Dantzaria, aktorea eta irrati esataria da Arrate Hernandez (Pasaia, Gipuzkoa, 1993). Euskadi Irratian lau urtez aritu da. Haren lehen podcast-a da Bi pareta. Donostiako estudio batean grabatzen dute, ostiralero, Igara auzoan.
Zer moduz joan dira Bi pareta-ren aurreneko asteak?
Oso ondo. Ilusioz hartu dut proiektua. Gauza asko dauzkat ikasteko eta hobetzeko, baina pozik nabil.
Zergatik jarri diozue Bi pareta izena podcast-ari ,eta nola iritsi zara proiektura?
BERRIAn irakurri nuenean Zuzeu atarikoek podcast-ekin hasi behar zutela, berehala jarri nintzen harremanetan Oier Aranzabal Zuzeu-ko koordinatzailearekin. Hark proposatu zidan han parte hartzea eta Bi pareta aurkeztea. Bi gai lantzen ditugu: lehen pareta edo gaia Zuzeu-k aukeratzen du, eta bigarrena, beste hedabide bateko kazetari gonbidatu batek. Mahai inguru bat da, jakintzak partekatzeko espazio bat, eta ezustekoek tartea dute.
Zer irizpideren arabera aukeratzen dituzue gaiak?
Batez ere, asteko aktulitateak baldintzatuta erabakitzen dira gaiak. Hitz egiteko eta askotariko iritziak emateko jokoa eman dezakeen gai bat izaten da.
Kazetari gonbidatuek zer esaten dizuete Zuzeu-ren podcast-en aldeko apustuaz?
Kazetari askok oraindik ez dute ezagutzen podcast-en mundua, eta joera dute irrati moduan ulertzeko. Kazetari batzuei ere azaldu behar izaten diegu Podcast-ak zer diren.
Mikro aurrean nola sentitzen zara?
Behin, saio batean, esan nuen mikro aurrean jartzeak piztu egiten nauela. Normalean nahiko alaia naiz. Mikroak asko gustatu izan zaizkit; zenbait jende txikitu egiten da mikro baten aurrean, baina ni handitu egiten naiz.
Entzuleei dagokienez, nolako feedbacka ari zarete jasotzen?
Niri asko gustatzen zait feedbacka jasotzea, asko eskertzen dut. Iritsi zaizkidan iritziak oso onak dira. Batzuek esan didate akaso luzeegia dela podcast-a. Baten batek esan dit aproposa dela etxea jaso bitartean entzuteko.
Zer abantaila ditu audioak beste formatu batzuen aldean?
Gaur egungo bizitza erritmoari erreparatzen badiogu, abantaila nagusia da beste zerbait egin dezakezula audioa entzuten duzun bitartean. Gainera, podcast-ek ahalbidetzen dute nahi duzun tokian eta nahi duzunean entzutea. Irudia ez daukagunez, garrantzitsua da hutsuneak betetzea. Beste audio batzuk txerta daitezke —elkarrizketa zatiak, musika...—, baina jakin behar duzu hitzez betetzen irudiak uzten duen hutsunea.
Iruditzen zaizu podcast-en bidea emankorra izan daitekeela euskarazko komunikabideentzat datozen urteetan?
Bai, irratiak ere badaukalako bere garrantzia eta toki egonkortua Euskal Herrian. Gazteak direnek eta natibo digitalak direnek entzungo dituzte batez ere podcast-ak, haiek ohituta baitaude sarean ibili eta nahi dutena entzuteko. Youtuberen kontsumo funtzionamendua ikusten dut podcast-ekin. Espero dut euskarazko hedabideek bide hori lantzea, gauza interesgarriak egin baitaitezke.
Zuzeu-ra bi podcast berri ere iritsiko dira udazkenean: bat musikari buruzkoa, eta bestea euskal gaizkileen ingurukoa.
Bai, Zuzeu-k apustu handia egin du podcast-en alde. Badirudi jendea pixkanaka-pixkanaka kateatzen hasi dela. BERRIAn, Kirmen Uribe eta Ane Irazabal hasi dira, eta AEK-ren Igogailua ere aipagarria da. Gero eta gehiago ari gara entzuten podcast-en kontu hau, eta, egonkortzen baldin bada, ongi etorria izango da. Euskal Herriko irratiak ere batuko direla pentsatzen dut.
Zuzeu-koetatik aparte, beste hizkuntzatako zein podcast dituzu gogoko?
Hiru aipatuko nituzke: The Moth —New Yorken sortua—, Andreu Buenafuentek eta Berto Romerok aurkezten duten Nadie sabe nada, eta psikologiari buruzko Entiende tu mente. Istorio pertsonalak kontatzen dituztenak ere oso gogoko ditut.
Arrate Hernandez. 'Bi pareta' 'podcast'-aren aurkezlea
«Jakintzak partekatzeko espazio bat da gurea, eta ezustekoek tartea dute»
'Zuzeu'-ko 'podcast'-en artean, gaurkotasunari lotuena da 'Bi pareta'. «Plastiko zabortegi bihurtzen ari al gara planeta?», galderari erantzungo diote biharko atalean. Emakumeen kirolaz ere hitz egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu