Israelen aurkako afixa bat kenarazi dio ETBk J Martina taldeari, 'Biba zuek!' saioan

«Adierazpen askatasunaren aurkako zentsura» salatu du taldeak sare sozialetan.

J Martina taldeko kideak, Miramongo EITBren egoitzaren aurrean, kenarazi dieten afixarekin. @JotaMartina
J Martina taldeko kideak, Miramongo EITBren egoitzaren aurrean, kenarazi dieten afixarekin. @JotaMartina
jon ordonez garmendia
2024ko maiatzaren 25a
08:15
Entzun

J Martina musika taldeak salatu duenez, ETBk Israelen aurkako afixa bat kenarazi zion atzo, Biba zuek! saioaren grabaketa batean, zuzenean ari zirela. Taldeak X sare sozialean azaldu du «Israelen eta haren konplizeen» aurkako afixa bat jarri duela saioan: «Fck Israel. Fck Europar Batasuna. Fck NATO». Argazki batean, taldeko hiru kideak ikusten dira afixarekin, platoan, eta beste argazki batean, berriz, afixa hori gabe ageri dira jotzen. 

«Adierazpen askatasunaren aurkako zentsurarik ez», salatu dute J Martinakoek, eta gaineratu dute Palestinan gertatzen ari dena «genozidioa» dela eta ez direla isilik geldituko. Ez da EITBn zentsura salatzen den lehen aldia. Taldeko enpresa batzordeak 2022an salatu zuen zentsuraren praktika. Orduko horretan, Maddalen Arzallusek Ion Paroti buruz egindako bertso batzuk izan ziren EITBren jomugan, eta Andoni Aldekoa zuzendari nagusiak berak aitortu zuen eskatu zuela Internetetik kentzeko bertso horien bideoa.

EITBko enpresa batzordeak orduan salatu zuen ohikoa dela «Eusko Jaurlaritzari komeni ez zaizkion eta EAJren irudiari kalte egin diezaioketen albisteak ez ematea edota horiei ahalik eta denborarik gutxiena eskaintzea». Enpresa batzordeen arabera, hori gertatu zen, besteak beste, De Miguel auziarekin, Alonsotegiko (Bizkaia) EAJko hiru alkate ohiri ustelkeriagatik eginiko inputazioarekin eta AHTaren gaineko informazioarekin.

Baina, horrez gain, ETBko hainbat programatan parte hartu duten gonbidatu, elkarrizketatu eta lehiakideak jantzita zeramatzaten kamisetak kentzera behartu izan dituztela ere azaldu zuen. Hala gertatu da, diotenez, Altsasukoak aske eta Independentzia leloa zeramaten batzuekin. Kontrara, gehitu du beste zenbaitetan ez dela halakorik egin; esaterako, Honoring Courage; Blue Lives Matter (Ohore adoreari; Bizitza Urdinek Axola Dute) leloa zeraman ertzainarekin.

Duela hilabete, 30 urte bete ziren ETBn antzeko beste kasu bat izan zenetik. Hala jaso zuen Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak. Apirilak 21 zituen, 1994an. ETB1eko saio bat aurkezten ari zen Joxerra Garzia, baina ezin izan zuen programa amaitu. Platoan Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza bertsolariak zeuden, eta, pintaketa bat egiteko baimena izan arren, Jexux Mari Irazuk «Kalea gurea da, ertzainik ez!» margotu zuenean, Garziak telebista publikoaren zuzendaritzaren dei bat jaso zuen, saioa amaitu behar zela aginduz. Eta hala egin behar izan zuen Garziak.

Unai Iturriagak gogoratu zuen egun hartan gertatutakoa. Bertso batean, «desinformazioa orduero Euskadi Irratian» kantatu zuen. Baina, haren iritziz, pizgarria edo puntu gorena Irazuren pintada izan zen. Hura garai «gogorra» zela ere gogoratu zuen Iturriagak: «ETB oso alderdikoia zen. Jose Maria Calleja ETB2n zebilen, eta propaganda esajeratua zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.