Izaskun Rekalderi omenaldia egingo diote igandean, Euskararen Egunean

Galdakaoko Torrezabal kultur etxean izango da ekitaldia, 12:00etan. Pantxoa musikaria eta Arkaitz Estiballes bertsolaria gonbidatu dituzte.

12136915
Izaskun Rekalde, Pantailak Euskaraz plataformako sortzaileetako bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Bera eta bere seme-alabak euskaraz bizi ahal izateko egin zuen borrokagatik da ezaguna Izaskun Rekalde. Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktorea, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaduna eta Lanbide Heziketako eta EHUko irakaslea izan zen, baina beste gauza asko ere egin zituen. 2015ean, Binke Usansoloko eta Galdakaoko (Bizkaia) euskarazko aldizkaria sortu zuen; 2019an, Nazioarteko Coaching Federazioko (ICF) Doktorego Sari Berezia jaso zuen; eta 2021ean, Pantailak Euskaraz plataforma eta Arnas Dezagun proiektua abiarazi zituen. Euskarazko eskaintza handitu nahi zuen gizarteko hainbat arlotan, eta, hein batean, lortu zuen helburua. 45 urte zituela hil zen, joan den ekainaren 14an.

Euskararen alde egin zuen defentsari balioa emateko, omenaldia egingo diote datorren igandean, abenduaren 3an, Galdakaoko Torrezabal kultur etxean. Beste ekintza batzuk ere prestatu dituzten arren, berari egingo dioten aitortza izango da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena. «Merezitako omenaldia izango da, lan handia egin baitzuen. Guk ere bide horretan jarraitu behar dugu», adierazi du Gaizka Uriarte Binke aldizkariko kideak. Izaskun Barbarias Galdakaoko Euskara zinegotziarekin, Monika Bailon Sustapen Ekonomikorako zinegotziarekin eta Maria Jose Arriandiaga Bagabiz euskara elkarteko kidearekin batera aurkeztu zuen atzo Uriartek Euskararen Eguneko egitaraua; aurreratu zutenez, «zabala» izango da ekitaldia, eta askotariko zaletasunak aseko ditu.

12:00etan emango diote hasiera ospakizunari, eta ordu horretan hasiko da, zehazki, omenaldia. Pantxoa Karrere musikaria eta Arkaitz Estiballes bertsolaria han izango dira; emanaldi bereziak prestatu dituzte. Horrez gain, dantzatzeko eta bertsotan aritzeko aukera ere izango dute bertaratutakoek. Ondoren, 13:30ean, talo eta sagardo dastaketa egingo dute Agirre Lehendakariaren plazan. Musika ere izango da.

Egunaren amaieran, Hauspotu egitasmoa aurkeztuko dute. Duela hilabete batzuk sortu zuten proiektua, eta Galdakaon euskaraz bizi ahal izateko eskubidea aldarrikatzea du helburu.

Bihartik aurrerakoak

Bihar hasiko da Euskararen Eguneko Galdakaoko egitaraua. 10:30ean, mintzodromo bihurtuko dute Kurtzeko frontoia. Euskaltegietako ikasleak, Berbalaguneko kideak eta herriko ikastetxeetako gazteak bertan bilduko dira euskarazko solasaldiak izateko. 18:30ean, kalejira musikala egingo dute herriko kaleetan barrena: Maximo Moreno musika eskolan hasi, eta Urreta auzora abiatuko dira.

Ostiralean, gazteentzako ekintza bakarra egingo dute: berbodromoa. 20:00etan izango da, Gangureneko eskalada horman. Larunbatean, berriz, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako jolasa izango da Plazakoetxean: beldurrezko ihes gela. 12:00etan eta 17:00etan egingo dute.

Euskararen Eguneko egitarauak iraun bitartean, Urreta auzoko tabernek pintxo bat oparituko diete euskaraz eskatzen duten herritarrei. Euskaraz ez dakitenek parte hartzeko aukera izan dezaten, esaldi batzuk idatziko dituzte karteletan, eta horiekin apainduko dituzte tabernetetako paretak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.