Askotariko telesailak estreinatu dira 2022. urtean eta kutunenen zerrendak plazaratu dira azkeneko egunetan. 2023rako, berriz, beste ehunka telesail prestatuko dituzte telebista kateek eta streaming plataformek.
Urteko bigarren hiruhilekoan iritsiko da ETBra Itsaso euskarazko telesaila. Irailetik azarora arte egin zituen grabaketak K2000 ekoiztetxeak, eta aktore protagonistak Jon Plazaola, Itziar Atienza eta Nerea Mazo dira. Surf eskola batean girotuta dago. Zuzendaria Antonio Diaz Huerta gidoilari eta zinemagilea da —ez daki euskaraz—.
Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza, 'Itsaso' telesaileko aktoreak. ETB
Aurretik, ETB1ek otsailaren 10ean estreinatuko du Irabazi arte telesailaren bigarren denboraldia. Euskal Telebistak fikziozko beste lan bat grabatzeko asmoa du aurten, baina itxaron egin beharko da gauzatzen den arte.
Euskal Herrian grabatu den telesail batek, bestalde, ikusmin handia piztuko du 2023an: Balenciaga. Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga dira zuzendariak eta gidoigileak, eta Lourdes Iglesias gidoilaria eta sortzailea. Alberto San Juan aktoreak egin du Kristobal Balentziaga jostunarena. «Horren ezezaguna baina ezaguna ere baden Balentziagaren garai hori errespetatzen saiatu gara. Oreka lortzen hari buruzko espekulazioen eta zorroztasunaren artean», azaldu zuen irailean Jose Mari Goenagak. Eta urrunago joaten ere bai: «Biopic soil batetik harago joango gara. Pertsonaiak hitz egin diezagula guri ere, geure burua islatuta ikusteko». Disney Plusek ez du argitu zein hilabetetan estreinatuko duen. Zuzendariak atalak editatzen ari dira egunotan. Ziurtzat jo daiteke elkarrizketa gutxi batzuk euskaraz izango direla.
Ituño eta Hormaza, Txilen
Euskal aktore batzuk Euskal Herrian arituko dira, eta beste batzuk, atzerrian. Itziar Ituño eta Asier Hormaza aktoreek, esate baterako, Txilen grabatu dute Robinsones telesaila. Ugarteren rola jokatu du Hormazak, eta Najarena Ituñok. Tragikomediatzat jo dute, eta urteko bigarren seihilekoan estreinatuko dute Hego Amerikako herrialdean. Goiz da jakiteko Euskal Herrian zein plataformatan edo telebistatan ikusi ahalko den.
La casa de papel izan zen Ituño nazioartean izar bilakatu zuen telesaila, eta lan horren aurreneko spin-off-a grabatu dute Netflixentzat: Berlin. Fikzioaren sortzailea Alex Pina iruindarra da. Pinak berak beste telesail bat ere estreinatuko du aurten plataforma horretan.
Plataformetako telesail berrietan agertuko dira beste euskal aktore batzuk ere, tartean Elena Irureta, Ane Gabarain eta Loreto Mauleon. Koldo Serra zinemagileak, berriz, Reina roja estreinatuko du Amazon Prime Videon.
Laster, estreinaldi handiak
Goiz da jakiteko 2023an zer telesailek joko duten goia. Hilaren 16an, urteko fikzio lanik nabarmenenetako bat estreinatuko du HBO Max plataformak: The Last of Us. Bideojoko arrakastatsu batean oinarrituta dago, eta AEBetan zabalduko den pandemia bat du oinarri.
'The Last of Us' telesaila hilaren 16an estreinatuko du HBO Maxek. WARNER
Udaberrirako iragarri du Disney Plusek Secret Invasion, izen bereko eleberri grafikoan oinarritua. Samuel L. Jacksonek jokatzen du protagonistaren rola.
Game of Thrones-en beste spin-off bat iritsiko da HBO Maxera: Tales of Dunk and Egg. Okerrik ez bada, abuztuan estreinatuko dute.
Memoria historikoarekin lotutako telesail bat estreinatuko du, bestalde, Atresmedia taldeak: Noches de Tefia. 1954 eta 1966 bitartean, Fuerteventuran (Kanariak, Espainia) egon zen kontzentrazio esparru baten inguruko lana da. Miguel del Arco antzerkigileak sortu du.
'Itsaso', 'Balenciaga' eta beste ehunka telesail 2023an
ETBk urteko bigarren hiruhilekoan estreinatuko du 'Itsaso'. Disney Plusek ez du zehaztu 'Balenciaga' noiz jarriko duten ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu