Komunikazioa. Maria Cruickshank eta Loreto Mauleon. 'Goenkale'-ko aktoreak

«Jarraitzaile batzuk finko daude hor beti»

Astelehenean amaituko dituzte 17. denboraldiko grabaketak. Emanaldiak, berriz, uztailera arte izango dira 'Goenkale'-n.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Izaera biziko pertsonaiak jokatzen dituzte Maria Cruickshankek (Oñati, Gipuzkoa, 1989) eta Loreto Mauleonek (Donostia, 1988). Itsasorena egiten du Cruickshankek, eta Joanarena Mauleonek.

Jokatzen dituzuen pertsonaiek ba al dute antzik zuekin?

LORETO MAULEON: Ez, ez dut uste. Izaera ezberdinetakoak gara pertsonaia eta ni: Joanak jenio bizia du; ni lasaiagoa naiz. Dena den, pertsonaia asko gustatzen zait, eta hobea da zu ez bezalakoa den norbaitena egitea.

MARIA CRUICKSHANK:Antzekotasun batzuk baditugu: espontaneoak eta alaiak gara. Energia horretan bai. Baina mutilekin duen jarreran ez. Kubako hizkeran hitzak eta esamoldeak sartzeko kontua hasieran kostatu zitzaidan. Ainhoa Aierbek lagundu zidan horretan, eta orain dibertigarriak egiten zaizkit.

Gidoiak ikasteko ba al duzue trikimailurik?

LM: Badago jendea grabagailuarekin ibiltzen dena. Nik ikasketa bisuala egiten dut. Memoria ona dudala iruditzen zait.

MC: Etxean ikasten dut. Mutil-lagunak laguntzen dit batzuetan, eta biren artean errazagoa da.

Loreto, zuk zinema barrutik ezagutzen duzu, La máquina de pintar nubes filmean aritu baitzinen. Nolako esperientzia izan zen?

LM: Egin nuen lehen lana izan zen, eta asko gustatu zitzaidan. Esperientzia berria zen, eta oso ondo pasa nuen. Iazko udan, berriz, Bi anai filmean parte hartu nuen; Bernado Atxagaren liburuan dago oinarrituta. Teresaren rola jokatzen dut hor. Bi neska daude, eta bietatik inozente edo txintxoena da Teresa. Ez dakigu filma noiz estreinatuko duten; guztiok ikusteko gogo biziz gaude.

LTDan kate asko dauden arren, Goenkale-k oso ikusle datu onak izaten jarraitzen du. Aste honetan, %5eko ikusle kuotatik gora ibili da. Badu meritua, ezta?

LM: Bai, hala iruditzen zait niri. Sekulakoa da telesail batek jendea kateatzen jarraitzea hamazazpi urteren ostean. Badaude lankideak urte asko daramatzatenak Goenkale-n, eta horien meritua handia da.

MC: Ematen du jarraitzaile batzuk finko daudela hor beti. Ikusle batzuek beti ikusten dute Goenkale, eta hori ez da oso ohikoa gaur egungo telebistan.

Goenkale da euskarazko fikziozko telesail bakarra. Ez al du pena ematen telesail gehiago ez izateak?

LM: Orain ez dago besterik; oro har, gauza gutxi dago, eta askok kanpora joan behar dute. Badira kanpoan lan egiten dutenak, baina beste batzuk bidean gelditzen dira aukera gutxi daudelako, ez txarrak direlako.

MC: Gehiago izaten ahal zirela pentsatzen dut. Beste telesailen bat izanez gero, jendeak ikusiko luke.

Bikoizketa lanik egin al duzue?

LM: Nik bai; ikasi dut, eta horretan hasi naiz duela gutxi. Aktore guztiei gomendatzen diet bikoizketa egitea, lan aberatsa baita. Marrazki bizidunak bikoiztea asko gustatzen zait, aske uzten baitizu nahi duzuna egiteko.

MC: Nik orain arte ez dut egin, baina asko gustatuko litzaidake.

Kalean egongo da jendea telebistatik ezagutzen zaituztena. Nola daramazue fama txiki hori?

LM: Badago jendea gerturatzen zaizuna, baina Donostian ez askorik. Agian, herri txikietan gehiago gertatzen da hori. Batzuek esaten dizute zerbait, eta gehienetan eskertzen da.

MC: Oñatin hasieran «Itsaso, Itsaso!» esaten zidaten, baina lasaitu da. Bestetik, Iruñean antzerki eskolak ematen ditut ikastola batean, eta nahiko lasai ibiltzen naiz.

Telebistan aukera emango balizuete, zer egingo zenukete berria?

LM: Telesail bat egingo nuke, baina Goenkale-ren aldean guztiz ezberdina. Beste alor eta ikusle batentzako zerbait egingo nuke. Euskaraz gauza asko daude egiteko.

MC: Umorezko telesail bat egingo nuke, dudarik gabe.

Joana eta Itsasoren pertsonaiak bata besteari aldatuko al zeniokete egun baterako?

LM: Bai, zergatik ez. Baina Mariak oso ondo egiten du bere pertsonaia, eta berari utziko diogu.

MC: Bai, bai, eta biek eszena bat elkarrekin izanez gero sekulako barreak egingo genituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.