Teknologiaren eta marketinaren alorrean hainbat enpresa handitan egin du lan Alex Gibelaldek (Beasain, Gipuzkoa, 1981): Googlen 2006tik 2013ra, Twitterren 2013tik 2015era, HBOn 2016tik 2018ra, eta Storytel audioliburuen plataforman 2018tik 2021era. Maiatzean hasi zen Primeran egitasmoan lanean.
Nola iritsi zitzaizun ETBrentzat lan egiteko eskaintza?
Eten bat egin eta zuzenbidea ikasten ari nintzen. Apirilean, ETBtik deia jaso nuen, eta, euskarazko plataforma bat zetorrela ikustean, iruditu zitzaidan aukera polita zela etxean lan egiteko.
Nolakoa izan da prozesua Primeran martxan jarri arte?
Ni iritsi nintzenean, plataforma nahiko aurreratua zegoen. Izaskun Ozerinek lan handia egin du teknologia alorrean. Lan handia zegoen egiteko ETBko artxibotik plataformara pasatzeko. Azkenaldian egin dudan lan gehiena publikoari begirakoa izan da, hau da, plataforma nola eskaini eta jendeari nola komunikatu.
Irailaren 15ean ikusi zuen argia Primeran-ek. Nola doaz lehen pausoak?
Oso pozik nago. Oso zaila da plataforma berri batek hasieratik arrakasta izatea. Milaka aplikazio daude: saturazioa dago, era guztietakoa. Eta zure sakelakoa da munduko tokirik garestiena, hor erabakitzen baituzu zeinek duen tokia eta zeinek ez. Lehen asteetan, milaka erregistro eta instalazio izan ditu Primeran-ek, eta hasiera ona izan da. Entretenimendu plataforma bat ateratzea ez da erraza, asko baitaude.
Zenbat erabiltzaile izateko helburua jarri duzue?
Helburua ez da zenbaki bat. Gazteek ez dute telebista konbentzionala ikusten, eta gazteak galtzen baditugu, etorkizuna ere galtzen dugu. Plataforma digitaletara pasatzea pauso estrategikoa da, eta helburua da ikustea ea hemendik urte batzuetara gazteen zer ehunekotara iristen garen.
Kontsumoa aldatu egin da.
Telebista konbentzionalaren kontsumitzaileen adina oso altua da. Euskaraz ez dago eskaintza askorik, eta gazteak beste toki batzuetan daude.
Primeran gizartean zabaltzeko kanpainak noiz arte iraungo du?
Lehen asteetako kanpaina plataforma bera ezagutaraztera zuzendu da. Arlo digitalean, kanpaina txikiak egin behar dira. Eta eduki indartsuak ditugunean, puntualki kanpaina berriak egin behar dira. Garrantzitsuena edukiak dira; jendea edukiengatik etorriko da.
Horietako bat Itxaso telesaila da. ETB1en ere emango al da?
Bai, ziurrenik datorren urtean emango du ETB1ek. Leihoekin jokatuko dugu. Itxaso gazteentzat egindako telesail bat da, eta naturalki plataforman osorik egotea da gure lehentasuna. Bizi luzea eman nahi diegu ikus-entzunezko lanei.
Android TVn noizko?
Android TV, Apple TV eta Fire TV delakoetan datozen egun edo asteetan egongo da Primeran.
Zer motatako edukiak gaineratuko dituzue plataforman urtea amaitu bitartean?
Egutegi polit bat dugu datozen hilabeteetarako. Asteroko berrikuntzetan, eduki pare bat guk egindakoak izango dira. Eta besteak, nazioartekoak; Viaplay plataformarekin egindako akordioari esker, fikzioa eta factual-ak.
Filmen eskubideak lortzeko zailtasunak izan dituzue?
Eskubideen merkatua konplexua da, arlo guztietan. Film bakoitzaren arabera, eskubideak aldatu egiten dira: izan daitezke urte baterako, edo urte gehiagorako. Eta gerta daiteke film baten eskubiderik ez izatea Iparraldean emateko, baina saiatzen gara euskaraz den guztia mundu osorako izan dadin. Ez gaude itsututa esklusibitatearekin.
Azpidatziekin kexuak egon dira.
Horiek zuzentzen ari gara. Hasi baino ez gara egin, eta hobetzen jarraituko dugu.
Noiz bilaka daiteke Primeran erreferentziazkoa Euskal Herriko ikusleentzat?
Ikusita egungo euskarazko kontsumoa zein den, denbora beharko dugu. Hiru urte izan daitezke ohiturak aldatzeko? Erronka handia dago gizarte osoarentzat: euskarazko edukiak kontsumitzen hastea. Kontsumorik ez badago, zaila da jarraitzea. Denen ardura da euskarazko edukiak kontsumitzea mundu digitalean. Kontsumoa behar da Primeran-ek aurrera egin dezan. Zenbaitetan, gehiago dira eskatzen dutenak erabiltzen dutenak baino.
Alex Gibelalde. Primeran plataformaren arduraduna
«Jendea edukiengatik etorriko da»
Maiatzean iritsi zen Gibelalde ETBra, Primeran plataformaren ardura hartzeko. Haren ustez, euskal gizarte osoak du erronka: «Euskarazko edukiak kontsumitzen hastea arlo digitalean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu