'Itsatsita' saritu dute Cannesen, eta 'Itsatsita berriz' estreinatu du Primeran-ek

Cannesko Mipcom azokan 108 herrialdetako 11.000 ekoizle inguruk parte hartu dute. Tartean, Basque Audiovisual markak bere erakusmahaia izan du.

Joselu Blanco (EITB) eta Xabier Zabaleta (Pausoka), The International Format Awards sariarekin, Cannesen. EITB
Joselu Blanco (EITB) eta Xabier Zabaleta (Pausoka), The International Format Awards sariarekin, Cannesen. EITB
urtzi urkizu
2024ko urriaren 25a
15:00
Entzun

Mundu osoko telebista kateetako, streaming plataformetako eta ikus-entzunezko arloko milaka profesional elkartu dira aste honetan Frantziako Cannes hirian, Mipcom azokan. Tartean izan dira Euskal Herrikoak ere. Haien artean, Pausoka ekoiztetxeko Xabi Zabaletak eta EITBko programazio zuzendari Joselu Blancok The International Format Awards saria jaso zuten Multi-Platform kategorian, Itsatsita fikziozko lanari esker. Hain justu, Itsatsita berriz bertsio berria estreinatu du gaur Primeran plataformak. Aurretik, nazioarteko beste sari bat bazuen Itsatsita-k: Prix Circom Regional jaialdian maiatzean jasotakoa. Sexu harremanetan ari direla lotuta gelditzen diren gizon baten eta emakume baten istorioa kontatzen du fikzioak, umorez eta musikaz lagunduta. Aurreneko partean, aktore protagonistak Miren Arrieta eta Gari Uriarte Duplako kantaria izan ziren. Itsatsita berriz lanean, berriz, Jon Plazaola eta Leire Martinez dira protagonistak; haiekin batera agertzen dira Ane Lukin eta Aitziber Errazkin ere. Iker Huitzik egiten du erizainarena, aurreneko partean bezala.

EITBko ordezkariak eta Euskal Herriko beste konpainia batzuetako ekoizleak egunotan Basque Audiovisual bilgunean elkartu dira, Mipcom azokaren barnean. Bertan erakutsi dituzte euskal ekoiztetxeetako edukiak; EITBk www.basqueaudiovisualcannes.eus webgunea garatuko du, euskal formatuen ikusgaitasuna handitzeko asmoz, eta ekoizleek beren proiektuen inguruko informazioa zabaltzeko. Bestalde, EITBk Surfing 360º errealitate birtualeko esperientzia erakutsi du Cannesko Palais des Festival jauregian.

Estreinaldi gehiago

Mipcom jaialdian askotariko aurkezpenak eta estreinaldiak egin dituzte asteon. Juan Jose Campanella Argentinako zinema zuzendariak iragarri du El hijo de la novia filmean (2001) oinarritutako telesail bat grabatuko duela, ingelesez, Mediapro ekoiztetxearekin. Miamin (AEB) girotuko dute. TVEk, bestetik, Ena. La reina Victoria Eugenia telesailaren aurrestreinaldia egin du Cannesen —Pilar Eyre idazlearen izen bereko eleberrian dago oinarrituta—.

Beste estreinaldi garrantzitsu bat AEBetako Watson telesailarena izan da —Craig Sweenyk sortu du CBS katearentzat, eta urtarrilean estreinatuko dute—. Rise of Reaven telesail anbiziotsua aurkeztu du Beta Film ekoiztetxeak. Azken horrek XV. mendeko komandante hungariar baten gorabeherak kontatzen ditu —Robert Lantos eta Balazs Lengyel daude ekoizpenaren atzean—. Beta Film Alemaniako konpainiak, halaber, iragarri du Brasilgo Globo taldearekin hitzarmen bat sinatu duela, eta elkarrekin Discipline telesaila egingo dutela.

Rakuten TV konpainiak, bestalde, Cannesen iragarri du telebista kanalak sortuko dituela propio enpresentzat eta eduki sortzaileentzat. Enterprice Services izena jarri diote negozio adar berri horri.

Mipcom azoka datorren urtean Cannesen egingo dute, berriz ere urrian. Baina MIP TV nazioarteko azoka datorren urtean ez dute kostaldeko hiri horretan egingo, Londresen baizik: otsailaren 24tik 27ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.