Iruñeko finala 232.000 lagunek ikusi zuten uneren batean ETB1en

Beste milaka batzuk Internet bidez aritu ziren Bertso Txapelketa Nagusiko finala ikusten

Maialen Lujanbio, igandean, Iruñeko Nafarroa Arenan. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Bost urte joanak ziren aurreko Bertso Txapelketa Nagusiko finaletik, eta argi dago aurtengoak ikusmin handia piztu duela. 13.500 lagun elkartu ziren Iruñeko Nafarroa Arenan. Eta beste milaka lagun aritu ziren finala telebistaz eta Internetez ikusten edo irratian entzuten. ETBko emanaldiarekin, esate baterako, 232.000 herritarrek bat egin zuten uneren batean. Dena den, batez beste 25.000 herritarrek ikusi zuten finala (12.000 ikuslek goizean, eta 31.000k arratsaldean).

Zortzi finalisten goizeko ariketek 11:00etatik 15:00etara iraun zuten, eta goizeko emanaldi horrek %5,1eko ikusle kuota bereganatu zuen ETB1en —euskaldunen artean, %12,5ekoa—. Arratsaldeko saioak, berriz, 17:00etatik 20:45 ingurura arte iraun zuen, eta, tarte horretan, ETB1ek %4,2ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %10,7koa—.

EITBren euskarri digitaletan, Iruñeko finalak 60.000 ikustaldi inguru izan zituen. BERRIAk ere zuzenean eman zuen finala, eta bertsozale ugari aritu ziren emanaldia ikusten. Igandea izanik ere, finalaren egunean lortu zuen BERRIAren webguneak abenduko daturik onena erabiltzaile kopuruari dagokionez. Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin lotutako artikuluek 132.500 ikustaldi baino gehiago izan dituzte.

Beste kultur ekitaldi bat ere zuzenean ikusi ahal izan zen asteburuan ETBn: ETB2k Hertzainak taldearen BECeko (Barakaldo, Bizkaia) kontzertua eman zuen ostiral gauean. Emanaldia euskaraz egin zuten, Iñaki Guridi Euskadi Irratiko esatariak aurkeztuta, eta %4,6ko ikusle kuota lortu zuen (26.000 ikusle batez beste).

Munduko Koparen datuak

Euskal Herritik kanpo, bazen beste final bat herritar askoren arreta bereganatu zuena: Qatarko Munduko Kopako finala. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Argentinaren eta Frantziaren arteko lehiako penaltiek %63,6ko ikusle kuota lortu zuten; partidaren luzapenak %57,9koa izan zuen; eta lehiaren aurreneko 90 minutuek %49,6koa. 526.000 herritarrek ikusi zituzten penaltiak; 470.000 lagunek luzapena; eta 366.000 ikus-entzule aritu ziren lehen 90 minutuak ikusten.

Finalerdiek ere ikusmin handia piztu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: Argentina eta Kroaziaren artekoak %43,7ko ikusle kuota lortu zuen; Frantzia eta Marokoren artekoak, %46,2koa.

Barlovento Comunicacion aholkularitza agentziak Espainiako selekzioaren lau partiden ikusle datuak eman ditu —La1 eta Gol Mundial kateak batuta—: Nafarroan, Espainiaren partidek %67,2ko ikusle kuota izan zuten; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %53,9koa; Katalunian, %54,6koa; eta Galizian, %60koa.

Gaur, euskal selekzioa

Gaur ere, futbolaz gozatzeko aukera izango da, ETB1en: Euskal selekzioa Txileren kontra ariko da, Gasteizko Mendizorrotza zelaian. 19:00etan hasiko da lehia, eta Naxari Altunak, Amaia Olabarrietak eta Ane Muruamendiarazek egingo dute kontakizuna. Atsedenaldian albisteak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.