Zuek hor eta gu hemen saioa prestatzera goizero «gogotsu» joaten dira Iker Galarza (Amezketa, Gipuzkoa, 1977) eta Anjel Alkain (Andoain, Gipuzkoa, 1966). Ordu eta erdiko entretenimendu programa aurkezten dute egunero.
Xabier Euzkitze eta Jon Plazaola jada ez daude zuekin. Sumatzen al duzue haien falta?
ANJEL ALKAIN: Azkenean, Galarza Tele5ra joango zaigu David de Jorgerekin, eta ni...
IKER GALARZA: Modan gauden seinale. Ikusi besterik ez dago gurekin dabiltzanek ondo funtzionatzen dutela.
Zuek hor eta gu hemen saioaren izenburuarekin zer adierazi nahi duzue?
A. A.: Ikusleei esaten diegu: «Zuek hor ez bazaudete, gu ez gara hemen egongo». Behin esketx batean esaldia atera zen, eta saio baterako izenburu ederra iruditu zitzaigun.
ETBko ikusleentzat ezagunak diren pertsonaia batzuk mantendu dituzue. Adibidez, Karlos Argiñano eta Martin Berasategi. Haiekin aurrez aurre topatu al zarete?
A. A.: Argiñanorekin bai. Zarautzen harekin izan nintzen behin, eta esan zidan sekulako barreak egiten zituela. Berasategik irratian esan zuen ondo pasatzen duela gurekin. Umorea dute biek.
Gertatu al zaizue inoiz baten bat haserretzea imitazio bategatik?
I. G.: Niri ez zait sekula halakorik gertatu.
A. A.: Sekula ez. Behin gertatu zitzaigun musikari bati baimena eskatu geniola bere kanta baten bertsioa egiteko, eta ezezkoa eman zigun. Baina haserretu inoiz ez. Gu ez gara pertsonen bizitzan sartzen. Badakite errespetuz ari garela.
Saioko platoak Kontrako eztarria-koak baino handiagoa ematen du.
I. G.: Aurrekoa angelu zuzena zen. Plato berri honetan eskaileretan ibiltzen gara, gora eta behera.
A. A.: Nire saio batean aurreneko aldia da ohiko telebista plato bat dugula, dekoraturik gabe. Gustura gaude platoarekin.
Jon Urbietak egunero galdera bat egiten die ikusleei. Facebook, Twitter eta Whatsapp bidez erantzun dezakete. Nolakoa da harrera orain arte?
A. A.: Ona. Jendeak erantzuten du, eta tarteka ikusleen erantzunak sartzen ditugu.
I. G.: Ez gara gu Twitterren oso zaleak, baina gaur egun halako bideek onura ekartzen dute.
Iaz Paulino deskubritu zuten ETBko ikusleek. Zertan ibiliko da aurten?
A. A.: Paulino tabernaria da. Planteatu diogu ostegunetan etortzeko, pintxo poteen inguruko bideoak aurkeztera. Erronka txikiak ere jarriko dizkiogu platoan.
I. G.: Munduan nik ez dut ezagutzen Paulino bezalakorik. Edozein jatetxe edo tabernatara joan, eta beti sukaldera sartzea lortzen du.
Aitziber Garmendia eta Asier Hormaza aktoreak ere taldean dituzue.
A. A.: Aitziberren kasuan gidoilaria ere bada. Esketx batzuk idatzi eta interpretatzen ditu. Orain Madrilen dago antzerkia egiten, eta laster itzuliko da. Hormaza ere oso baliagarria zaigu pertsonaia gehiago egiteko.
Agurne Anasagastiren tertuliari dagokionez, kafearen orduko solasalditzat jo daiteke?
I. G.: Ez nuen uste horrelako tertulia atsegin eta eramangarririk egingo genuenik. Gonbidatu oso onak dauzkagu, hiztunak, baikorrak eta jarrera onarekin datozenak.
Aurreko denboraldian, arratsaldeko ordutegian Jaime Otamendiren saioa izan zen. Urte bakarra iraun zuen. Ikusle datuen helbururik jarri al dizuete ETBn?
A. A.: Halako helbururik ez digute jarri. Esan ziguten aldaketa bat nahi zutela, entretenimenduari lotuago.
I. G.: Ezin gara ordutegiarekin eta konpetentziarekin kexuka ibili. Aurrera eta aurrera egin behar dugu. Jarrera kontua da: gure jarrera baikorra da, eta hori transmititzen saiatzen gara.
Iker Galarza eta Anjel Alkain. ETBko aurkezleak
«Jarrera kontua da: gure jarrera baikorra da, eta hori transmititzen dugu»
Astelehenetik ostiralera ETB1eko 'Zuek hor eta gu hemen' saioa zuzenean aurkezten dute Alkainek eta Galarzak, 15:45etik 17:15era. Albisteak, elkarrizketak, tertuliak eta umorea tartekatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu