BERRIA Taldeak akziodunen ohiko batzarra egin du gaur, Andoaingo Martin Ugalde parkean (Gipuzkoa). Bilkuran, iazko kudeaketa txostena onartu dute akziodunek, eta administrazio kontseiluak 2024. urterako aurrekontua eta kudeaketa plana aurkeztu ditu. Iazko emaitzen gainean, balorazio ona egin du taldeak, aparteko zailtasunei erantzun baitie. Aurrera begira, baliabide ekonomiko gehiago lortzea ezinbestekotzat dauka taldeak, erronkei aurre egin ahal izateko. 2024. eta 2025. urteetarako, lehentasuntzat dauzka erakundeen babes handiagoa lortzea eta irakurle komunitatea hedatzea, baita eskaintza berritzen segitzea ere.
Urte berezia izan zen iazkoa BERRIArentzat. Hogei urte bete zituen egunkariak, eta lemazaina aldatu zuen. Martxelo Otamendik utzitako zuzendari ardura hartu zuen Amagoia Mujika Tolaretxipik, orain urtebete. Halaber, Mujikak azaldu duenez, «iraultza handi bat» hasi zuen, berritu egin baitzituen haren eskaintza informatiboa, papereko eta sareko diseinua eta lanerako barne funtzionamendua. Mujikak aitortu du «sekulako erronka» duela kazetaritzak oro har, «mundu zaila» bere jardunerako, baina BERRIA «oso ondo kokatuta» ikusten du.
15.200BERRIAren komunitatea osatzen duten kideen kopurua 15.200ekoa da. Horietatik, 408 dira iragarleak, 6.100 harpidedunak eta 8.700 BERRIAlagunak. Azken horien zenbatekoa %3 handitu zen 2023an.
Ikuspegi ekonomikotik, «balorazio ona» egin du Iban Arregi kontseilari ordezkariak. «Urte zaila» izan den arren, diru sarreren eta gastuen kopuruak ia parekoak izan ziren iaz. Hamar milioi euroko gastua izan du, eta 1.800 euroko galera. Kontuan izan behar da iaz taldeak ez zuela izan Eusko Jaurlaritzak pandemiagatik hedabideei eman zien aparteko diru laguntza. BERRIAri dagokionez, ia 290.000 eurokoa izan zen 2022 urtean. Balantza orekan amaitzeko gakoetako bat zera izan da, BERRIAlagunen kopuruak izan duen gorakada: %3koa. Egunkariak 8.700 BERRIAlagun ditu, gaur-gaurkoz. Horiei gehitu behar zaizkie 6.100 harpidedun eta 408 iragarle lagun. Guztien artean osatzen dute BERRIAren inguruko komunitatea —15.200 lagunetik gora, orotara—.
Sektore osoan ohiko diru iturrien sarrerek beheranzko joera duten arren —salmentak eta publizitatea, nagusiki— BERRIA Taldeak diru sarrerak %3 handitzea lortu zuen iaz —328.000 euro gehiago—. Hala ere, gastu igoera are gehiago hazi zen, %4 —362.000 euro—. Egoera zein den aztertuta, administrazio kontseiluak ohartarazi du proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko baliabide gehiago behar direla, eta 2024a eta 2025a urte garrantzitsuak izango dira zeregin horretan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eta Hekimen euskal hedabideen elkartearen arteko hitzarmena berritzeko urtea izango da datorrena.
Aldeak lanean ari dira jada, eta irizpide batzuk adostu nahi dituzte eratuko den gobernuari proposamen bat uzteko egina, hark ezarri beharko dituen irizpideen eta politiken oinarri izan dadin. BERRIA Taldearen helburua da hitzarmenak hedabideen berrikuntza, digitalizazio eta inbertsio beharrak aintzat hartzea, diru laguntzen banaketarako irizpide argiak eta bidezkoak zehaztea, eta azken urteetako garestitzea kontuan hartzea, besteak beste.
Iazkoa «BERRIAk egin duen jauzirik handiena» izan da, Arregiren esanetan, eta proiektua berritzen jarraitzea da taldearen xede estrategikoetako bat. Papereko egunkaria alboratu gabe, arlo digitalean produktuak sortzen segituko du datozen hilabeteetan, irakurle gehiago erakartzeko eta komunitatea handitzeko. Hazte horretan, 2025. urterako 3.000 BERRIAlagun lortzeko kanpaina hasi zuen, hogeigarren urteurreneko berrikuntzekin batera. Azkenik, taldeak helburu estrategikoen artean jaso du lantaldea zaintzea, kalitatezko kazetaritza bideragarri egiteko eta talentua erakartzeko. Horretarako, soldatak duintzea beharrezkoa dela adierazi du, eta, soldatatik harago, lan ingurune osasuntsu eta feminista bat eratzea.
Batzarrean administrazio kontseiluko kide bat ordezkatzea ere onartu dute akziodunek. Gabriel Erdoziak utzitako tokia hartu du Irati Azkuek.
«Tematuta gaude euskaraz irakurtzea eta sortzea, eta kulturaz elikatzea, eta informazio kontrastatua eta zuzena euskaraz jasotzea gauza onak eta beharrezkoak direla».
BEATRIZ ZABALONDOBERRIA Taldearen lehendakaria
Itxaropena iraunarazi
Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak hitza hartu du batzarraren amaieran, eta eskerrak eman ditu euskarazko egunkariaren proiektuak jaso duen laguntzagatik. «Laguntza asko jaso dugu eta jasotzen ari gara, eta den-denei eskerrak eman nahi dizkiet bihotzez, bakoitzak bere alea jarri du eta».
Zabalondoren ustez, «nekez» lortuko da «euskarazko milioika irakurle izatea», baina orain arte egindako bidetik jarraitzeko konpromisoa adierazi du. «Tematuta gaude euskaraz irakurtzea eta sortzea, eta kulturaz elikatzea, eta informazio kontrastatua eta zuzena euskaraz jasotzea gauza onak eta beharrezkoak direla». Zailtasunak zailtasun, lanean segitzearen garrantzia nabarmendu du, «proiektu honen bitartez hedatzen diharduguna etorkizuna da eta».
Angela Davisek aste honetan egin dituen adierazpenen haritik, «itxaropena» aldarrikatu du «metodologia gisa». Ados agertu da Davisek esandakoarekin, «itxaropena belaunaldi batetik bestera iraunarazi behar dela», eta gazteei mintzatu zaie: «Orain zuen lana da gu etorkizunera eramatea».