Rikardo Arregi kazetaria gogoratzeko banatutako sarien irabazleetako bat da Igone Fernandez Mariezkurrena (Pasai Donibane, 1986). Gaztezulo aldizkariko zuzendariak Kazetari Berria Saria irabazi du 2010etik 2011ra eginiko hamaika elkarrizketa eta bi erreportaje direla eta.
Diploma, 3.000 euro eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra jaso ditu sari modura. Poz gehiena eman diona bere lana jendeari gustatzea izan da, ordea.
Epaimahaiak elkarrizketa «ausartak, aberatsak eta politak» saritu ditu, eta horiek Fernandezenak ziren. Oraingo honetan galderak erantzutea tokatu zaio, galdegile gisa maila altua utzi ondoren.
Espero al zenuen saria?
Egia esan, ez dakit merezi dudan edo ez. Nik behintzat ez nuen espero; alde horretatik, sorpresa handia izan da, eta sorpresa ona, gainera.
Kazetari gazteentzat ilusioa pizten du, ezta?
Bai, bai. Euskal kazetaritza eta euskalgintza oro har ez da esparru erraza. Jende asko dabil idazten eta gauzak egiten inoiz esker oneko ezer jaso gabe. Hain gazte izanda honelako bultzada bat jasotzea beti da pozgarria eta beti da ona.
Elkarrizketatuaren beste aldea erakutsi duzulako ere saritu zaitu epaimahaiak. Nola lortu duzu beste aldea?
Beti saiatzen naiz, ahal den neurrian behintzat, irakurlea konplize bihurtzen. Nik bizitakoa edo ikusitakoa irakurleari ere helararazten. Ildo horretan, alde batetik, elkarrizketatua elkarrizketatzeko aitzakia zein den jorratzea gustatzen zait, bere jarduna edo bere dena delakoa. Baina, beste aldetik, hortik atera eta barruan pixka bat bilatzea ere gustatzen zait, nolako pertsona den erakustea. Bere aspektu publikotik atera eta pribatura sartzea. Modu horretan argazki orokorragoa egiten dela iruditzen zait. Orokorragoa eta, aldi berean, zehatzagoa eta aberasgarriagoa kazetariarentzat, eta, beraz, baita irakurlearentzat ere. Horretarako, garrantzitsua iruditzen zait elkarrizketak bertatik bertara egitea, eta ahal dela, elkarrizketatuaren eremuan edo habitatean.
Elkarrizketetan harturiko arriskuak saritu dizkizute. Zure mugak non eta nola zehaztu dituzu?
Aurrerago kontatu dudan ildotik, saiatu izan naiz elkarrizketatua konplize bihurtzen eta elkarrizketatuak niri sortu dizkidan sentsazioak edo inpresioak irakurlearekin partekatzen. Egia da beti iragazki txiki batzuk jarri behar dizkiozula zeure buruari, ezin duzu den-dena kontatu, edo bai, ez dakit. Arriskuaren mugak esplikatzeko orduan ez dakit ni egokiena naizen. Momentu bakoitzean iruditu zaidan moduan egin dut, inor mintzeko asmorik gabe.
Urtero-urtero, publikoa aldakorra duzue. Nola erakartzen duzue gazteria berria?
Alde grafikoa zaintzea oso garrantzitsua da, are gehiago gazteekin lan egiten denean. Askotan kioskora joaten den edonori aldizkari bat edo edozein publikazio begietatik sartzen zaio. Orduan, beharrezkoa iruditzen zait irudiaren garrantzia aitortzea eta profesionalekin lan egitea. Amua duten irudiekin testua hornitzea.Hasieratik irudiak eta argazkiak aspergarriak badira, irakurleak ere testuarekiko izango duen aldez aurretiko iritzia hori izango da.
Zure kasua ez da, baina gazteentzako aldizkaria adinez hain gazte ez direnek egiteak buru hausterik ematen al dizue?
Gaztea kontzeptua bera nahiko arriskutsua da, edo labainkorra bai behintzat. Guk gaztetasuna ez dugu inondik inora adinarekin lotzen. Gaztetasuna bizitzaren aurrean duzun jarrerarekin edo norberak bere burua sentitzeko duen moduarekin lotzen dugu. Orduan, adina dena delakoa izanda ere, gazte sentitzen den edonor senti daiteke identifikatuta Gaztezulo-rekin, lan egin dezake Gaztezulo-rentzat edo lan egin dezake Gaztezulo-n. Gaztea sentitzen den edozein gai da; gazteen lekuan jartzeko, eta pentsatzeko zer eskaini gazteei edo zer izango den gazteen interesekoa. Orduan, adina kontuan izanda, inongo kezkarik ez dugu.
Beraz, gaztetasuna edo gazte izatea zer da?
Adina behintzat ez. Bizitzaren aurrean duzun jarrera bat, beste ezer baino gehiago.
Komunikazioa. Igone Fernandez Mariezkurrena. 'Gaztezulo'-ko zuzendaria
«Jende asko dabil gauzak egiten, inoiz esker onik jaso gabe»
XXIII. Rikardo Arregi Kazetari Berria Saria jaso du bere elkarrizketa eta erreportajeetan erakutsi duen bizitasunarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu