Urko Aristi. ETB1eko 'Hitzokei' saioko aurkezlea

«Izen txikiek ere merezi dute tartea»

Zazpi urtez EITBko irratien zuzendaritzan aritu eta gero, 'Hitzokei' kultur saioa gidatzen du orain Aristik, astegunetan (15:50). Elkarrizketekin «gozatzen» eta «irakasgaiak ateratzen» ari da.

EITB.
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
ETBko makina bat saiotan eta eguraldia ematen aritu eta gero, irratian lanpostu finkoa lortu zuen Urko Aristik (Ibarra, Gipuzkoa, 1977). EITBko irratietako zuzendariorde eta zuzendari izan zen gero. Iaz itzuli zen ETBra, kazetari lanera.

Zer balorazio egiten duzu EITBko irratien zuzendaritzan egin dituzun urteez?

Balorazio oso ona, ikaragarri ikasi dudalako. Kudeaketan lehen esperientzia izan dut. Pandemia bat tartean egon da, eta sektore publikoko egonkortze prozesuak izan dira; kudeaketa lana ez da erraza izan. Aldi berean, kontent nago saiatu naizelako jendeari ikusarazten etxea aldatu behar bada barrutik aldatu behar dugula. Pentsatu nahi dut nire alea jarri dudala. EITB Podkast martxan jartzea lorpen bat izan da.

Irailetik hona, hartu al diozu neurria Hitzokei saioaren platoari?

Bai, horretan ari gara. Platoari bainoago, saioaren martxari hartu behar izan diot neurria. Erosoago nago orain. Baziren zazpi urte kazetari lanbideari kosk egin gabe, eta eguneroko martxa hartzea kostatu zait.

Telebistara itzultzeko irrikaz al zinen?

Banuen gogoa kazetari lanera itzultzeko. Ofizioaren falta sumatzen nuen. Oso kontent nago telebistara itzuli naizelako.

Hitzokei-k badu antzik Ilaski Serranok Azpimarra-n eta Ahoz aho-n egiten zuen tartearekin. Baina saioan zu zaude.

Ordu tarte horretan, filosofia beti berdina izan da. Filosofia horri eutsi diogu, baina aurkezle bakoitzak bere izaera ematen dio saioari. Bestalde, saiatu gara erritmo handiagoa ematen. Patxada eskertzen da, gonbidatuek patxada hori izatea, baina motelegi ere gera daiteke... eta oreka bilatu behar dugu. Ez dugu ahaztu behar gure saioa lantalde txiki batek egiten duela.

Ikusle datuen morrontzaz harago, beharrezkoa da Hitzokei-ren tankerako saioak egitea?

Esango nuke baietz. Saiatzen naiz nik ikusi nahiko nukeen saio bat egiten, eta telebista publiko batek izan behar dituen ezaugarriak izan ditzan saioak. Badaude gai batzuk bestelako formatu batzuetan lekurik izango ez dutenak, eta gurean ez bada agertuko ez direnak. Izen txikiek ere merezi dute tartea. Herri honetan bada militantziagatik lan asko egiten duen jendea, eta haien egitasmoei balioa eman behar zaie.

Nolako elkarrizketekin gozatzen duzu gehien?

Askotan, ezustekoak izaten dira. Behin eta berriz entzun izan dugun artista bati elkarrizketa originala egitea oso zaila da. Entzun gabeko zerbait entzunarazten saiatzen gara, itzulipurdiak eginez. Bestalde, urdurituta eta larrituta etortzen dira batzuk, eta lasaitzen direnean elkarrizketa politak sortzen dira. Baina elkarrizketa guztiekin gozatzen dut.

Pertsonalki baliagarri zaizkizu?

Bai, terapia gisa ere bai. Aldaketa momentu batean nago, eta kultur ekosisteman ere jende asko dago aldaketa une batean. Barruan ditudanak aldera ditzaket elkarrizketatuek dituztenekin. Irakasgai asko ateratzen ari naiz saioan.

Kolaboratzaile taldeaz zer nabarmenduko zenuke?

Ahalegin bat egin dugu izen berriak erakartzeko eta batezbestekoa gaztetzeko. Badaude etxe honetan denbora luzean gurean aritu izan direnak, eta meriturik ez diet kenduko, baina bagenuen belaunaldi aldaketa baten premia. Bazterretan bada jende gaztea lan polita egiten ari dena.

Garai batean Bertatik bertara izan zenetik ba al du zerbait Hitzokei-k, 2023ra ekarrita?

ETBn zurrumurrua zabaldu zenean saioa egin behar nuela, batek aipatu zuen Aristi baldin bazegoen Bertatik bertara izango zela. Oso harro nago Bertatik bertara-ko harrobikoa izateaz. Mugarria eta eskola izan zen; ETBk zer izan beharko lukeen galderari, erantzuten diot Bertatik bertara bat behar duela. Norbaitek aipatzen badu Hitzokei-k Bertatik bertara-ren balioak dituela, niretzat lore handia da hori.

Prime time ordutegian zailagoa du kulturak tokia egitea.

Bai, kultur saioen borroka da prime time ordutegitik at izaten direla.

Hitzokei beste ordutegi batean gehiago ikusiko litzateke?

Gertatu ohi da gauerdiko errepikapenak datu onak ematea. Jendeak, gero eta gehiago, nahi duenean kontsumitzen ditu saioak, eta gurea ere halakoa da. Agian gurea ez da hain zuzenekora bideratutako saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.