Komunikazioa

Istorioak kontatzeko zientzia

'Teknopolis' saioak 16. denboraldia du. Ikerlarien lanak, bereziki Euskal Herrikoak, gizarteratzea dute xede. Horretarako, «saio atseginak» egiten saiatzen dira, zorroztasunik galdu gabe.

Oihana Jauregi aurkezlea, eta Beñar Kortabarria zuzendaria, Elhuyarreko egoitzan, Usurbilen. GORKA  RUBIO / ARP.
Adrian Garcia.
Usurbil
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Gakoa istorio bat kontatzea da, eta emozioak helaraztea. «Emozioa eta istorioa». Horiek dira Beñar Kortabarria Teknopolis saioaren zuzendariari zaintzea gustatzen zaizkion alderdiak, zientzia dibulgazioko ikus-entzunezko erreportaje bat ahalik eta «erakargarrien» egiteko modua. «Teknologia horren atzean dagoen istorioa kontatu behar da. Pertsonek transmitizen dituzte emozioak», dio. Araztegi berri baten teknologiaren funtzionamendua, adibidez, era askotan konta daiteke. «Erreportajearen hasieran, pertsona batek konta dezake haurtzaroan ibaian zein ongi pasatzen zuen udan, eta berriro amuarrainak ikusteak zer sentimendu eragiten dizkion. Hor badago emozio bat».

Azken hamabost urteotan zientzia eta teknologia gaiak modu ahalik eta erakargarrienean gizarteratzen saiatu da ETBko Teknopolis dibulgazio saioa. Eta ez da erraza zientzia modu ulerterraz batean azaltzea zorroztasunik galdu gabe. «Hori da erronka nagusia», azaldu du Oihana Jauregi saioko aurkezleak. «Denborarekin jokatu behar dugu». Halaber, garrantzitsua deritzote ikerlarien hizkera aldatzea. «Zientzialariek haien hizkuntza hori oso sartuta dute». Badituzte hainbat trikimailu edukiak era errazean azaltzeko: adibideak eman, gertuko hizkuntza eta metaforak erabili , eta gauzak sinpletu. «Azken batean, istorio bat kontatzea», laburbildu du Kortabarriak.

Zientzia gaiak interesa pizten dute ikus-entzuleengan, gizakiak jakin-mina «berezkoa» baitu. Gainera, eragin zuzena du zientziak gizakiaren bizimoduan. «Teknologia berriak, medikuntzako sendagaiak, ingurumena, birziklapena... Zientzia gure inguruan dago», azaldu du Jauregik.

15. urtemuga

15 urte egingo ditu Teknopolis-ek datorren otsailaren 20an. «Telebista bera aldatu da denbora horretan». Telebista egiteko era, teknologia, euskarriak, modak eta joerak ez dira orain 15 urte bezalakoak. «Telebista orain egiteko moduari egokitzen saiatzen gara». Azken urteetan platoa baztertu eta kalera atera dira. «Kaleko mugimenduak dinamismoa ematen dio saioari», azaldu du Jauregik.

Saioaren sortzeko prozesuan parte hartu zuen Kortabarriak, eta gogoan ditu lehen urteak. «Prentsa idatzitik gentozen. Marteri buruzko lan batean, hamabost minutuan espazioaren abentura osoa kontatu nuen. Datu piloa, dena off-eko ahotsean. Lasaitasunik ez zegoen».

Oraingo telebista gehiago oinarritzen da ikus-entzunezko elementuetan. «Ikuserrazagoa da». Askotan gai bat lantzean «dena kontatu» nahi izaten dute. «Agian, asko sakondu nahi duzu, baina ez duzu ahaztu behar lan horrek erakarria izan behar duela», dio Jauregik.

Gai monografikoak lantzea du gustuko Teknopolis-eko lantaldeak, nahiz eta asteburuko saioetarako lan laburragoak egin behar izan. Halere, urtean ordu erdi inguruko pare bat lan egiteko aukera izan ohi dute. Lan horietako batzuk, gainera, komunitate zientifikoaren eta kazetarien oniritzia jaso dute. Ernalkuntza lagunduaren lanak, kasurako. 2011n Bioteknologiaren eremuko Asebio/Genoma lehen saria jaso zuen Espainian. Urte berean, Telenatura dibulgazioa bultzatzen duen jaialdiko saria eman zioten Zelatan lanagatik.

Asteroko saioetan lan laburragoak eginagatik ere, gai sakonak eta korapilatsuak modu errazean azaltzen dituzte. Higgs bosoiari buruz iaz eginiko lanaz oroitu dira Jauregi eta Kortabarria. Jose Ignacio Latorre Higgs bosoiarekin zuzenean lanean aritutako ikerlaria elkarrizketatu zuten. «Pasioz komunikatu zuen, azalpenak adibideekin emanez». Bideo «labur eta zehatz» batzuekin osatu zuten erreportajea. «Pertsona egokia topatu eta beste osagarri labur batekin gaia sakon eta aldi berean arin ematen asmatu genuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.