'Irutxuloko Hitza'-k hogei urte bete ditu, eta beste berrehun harpidetza egin nahi ditu

Donostiako euskarazko komunikabideak ekitaldi berezi eta jendetsu bat egin zuen atzo, astelehen arratsaldean, San Telmo museoan.

Beñat Parra 'Irutxuloko Hitza'-ko zuzendaria, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Parra 'Irutxuloko Hitza'-ko zuzendaria, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2025eko otsailaren 18a
12:00
Entzun

Mundu osoa da tokikoa. Lelo hori erabili dute Donostiako Irutxuloko Hitza komunikabideak 20. urteurrena ospatzeko. «Ez dugu ulertzen hiria eta mundua kontatzeko beste modurik, herritik ez bada. Komunitatetik. Tokikotik»; mezu horixe gehitu diote kanpainari. Hogei urte bete ziren atzo euskarazko argitalpena jaio zenetik —lehendik Irutxulo aldizkaria ere bazen—, eta ekitaldi berezia egin zuten egun berean San Telmo museoan. Jendez betea zen areto nagusia. Andrea Bosch kazetariak «jauzi kuantitatiboa» egiteko beharraz hitz egin zuen: «Beste berrehun harpidetza egin nahi ditugu». Harpidedunen sostengua funtsezkoa baita Irutxuloko Hitza-k bizirik irauteko.

Xalba Ramirez kazetariak iragarri zuenez, urte osoan egingo dituzte urteurrena ospatzeko ekitaldiak, «beste eragile batzuekin elkarlanean». Bagera elkartea bidelagun izan du beti hedabideak, eta aurrerantzean ere hala izango dela nabarmendu zuen Amets Ibero Bagerako kideak: «Etorkizunean ere elkarrekin egingo ditugu urratsak».

Bagera elkarteak 1994ko martxoan sortu zuen Irutxulo astekaria. Hamar urte pasatuta, gogoetan murgildu ziren, bai Bagera elkartea, bai astekariko lantaldea ere. Bestalde, 2003an BERRIA egunkaria eta Euskarazko Komunikazio Taldera eratu ziren, eta, horren barruan, Bertako Hedabideak enpresa ere bai. Hainbat eskualdetan sorturiko euskarazko astekariak egunkari bihurtzeko fasean sartu ziren, eta Donostia ez zen atzean geratu. Egunkaria izan zen lehenbizi Irutxuloko Hitza, eta astekari bihurtu zen handik urte batzuetara. Edonola ere, lantaldeak egunero ematen du Donostiako informazioaren berri bere webgunean.

'Irutxuloko Hitza'-ren hogeigarren urteurrena.
Andrea Bosch eta Xalba Ramirez kazetariak, atzo, 'Irutxuloko Hitza'-ren hogeigarren urteurrenean. GORKA RUBIO / FOKU

Beñat Parra Irutxuloko Hitza-ko zuzendariak nabarmendu zuen Donostiako tokiko informazioa euskaraz ematea dutela helburu, baina ez dela hori bide orri bakarra. «Guk argi dugu: tokikoa begiratzeko modu bat da. Behetik gora begiratzeko modu bat, gertutik begiratzeko modu bat. Hiriaren argazki eta diagnostiko zabalena egiteko modu bat. Garai baten kronika egiteko modu bat». Parraren arabera, tokiko hedabideek badute funtzio propio bat hedabide orokorrek bete ezin dutena: «Arazo orokorrak lurreratzeko gaitasuna du tokiko kazetariak, eta, horrela, herriaren bizipenak islatu ditzake, eta hortik dagokion garaiaren kronika eraiki». Tokikotik «komunitatea eraikitzen» dela gaineratu zuen hedabidearen zuzendariak.

Azken urteetan, Donostiak dituen hainbat erronkatan jarri du arreta Irutxuloko Hitza-k: «Bereziki, aniztasuna kudeatzeko orduan, eta jatorri desberdinetako komunitateek gure hirian duten harreran lagundu nahi dugu», adierazi zuen Parrak. «Arrazakeriaren askotariko formei aurre egiteko tresna ez ezik, konbentzituta gaude zubiak eraikitzeko bide eraginkorrenetako bat ere izan daitekeela euskara. Horretarako sortu genuen Ongi Etorri Auzora atala, eta horregatik dihardugu elkarlanean aniztasunaren alde borrokatzen diren hainbat eragilerekin».

Urtarrilaren 31n, Irutxuloko Hitza-ri eman zioten prentsaren Argia saria, «eskuin muturraren gorakadari buruz luze eta zabal informatzeagatik».

Solasaldia hiru belaunaldirekin

Ekitaldian, hainbat ordezkari politiko izan ziren. Donostiako alkate Eneko Goiak ere hitza hartu zuen: «Donostia euskararen hiria bada, zuena bezalako hedabideei esker ere bada». Nabarmendu zuenez, Irutxuloko Hitza donostiar askorentzat informatzeko «tresna garrantzitsua» da. «Eskatu nahi dizuet horrela jarraitzeko, Donostiari buruzko albisteak lantzen, irudiak zabaltzen, eta gure istorioak euskaraz kontatzen».

'Irutxuloko Hitza'-ren hogeigarren urteurrena.
Sua Enparantza, Beñat Gaztelumendi eta Aizpea Goenaga, atzo, 'Irutxuloko Hitza'-ren hogeigarren urteurrenean. GORKA RUBIO / FOKU

Ekitaldiaren azkeneko partean, Donostiaren hogei urteotako bilakaera aztertu zuten Aizpea Goenaga antzerkigile eta aktoreak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Sua Enparantza aktore eta dantzariak; Inaxio Esnaola kazetariak gidatu zuen solasaldia. Irutxuloko Hitza-z ere galdetu zien. Goenagak nabarmendu zuen «oso garrantzitsua» dela gertuko berriak ematea: «Gertutasunak unibertsaltasun handia du. Lan ikaragarria egiten du Irutxuloko Hitza-k, eta eredu da beste askorentzat». Gaztelumendik ohar hau egin zuen: «Lantaldetik jende asko pasatu da, eta horrek erakusten du proiektu bizia dela, baina ekonomiak eragiten duela: kulturaren prekaritateaz hitz egiten da, baina kazetaritzaren prekaritateaz badago zer hitz egin. Hizkuntzari dagokionez, errealitateak hizkuntza etengabe bihurritzen du, eta linguistikoki sekulako ekarpena egiten du euskarazko kazetaritzak: bai tokikoak, bai nazionalak». Bertsolariak gaineratu zuen Irutxuloko Hitza-k Donostiako euskararen mundua «zein zabala» den erakusten duela. Enparantzak solasaldian aipatu zuen Instagram bidez egunero erreparatzen diela hedabideak zabaldutakoei. «Uste dut Irutxuloko Hitza-k lan handia egiten duela postaleko Donostiatik atera, eta errealitatera gerturatzeko. Badakizu bizilagunek zerbait benetakoa kontatuko dizutela».

'Irutxuloko Hitza'-ren 'Mundu osoa da tokikoa' kanpainaren bideoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.