Ikus-entzunezkoak

Jaurlaritza eta Telefonica probak egiten ari dira adimen artifizialaren bidez edukiak euskarara bikoizteko

Probak egin ostean, ondorioztatu dute makina marrazki bizidunetan aritzen dela ondoena. Gaian sakontzen jarraituko dutela iragarri dute.

Filma: 'Spider-man: Cruzando el multiverso'.
'Spider-man: Cruzando el multiverso' Movistar Plusen dago ikusgai. MOVISTAR
urtzi urkizu
2023ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Lehendik jakina zen adimen artifiziala erabiliz ikus-entzunezko edukiak bikoiztu daitezkeela. Horretan ari dira munduko hainbat herrialdetan. Baita Euskal Herrian ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritza eta Telefonica enpresa probak egiten ari dira edukiak gaztelaniatik euskarara bikoizteko.

Probako proiektuari ekiteko, bat egin dute Jaurlaritzako Informatika Sozietate Publikoak eta TSA Telefonicaren ikus-entzunezko zerbitzuak, eta Etiqmedia Zaragozako (Espainia) enpresa teknologikoa izan dute bidelagun —enpresak beste hizkuntza batzuetarako egin ditu bikoizketa automatikoak—. Elkarrekin bikoiztu dituzte hiru eduki, adimen artifizialaren bidez: Movistar Plusen docureality bat, plataformaren telesail bat eta haurrentzako marrazki bizidun batzuk.

Telefonicako iturriek adierazi dutenez, probak atea zabaldu dio antzeko prozesuak bizkor eta automatikoki garatzeko aukerari. Ohartarazi dute, edonola ere, edukiak zabaldu aurretik, kalitate kontrola behar dutela bikoizketa automatikoek. Pozgarritzat jo dute proba, gainera, haurrentzako edukiak monetizatzeko aukera berriak irekiko dizkielako ekoiztetxe eta banatzaileei. «Eduki horiek modu erdiautomatikoan euskarara itzultzearekin batera, errentagarritasuna iritsiko da. Hori ezinezkoa zen orain arte, bikoizketa tradizionalaren kostu handia dela eta», esan dute Telefonicako ordezkariek.

Telefonicako ordezkarien arabera, marrazki bizidunak modu erdiautomatikoan euskaratzeak «errentagarritasuna» ekarriko du.

Haurrentzako marrazki bizidunekin emaitza hobeak lortu dituzte beste bi edukiekin baino. «Movistar Plusen telesail originalean, bikoizketa automatikoak fideltasunez itzuli, bikoiztu eta erreproduzitu ditu pertsonaia nagusien ahotsak. Baina elkarrizketen sentimendua, erritmoa eta adierazkortasuna ez ditu hain ongi hartu bikoizketa automatikoak, bereziki esaldi laburretan». Arazoak topatu dituzte, bestetik, docureality-an: testuaren ulermenean eta ahoskatzean akatsak izan ditu bikoizketak. 

Telefonicak Itzuli proiektuarekin batera egin du lan proba horietan. Eusko Jaurlaritzaren Informatika Sozietate Publikoaren zerbitzu bat da Itzuli, euskarazko ahotsen itzulpena eskaintzen duena.

Marrazki bizidunetan, emaitza hobea

Telefonicaren ikus-entzunezko zerbitzuen arabera, egindako probak ondorio nagusi bat dakar: «Posible da bikoizketa automatikoa egitea gaztelaniatik euskarara, bereziki marrazki bizidunetan». Eduki batzuetan bidea egiteko eta hobetzeko tarte zabala dagoela gaineratu dute.

Asier Anitua Telefonicako Ikus-entzunezko Zerbitzuen kudeatzaileak esan du gaian lanean jarraitzeko asmoa dutela: «Telefonican, euskararen eta hizkuntza ofizialen sustatzearen eta zabaltzearen aldeko konpromisoa dugu. Egin dugun proba aitzindari hau konpromisoaren erakusgarri bat da. Ziur gaude bikoizketa automatikoa tresna oso erabilgarria izango dela euskara ahalik eta jende gehienarengana iristeko».

Telefonicaren arabera, gaia sakonean ikertzen jarraitu beharko dute automatikoki itzultzen eta bikoizten diren edukiak fidelak izan daitezen originalarekin, eta batez ere originalaren kalitatea eta nortasuna mantendu dezaten. Hainbat faktore hartu beharko dituzte aintzat: eduki mota, entrenamendurako datuen kalitatea eta erabilitako teknologia. Adimen artifizialerako erabiltzen diren prozeduren emaitzak faktore horien araberakoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.