Auto bat, 40 urteko bi dibortziatu jo eta su, eta bi gorputz itsatsita. Horrela hasten da Itsatsita berriz fikzio musikala. Eta ez, oraingoan ez dira Nerea eta Iker geratuko pegatuta —Miren Arrieta eta Gari Uriarte—, Itsatsita telesailean bezala, Miren eta Xabier baizik. Horregatik «berriz». Erizainak ezin du sinetsi: penis captivus-eko beste kasu bat.
Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria eta Jon Plazaola aktorea dira Miren eta Xabier protagonistak. Lehen aldiz aritu dira Martinez aktore lanetan, eta halaxe Plazaola ere musikal batean. 40 urtetik gorako bi dibortziaturen papera egiten dute, eta, gau batean, autoan sexu harremanak izaten ari direla, itsatsita geratuko dira. Ospitalera eramango dituzte, eta bertan egon bitartean «zalantza existentzialak, beldurrak eta ametsak» partekatuko dituzte. Biek dute alaba bana.
Pausokak EITB Mediarentzat ekoitzitako fikzio musikala gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Alderdi Eder parkean, EITBk bertan kokatu baitu set mugikor bat, Donostiako Zinemaldiaren berri emateko. Kontxako hondartza alboan zutela, ekoizpeneko aktoreak, talde teknikoa eta EITBko ordezkariak izan dira bertan. Aurkezpenaren amaieran trailerra jarri dute, eta Kontxako pasealekutik zihoan jendea pantaila erraldoiaren aurrean geratu da, ikusnahi. Gauean aurrestreinaldia egingo dute Viktoria Eugenia antzokian.
Sei egun iraun zuten grabaketek, eta aktoreek adierazi dute emaitza gustatu zaiela. Jon Rodrigez zuzendariak lantaldea eskertu du, «mobida» horretan sartzeagatik. Hori bai, Plazaolak eta Martinezek barre egin dute oroituta ezagutu eta berehala bata bestearen parean erdi biluzik jarri zirela. «Bi pertsona elkar ezagutzeko modu onena da hori», jostatu da Plazaola. Martinezek esan du ez zegoela itsatsita geratzeko kide hoberik.
Alabei ere, Ane Lukin abeslariari eta Aitziber Errazkin aktoreari, antzera gertatu zitzaien. Igogailu batean denbora luzez grabatu behar izan zuten elkar ezagutu eta minutu gutxira, baina kontatu dute «erraz» egin zutela. Lukinen lehen lana izan da aktore moduan. Fikzio musikatua «barregarria» dela aurreratu dute biek, eta jendea animatu dute ikustera.
Iker Huitzi Demode Quartet taldeko kideak berriro egin du erizainaren papera, aurreko aldian bezala, eta Gari Uriarte Dupla taldeko abeslaria ere aktore taldearen parte da.
Jada lau atal daude ikusgai: aurkezpena hasi eta berehala egin dituzte publiko lau zati motz. Egunero atal berri bat igoko dute Instagramera (@itsatsita_eitb), eta urriaren 25ean film luzearen formatuan estreinatuko dute, Primeran plataforman.
Abestea barne
Itsatsita fikzio musikalari jarraituz, protagonistek antzeztu eta abestu egin behar izan dute. Martinez eta Plazaola batagatik ala besteagatik dira ezagunak, lehena abeslaria baita; bigarrena, aktorea. Aitortu dute inpostorearen sindromea izan zutela hasieran. «Fobia nion abesteari. Leire parean izateak bertigoa eta ziurtasuna eman dizkit aldi berean», azaldu du Plazaolak. Demode Quarteteko lantaldeari eskerrak eman dizkio, «asto arrantza abesti izatea» lortu dutelako; haiek aritu dira zati musikalekin laguntzen.
Leire Martinezek, berriz, azaldu du bere ama aktorea dela, eta txikitan antzerki talde askotan ibilitakoa dela. Esperientzia honekin orduan ikasitakoa berreskuratu du, baina «beldurrez eta trakets». Plazaolari aintzatetsi dio pegatuta egon behar horretan «lasaitasuna» eman diola.