Telekomunikazio operadoreak dira Izarkom eta Oñatiko (Gipuzkoa) Onaro. Gero eta zabalduago daude, eta aurrerapauso handi bat emango dute orain: urtarrilaren 2an, Begizta izeneko Internet bidezko telebista plataforma abiaraziko dute. Durangoko Azokan aurkeztu zuten egitasmoa, atzo, eta han izan ziren Iker Garaialde Izarkomeko zuzendaria eta Xabier Igartua Onaro proiektuaren sortzaile eta arduraduna. Jakinarazi dutenez, 65 kate inguru ikusi ahalko dira Begiztan.
«Konturatu ginen bazegoela jendea prest zegoena Izarkomera etortzeko. Baina gaur egun herritar askok etxean telebista Internet bidez jasotzen dutenez, arazo hori zuten», azaldu du Garaialdek. Hainbat operadorek beren deskodetzaileen bitartez eskaintzen dute telebista zerbitzua. «Hortaz, etxe askotan gertatu da —guk uste genuenetan baino gehiagotan— antenari kasurik ez egitea: hau da, etxe bloke osoan telebista ez dute antenatik jasotzen». Eta operadorea aldatu nahi dutenak telebistarik gabe geratzeko arriskua dago. Arazo bera izan dute Oñatiko Onaro udal operadorekoek ere. «Ikusi genuen zerbait eskaini beharra genuela, jendea telebistarik gabe gelditu ez zedin».
Onaro operadorearen adibidearen berri izanda, egoera «larria» zela ikusi zuten Izarkomen. Aukerak aztertzen hasi ziren orduan. «Eta, azkenean, Internet bidezko plataforma bat sortu dugu, behintzat lurreko telebista digitalaren bitartez jasotzen diren kanalak ikusi ahal izateko». Baina Izarkomen argi zuten plataforma hori ezin zela izan bakarrik LTDko kateak eskaintzeko. «Gurea herri proiektu bat da. Pentsatu genuen euskarazko tokiko telebistei aukera ematea plataforman sartzeko. Plataformari beste norabide bat emango lioke horrek». Horrenbestez, Begizta plataformaren hastapenean, Kanaldude, Hamaika, Xaloa eta Goiena eskainiko dituzte lehendabizi. Gero, ETBko kanalak, eta jarraian, LTDan «Espainiako Estatuan ikus daitezkeenak». Luze gabe tokiko euskal kate gehiago batuko dira plataformara, Garaialdek iragarri duenez: «Ahalik eta gehien zabaldu nahi dute tokikoek, eta ez zaie dirudik kostatuko».
Perseoren bidez
Etorkizunean, Begizta egitasmoko arduradunen asmoa da euskarazko kanal propioak sartzea. Esaterako, emakume pilotarien partidak Youtuben ematen ditu Izarkomek, eta Begiztan ikusiko dira aurrerantzean. «Eduki sortzaileekin hizketan ere ari gara. Musikari buruzko kanalak sor daitezke, edo Korrikaren zuzeneko bat sartu, kasurako. Behin azpiegitura martxan jarrita, euskarazko kanal berriak eskaintzeko aukerari ekingo diogu. Bideopodcastak sartzea izan daiteke beste aukera bat».
Begizta sortzeko, Perseo izeneko plataforman oinarritu dira. Beste zenbait operadorek ere erabiltzen dute Perseo, eta ondo doakiela dio Garaialdek: «Asturiasko [Espainia] bi operadorerekin harremanetan gaude, eta haiek aholkatu ziguten Perseo erabiltzea. Guk nahi genuena ematen du». Izan ere, baimenak behar dira lurreko telebista digitaleko kateak plataforma batean eskaintzeko, eta Perseok modua ematen du hori lortzeko. Bestalde, Perseo aplikazioa Google Play eta App Store denda digitaletan deskargatu daiteke, eta gero, hor, Begizta erabili. Telebista adimenduetan ere badago aplikazioa, baita Androiden telebista kutxetan ere. Garaialdek gaineratu duenez, Begizta plataforma «irekia» da, eta beste operadore batzuek erabili ahalko dute etorkizunean.
Kontuan hartu behar da Begiztaren lehen fasean soilik kateen zuzeneko emankizuna ikusi ahalko dela; hasieran, ez da nahieran ikusteko zerbitzurik izango. Baina geroago aukera hori zabalduko diete euskarazko tokiko kateei. «Zenbait kanalek web orrian badute nahieran ikusteko zerbitzua, eta ez dakigu bakoitzak zer nahiko duen. Guk plataforman aukera emango dugu kate bakoitzak nahieran ikusteko zerbitzua eskaintzeko, hala nahi badu. Batzuek, agian, nahiago dute zerbitzu hori beren webgunean bakarrik eman».
Entzule baten galderari erantzunez, azaldu dute diasporako euskaldunek ere ikusi ahalko dutela Begizta plataforma.
Izarkom operadoreak 3.800 bezero inguru ditu gaur egun. Gero eta eragile eta udal gehiagok jo dute etxe horretara. Eta operadoreak gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen ditu. 2025ean, beste zerbitzu bat jarriko dute —«Google Driveren antzekoa»—, artxiboak gordetzeko. Horretan ere ari dira lanean.