Ainhoa Etxebarria. 'Zurekin bat' saioko aurkezlea

«Jendea lehiaketa gogoz dago»

Lau lehiakidez osaturiko bi taldek hartuko dute parte egunero Etxebarriak aurkezturiko ETB1eko 'Zurekin Bat' lehiaketan. Irabazitako diruarekin lehiakideen amets edo helburu bat betetzea da asmoa.

EITB.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Lau urteko lehortearen ondotik, ETB1ek lehiaketa berria izango du astelehenetik aurrera: Zurekin bat. Astelehenetik ostegunera emango dute, 21:30ean. Ainhoa Etxebarria kazetaria (Ondarroa, Bizkaia, 1993) izango da saioko aurkezlea.

2017tik, lehenengoz, lehiaketa bat izango du ETB1ek. Nola jaso duzu proposamena?

Casting bat egiteko deitu ninduten, eta, egia esan, ni ez nintzen kontziente hainbeste denbora egon zela lehiaketa barik ETB, baina, bai, egia da.

Zeintzuk dira lehiaketaren ezaugarri nagusiak?

Beste herrialde batzuetan egin den formatua da. Ezaugarri nagusia da lau pertsonako bi talde egongo direla. Konfiantza handia eduki beharko dute taldekideek.

Zergatik?

Lehiaketaren pisuaren zati handi bat lehiakide batek eramango du, talde bakoitzeko kapitain edo liderrak. Konfiantzazko pertsona bat izan beharko da, eta berarekin konexio handia eduki beharko dute gainerakoek.

Parte hartzaileen arteko konplizitatea aipatu duzu. Zein profil izan dute parte hartzaileek orain arte?

Senitartekoak, lagunak, pisukideak, familiak, unibertsitateko lagunak... Elkar ezagutzen duen jendea da.

Lehiaketa orok du bere saria. Zein sari lortuko du Zurekin Batirabazten duen taldeak?

Lehiakideen ametsak betetzen saiatuko gara; beraz, amets kolektibo bat eduki beharko dute:bidaia bat, esaterako. Denen artean egin nahi duten zerbait izango da, ez da dirua irabazi eta denen artean banatzeko. Horrek bultzatuko du taldea oso kohesionatua egotea, konfiantza handia izatea elkarrengan.

Amets horiek betetzeko aukeraz gain, beste saririk egongo da?

Zaku bat edukiko dugu, baina, horretaz aparte, egunero-egunero talde irabazle bat egongo da. Talde horrek dirua irabaziko du, nahiz eta azkenean zakua ez eraman.

Nolakoa saioa ikusiko du ikusleak?

Denetariko galderak izango dira, ez dira bereziki galdera zailak. Taldekideek lortuko dute beren ametsak betetzea.

Nola joan dira orain arteko grabaketak?

Oso ondo. Etxetik lehiaketak ikustean badirudi errazak direla, eta benetan ez duzu ikusten horren atzean nolako taldea dagoen. Galderak prestatzeko orduan, lan handia egin duen lantaldea dago.Bereziki haluzinatu dut nolakoa den lehiaketa baten grabaketa.

Eta erraza izan da formatuaren dinamikara ohitzea?

Erritmoa hartuz goaz gutxika-gutxika. Lan dena mekanizatu arte konplikatua izan da. Orain arte parte hartu duten lehiakideek berehala hartu dute dinamika, eta ongi pasatzen ari gara, eta hori oso inportantea da.

Nolakoa harrera izan duzue orain arte?

Jendea parte hartzera animatu da. Ikusi da jendea lehiaketa gogoz dagoela, ez nuen espero benetan hainbeste gogo edukitzea lehiaketa batean parte hartzeko.

Aurretik, Gaztea irratian aurkezle aritu zara, eta telebistanhainbat programatako kolaboratzaile gisa. Salto handia izan da saio osoa zuk aurkeztea?

Bai. Orain arte ez dut inoiz izan saioaren ardura nik, ez naiz inoiz bakarrik egon, eta salto handia izan da. Ikaspen handi bat izaten ari da, eta oso gustura nago. Lehiakideak ere bertan daude, eta berotasuna ematen diogu elkarri. Diferentea da, baina ikaspen handia izaten ari da eta disfrutatzen ari naiz.

Aktorea ere bazara. Esperientzia hori baliagarri izan zaizu kamera aitzinean aritzeko?

Zerbait bai. Lehiakideekin konplizitatea sortzean ezin duzu ahaztu aurkezlea ere bazarela eta, batzuetan, beren lagun moduan egon behar zarela, baina baita beraien arerio moduan ere. Puntu bipolar pixka bat behar duzu.

Datorren astelehenean estrenatuko da. Urduri zaude?

Urduri gaude, bai. Pentsatzen dut saioaren erritmoa hartu ahala lasaituko garela. Hasieran, ikusleei argi gelditu behar zaie zein diren saioko arauak, hori azaltzen saiatu behar gara hasieran. Behin ikusleek funtzionamendua ulertzean, gu ere sueltoago egongo gara. Denok disfrutatuko dugu orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.