Jaurlaritzak 3,4 aldiz publizitate gehiago jartzen du ETB2 katean ETB1en baino

Iaz, Jaurlaritzak 630.481,37 euroko publizitatea txertatu zuen euskarazko katean; gaztelaniazkoan, berriz, 2.156.50,88 eurokoa. Hau da, %241,88 gehiago.

Eneko Andueza, Imanol Pradales eta Nerea Reparaz ETB1eko eztabaida saioan. LUIS TEJIDO / EFE
Eneko Andueza, Imanol Pradales eta Nerea Reparaz ETB1eko eztabaida saioan. LUIS TEJIDO / EFE
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

PP alderdiko legebiltzarkide Ana Moralesek egin zuen galdera, eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman zituen erantzunak eta datuak. Publizitatearekin lotutako datuak dira batzuk, eta Makusi plataformarekin lotutakoak besteak. Nork bere irakurketak egin ditzake datuen inguruan, baina honako hau bada esanguratsua: 2024. urtean, Jaurlaritzak ETB1en publizitateagatik txertatutako diru sarrerak 630.481,37 eurokoak izan ziren telebista publikoarentzat. Halako 3,4 aldiz handiagoak —edo %241,88 handiagoak— izan ziren ETB2koak: 2.156.540,88 euro. ETB3 katekoak 11.429 eurokoak izan ziren. ETB4n ez zuen publizitaterik jarri Jaurlaritzak.

Arabako Foru Aldundiaren kasuan, ez da alde handirik. Bizkaiko Diputazioak ETB2n baino 5.800 euro gehiago jarri zuen publizitatean ETB1en, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 13.000 euro inguru gehiago sartu zituen euskarazko katean gaztelaniazkoan baino.

Espainiako Gobernuak, bestalde, ez zuen zentimo bakar bat ere jarri euskarazko bi kateetan publizitate arloan, eta 208.623 euro jarri zituen ETB2rako iragarkietan. Espainiako hainbat ministerioren eta erakundeen kanpainei dagokien dirua da hori, baina ETB2 katean jarri zuten soilik.

Erakunde publikoetatik ez datozen publizitate sarrerei dagokienez, hau da, publizitate komertzialaren sarrerei dagokionez, alde handia dago ETBko lau kateen artean: ETB1 katean, 651.456,96 euro; ETB2n, 4.994.682,04 euro; ETB3n, 514,78 euro; eta ETB4n, 2.384 euro.

Europako erakundeen diru sarrerarik ez dute izan ETBko kateek publizitatean.

Makusiren saioen kostuak

Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak EITBren Makusi plataformaren inguruko datuak ere eman ditu, PPk hala eskatuta. Otsailaren 4an, 36.666 profil zeuden sortuak haurrei zuzendutako plataforma horretan. Eta 2024ko apirilaren 26tik 2025eko otsailaren 3ra bitartean, 445.2000 ordu erreproduzitu ziren.

Saioen aurrekontuari dagokionez —zifra guztietan BEZa kanpo dago—, Potx eta Lotx pailazoen saioaren denboraldi bakoitzak 104.000 euro inguruko aurrekontua izan du; Kalaxka saioaren lehen denboraldiak 199.728 euroko aurrekontua izan zuen, eta bigarrenak 174.762 eurokoa; Power Up fikziozko telesailaren lehen denboraldiak 94.464 euroko aurrekontua izan zuen, eta bigarrenak, 129.880 eurokoa; Ameslarien banda saioaren kostua 99.962 eurokoa izan da; Twin Melody bikotearen A ze parea saioak 94.985 euroko kostua izan du, eta bikote horren musika piezek 34.015 euroko aurrekontua izan dute.

Irabazi arte podcastaren laugarren denboraldiak 20.614,46 euroko kostua izango du —hamabost minutuko hamar atal—. Kalaxka saioaren hirugarren denboraldiak, berriz, 269.480 euroko aurrekontua izango du —hamabost minutuko hogei atal izango dira—. Eta Potx eta Lotx pailazoen saioaren denboraldi berriak 40.680 euroko kostua izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.