin kolaborazioak nola gauzatu aztertzen ari gara, Iruñerrirako euskarazko katea martxan jartzeko. Eduki batzuk probetan emititzen ari gara.
Iñaki Redin. Nafar Telebistako zuzendaria
«Jendeak eskertzen du katean dugun aniztasuna»
Aurreneko denboraldia egin du Nafar Telebista kate elebidunak. 20.000 ikusle ditu, CIESen neurketaren arabera. Datorren urtean platotik gehiago aterako direla dio Redinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu