'Itxi liburuak' gaur itzuliko da

ETB1eko historia programan, Iñaki Artola pilotariak ikurrinaren iragana ezagutuko du, 22:30ean

Gaizka Aranguren aurkezlea eta Iñaki Artola pilotaria, Itxi liburuak saioan. ETB.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
ETB1eko Itxi liburuak saioak bere bigarren denboraldia hasiko du gaur, ikus-entzuleei historia eskola dibertigarriak emateko helburuarekin. Ohiko moduan, 22:30ean emango dute programa. Aurtengoan ere, astero, pertsona ezagunen betebeharra ikaslez betetako ikasgela batean historia klase bat ematea izango da. Aldez aurretik, ordea, egokitu zaion historia gaiari buruzko azalpen eta ariketa praktikoak jasoko ditu, Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta.

Lehenengo saioan, ikurrinaren historian murgilduko da Iñaki Artola pilotaria. Ikurraren sorrera ezagutzeaz gain, haren inguruan gertatutako pasadizoak ezagutuko ditu Alegiako (Gipuzkoa) kirolariak. Lehenengo ikurrina bere begien bitartez ikusteko aukera izango du; bestalde, gaiari buruzko herritarren hitzak entzungo ditu, baita Jose Luis Elkoro Bergarako (Gipuzkoa) alkate ohiarenak ere.

Arangurenek aurkeztu zituen iaz programako lehen atalak ere—Orio Produkzioak da ekoiztetxea—. «Euskal Herriko iruditeria kolektiboa indartzeko, iraganaren elementuak ekartzen dizkigu saioak gogora», azaldu du. «Norberari dagokio aintzat hartzea ala ez».

Halako historia saioak ETBn ematea garrantzitsua iruditzen zaio Arangureni: «Herri izateko, herritarrek gutxieneko erreferentzia komun batzuk izan behar dituzte. Iruditeria etengabe birsortzeko ahalegin horretan, bereziki garrantzitsua da gauzak elkarrekin egitea, baina baita iragan komunaz jabetzea ere».

Beste hausnarketa hau egin du aurkezleak: «Mendeak egin ditugu herri gisa batera agerraraziko gaituzten egitasmorik gabe, edo oso gutxirekin. Eskualde batzuetan, euskararen erreferentzialtasuna bera galdu da». Arangurenen iritziz, euskalduntasunari begira jartzeko, erreferente «eraginkorrak» izan daitezke iraganeko mugarri komunak. «Etorkizuna elkarrekin egiteko desioa elikatzeko, ez da soilik iraganaren etengabeko aldarria behar. Baina, jende askorentzat, iragan komuna historiaren pasarte erabakigarriak dira, baita etorkizun komunaren justifikazioaren parte garrantzitsua ere».

Hurrengo bost atalak

Iaz, lehen denboraldia eman zutenean, saioak grabatutako atal batzuk estreinatu gabe gelditu ziren. Bigarren denboraldi honetan ikusi ahalko dira horiek, asteazken gauetan.

Datozen asteetako ataletan, irakasle lanetan jarriko dituzte Loli Astoreka aktorea, Josune Ariztondo politikari ohia —berriki ETB1eko Izan ginelako saioaren hiru atalak aurkeztu ditu—, Itziar Alduntzin kazetaria, Joseba Beloki txirrindulari ohia eta Begoña Errazti politikari ohia. Erraketariak, Saturrarango kartzela (Mutriku, Gipuzkoa), Katalina Erauso, kontrabandistak eta ikastolen sorrera izango dira hurrenez hurren landuko dituzten gaiak.

Atal horien ikusle datuen arabera, ETBk gehiago grabatzea ala ez erabakiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.