Afrikatik etorri eta bizitza hobe baten itxaropenez iparrerantz doazen migranteen bidea ez da batere samurra. Bidasoa ibaian, zazpi lagun hil dira azkeneko urteetan. Migranteetako batzuek lortzen dute Irundik (Gipuzkoa) igarotzea eta Paris aldera joatea. Baina Frantziako hiriburuan lanik eta paperik gabe daude asko; Gineako Idrina Fofana, esaterako. Haren eta beste migrante batzuen ahotsa entzun ahalko da Harresi ikusezina podcastean. Ulu Mediak sortu du serie dokumental hori, sei ataletan, eta bihartik aurrera emango dute EITB Podkast atarian zein beste audio plataformetan. Jatorrizko bertsioan —euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez— zein euskarara bikoiztuta estreinatuko dute. Datorren urtean iritsiko dira gaztelaniara eta frantsesera bikoiztutako bertsioak.
Cristina Tapia Huizi kazetaria da podcastaren aurkezlea eta zuzendaria. Harena da sorrerako ideia. Berakoa (Nafarroa) da, eta sarri joaten da familia bisitatzera Urruñara (Lapurdi). «Migranteak ikusten ditut Irunen, errepide bazterrean. Eta lankideei gaia aipatu nien. Pentsatu genuen zerbait egitea».
Iazko abuztuan ekin zieten grabaketei. «Zer gertatzen ari den kontatu nahi genuen, ahotsa emanez benetako protagonistei», azaldu du Tapiak. «Pertsona horiek nondik etorri diren eta nora joan nahi duten kontatu nahi izan dugu. Istorio pertsonalak jarriko ditugu mahai gainean».
Ali Akla etorkin gaztea, adibidez, hirugarren ataleko protagonista da. 15 urte zituela atera zen etxetik, eta egun Jean Marc Lavigne Hendaiako (Lapurdi) apaizaren etxean bizi da. Bizitza duin baten bila etxea utzi zuen Bama Lasana izango da Harresi ikusezina-ren beste protagonista bat.
Atal bakoitzak 25-30 minutu inguruko iraupena du. Aurrenekoa «harresiaren» gainekoa da. Tapiak iraganeko eta egungo mugari buruz, eta polizia kontrolen gainean hitz egingo du Gari Garaialde Irungo Harrera Sareko boluntarioarekin eta Koldo Nausia Antxeta irratiko kazetariarekin. Atal berean jaso dituzte Rosa Arburua eta Iker Barbero EHUko irakasleen iritziak.
Bigarren atalean «ikusezinaren» kontzeptua landuko dutela iragarri du Ulu Mediako kazetariak. «Euskal herritarrok mila aldiz pasatu dezakegu Santiago zubia, baina batzuentzat muga zorrotza da».
Parisen ibiliko dira laugarren eta bosgarren ataletan. Utopia elkarteko boluntarioekin hitz egiteko aukera izan dute, eta Parisen paperik gabe dauden etorkinak nola bizi diren ezagutzeko modua ere bai.
Seigarren eta azkeneko atalean, berriz, etorkizunari begira jarriko dira. Atalen elkarrizketatuen artean daude Amets Arzallus bertsolari eta idazlea, Francisco Rodriguez abokatua eta Kristin Artola Bidasoa Etorkinekin taldeko boluntarioa.
Elkarrizketa guztien grabaketak kalean edo protagonista batzuen etxean egin dituzte. Off-eko ahotsa, berriz, Ulu Mediaren estudio berrian (Lasarte-Oria, Gipuzkoa) grabatu du Tapiak. Bikoizketak ere han ari dira grabatzen. Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartekoak ari dira ahotsak jartzen.
EITBk erosi egin du lana
Harresi ikusezina-ren gidoietan lanean Tapia bera aritu da, Martin eta Xabier Etxeberriarekin batera; grabazioez eta soinu edizioaz Juan G. Andres eta Oier Arantzabal arduratu dira; eta sintonia Willis Drummond taldearena da.
Arantzabalek nabarmendu du Ulu Mediaren proiektu bat izan dela, gerora EITBk erosi duena. «Proiektu fundazionala da guretzat, ez delako enkarguzko lan bat izan. Bide bat esploratu dugu podcast honekin, eta horrelako gauza gehiago egin nahi ditugu». Ulu Mediako estudio berria atontzen lanez gainezka ari dira ekoiztetxeko langileak. Falta ditu ukitu batzuk, baina estudio nagusia martxan da. «Harresi ikusezina-ren istorioa ahalik eta jende gehienarengana iristea nahi dugu», esan du Arantzabalek. «Hemendik kontatutako istorio bat da, baina gaia unibertsala da». Podcastak, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.