Bertsolari Txapelketa Nagusia «entzule gisa gozatzen» ari da Aitzol Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa, 1986), aurtengoan ez baitu esatari lanik egingo ETBn. Sormenean aritu da, ordea, final distopikoak idazten, Xabi Paiarekin elkarlanean.
Zer iruditu zitzaizun #10garrena fikziozko podcastaren ideia, haren berri izan zenuenean?
Hazia EITBLab laborategikoen eta Maddalen Arzallus eta Xabier Sukiaren arteko bileretatik sortu zen. Txapelketa bazetorren, eta zerbait berezia egiteko asmoa piztu zen. Xabier Paiak eman zion lehen forma, ezinezko finalekin, eta une horretan iritsi zitzaidan niri parte hartzeko proposamena. Paiaren eta bion artean ideia eztandan aritu ginen, eta hortik sortu ziren lehen atalak.
Ideiak gauzatzeko prozesu bat behar da, ordea.
Bai, eta orrialde zuri bat jarri dute mahai gainean. Lantaldeak ondo ezagutzen du bertso mundua. Eta konfiantza handia sentitu dugu alde horrretan. Sorkuntza oso askea izan da, gure harridurarako. Ezinezko txapeldun edo ez sinisteko final horietan ideia zaparradak bota eta galbahe lana egitea izan da kontua guretzat.
Paiak eta Patxi Gallegok egindako Nork eta Nori komiki liburuak irakurriz gero, batek pentsa dezake hor badela zerbait.
Zerikusi handia du horrek, bai. Bertso mundua asko errespetatzen da, gizartean onarpen maila handia du, baina aldi berean izan beharko luke gaitasuna bere buruaz barre egiteko.
Baina ez al du txapelketak kutsu serioagoa?
Bai, hala du. Zentzu batean horrek aukera eman digu bide berriak esploratzeko, txapelketa oinarri hartuta. Jende asko inguratzen da bertso txapelketara, baina barrutik bertsolarientzat tratu txarreko garaia da, sufrimendu handikoa, eta tentsio horretatik elikatzen da ikuskizuna. Txapelketa harrobi ona izan da guretzat umorea ateratzeko.
Aurreneko atalean, finalista guztiak emakumezkoak dira. Maite Goñik azaldu zuenez, Sebastian Lizasok komentatu zion ez gaudela hain urrun final horretatik.
Hausnarketa egin genuen ea distopia guztietatik zein dagoen egia izatetik gertuen; akaso, lehenengo atala. Finalista guztiak emakumezkoak izatea aurten ere posible da, eta hemendik urte batzuetara ere izan daiteke. Aldez edo moldez, atal guztiek sor dezakete zalantza hori. Errealitate kutsuz kontatzen dira podcasteko istorioak, eta bati baino gehiagori eragin diezaioke galdera: Eta hau noiz iritsiko da? Gizartean aldaketak oso bizkor gertatzen dira, eta bertsolaritza ez dago hain salbu aldaketetatik, bertsolaritza ez baitago gizartetik kanpo.
Bigarren atalean, bertso batzuk gaztelaniaz entzun dira. Ondo pasatu zenuten horiek osatzen?
Oso ondo. Sorkuntza lan dibertigarria izan da. Xabi Paiarekin lan egitea gozamena izan da, sekulako irudimena du. Kapituluetan makina bat ñabardura historiko daude, gainera. Goxoki bat izan da lana, filtrorik gabe idatzi eta ideiak botatzeko.
Zu ere aritu zara ahotsa sartzen, Iñaki Beraetxeren zuzendaritzapean. Nolakoak izan dira grabaketak?
Beraetxeren lana nabarmendu nahi dut, ez baita erraza paper batean funtzionatzen duen hori entzungarri jartzea. Soinu paisaia sortzen lan ederra egin du. Zorrotza izan da, ez baita lehenengoarekin konformatzen, eta hala behar du. Oso profesionala da.
Bertsozaleentzako podcast bat al da?
Ez. Podcastaren asmoa da oso bertsozalea den jendetik haragoko publikoa erakartzea. Honetaz gozatzeko ez da bertsolaritzan katedraduna izan beharrik. Saiakera hauek egitea ezinbestekoa da gazteengana ere iristeko.
Baten bat haserretuko zaizue?
Seinale ona litzateke hori. Halako zerbaitek funtzionatzeko, edukiz ausarta izan behar du. Irudimenari hegan egiten utzi diogu.
EITBko zuzendaritzak Maddalen Arzallusen 32 bertsoak zentsuratu izanaz zer iritzi duzu?
Arzallusi elkartasun osoa adierazten diot. Kezkatzen nau aferatik datorren mezuak eta autozentsurak. Sortzaile guztientzako abisu bat da, marra gorriak uste baino gertuago daudelako. Adierazpen askatasunaren alde eta marra gorri horien aurka nago.
Aitzol Barandiaran. '#10garrena' podcasteko gidoilaria
«Irudimenari hegan egiten utzi diogu»
EITB Podkast ataria '#10garrena' podcasta ari da ematen, Bertsolari Txapelketa Nagusiko final distopikoak irudikatuz. Sorkuntza «oso askea» izan dela nabarmendu du Barandiaranek. Zortzi atal izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu