'Irutxuloko Hitza' eta 'Ataria' jantzi berriarekin iritsiko dira bihar

Donostiako astekaria zabalagoa izango da, eta papera ere aldatuko du. Tolosaldekoa, berriz, «irakurterrazago» egin nahi dute, zuritasunaren bidez

Irutxuloko Hitza astekariko biharko zenbakiaren azala. IRUTXULOKO HITZA.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Diseinu berria estreinatuko dute bihar Tolosaldeko Ataria (Gipuzkoa) eta Donostiako Irutxuloko Hitza astekariek. Nerea Lizarralde Irutxuloko Hitza-ko zuzendariak iragarri du Donostiako aldizkaria «koloretsuagoa, zabalagoa —hiru zentimetro zabalago— eta gozagarriagoa» izango dela. Tolosaldeko Ataria astekariko koordinatzaile Naiara Roldan de Arangizek, berriz, nabarmendu du «zuritasuna» eta «testuak irakurterrazak izatea» lehenetsi dutela.

Irutxuloko Hitza-ko zuzendariaren ustez, orrialdeak hiru zentimetro zabalago izateak aldizkaria irakurtzeko erosoago bihurtuko du: «Aldizkaria, gainera, gozagarriagoa izango da, papera hobea izango delako. Plazer handiagoarekin irakurriko dela uste dugu». Lizarralderen aburuz, «astekari itxura handiagoa» izango du aurrerantzean Donostiako argitalpenak. «Oso pozik gaude aldaketarekin, eta espero dugu irakurleek benetan gozatzea».

Gainera, Irutxuloko Hitza-k atal berri bat estreinatuko du biharko zenbakian: Kalean gora kalean behera. «Bertan, auzoz auzo eta kalez kale joango gara herritarren eskutik. Astero, kale bateko bizilagun, tabernari edo dendari bat elkarrizketatuko dugu. Kale horrekin duen loturaz galdetuko diogu, eta kale horren berezitasunak zeintzuk diren azalduko ditu».

Irutxuloko Hitza-k hamabost urte bete zituen otsailean. Urte horietan guztietan hedabideak zer bilakaera izan duen jasoko dute biharko zenbaki berezian —aktualitateari lotutako partea Emakumeen Egunari lotutakoa izango da, eta, bigarren partean, aldizkariaren sorrera eta ibilbidea gogoratuko dute—. Hartu hitza leloa erabiliko dute urteurrena ospatzeko. «Urrian festa bat egingo dugu urteurrena ospatzeko. Urte osoan, webgunean eta paperean egitasmoaren parte izan direnak gogoan izango ditugu, bai eta elkarrizketatu ere. Donostiak hamabost urteotan izan duen bilakaera ere jasoko dugu».

Lizarraldek, era berean, azaldu du webgunean egunero ari direla Donostiaren berri ematen. «Astekarian, halaber, aktualitateko gaietan sakondu eta zabalago azaltzeko aukera dugu».

Sinadura berriak, 'Ataria'-n

Roldan de Arangizek azaldu du Tolosaldeko Ataria-ren diseinua zaintzen saiatuko direla: «Astekariak patxadaz irakurtzekoa izan behar duela uste dugu». Kolaboratzaile sareari garrantzi handia ematen dio hedabideak, eta kolaboratzaile berriak izango dituztela iragarri du koordinatzaileak. «Begirada grafikoari lekua egin nahi izan diogu, eta aldizkarian parte hartuko dute hainbat diseinatzaile grafikok, argazkilarik eta artistak».

Proiektua sendotzen ari dela iruditzen zaio koordinatzaileari: «Euskarri ugari ditugu, eta euskarri bakoitzak dituen ezaugarrien arabera egiten dugu lan». Etengabeko ikasketa prozesu batean murgilduta daude, gainera. «Ezin gara geratu iraganeko moldeetan, eta saiatzen gara joera berriei jarraitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.