Ezer gutxi behar izaten dute ikus-entzunezko fenomeno eta moda berriek Whatsapp taldeetako mezu nagusi edo sare sozialetan gehien partekatutako eduki bilakatzeko. Askotan, baina, hedatu bezain azkar desagertu egiten dira, atzetik etorriko diren joera berriei txanda emateko. Maniki desafioa izena du ezagun egin den azkenak. Manikiak balira bezala, geldirik ageri dira hainbat pertsona bideo batean, une jakin batean egiten ariko liratekeen ekintza irudikatuz. Argazki itxura hartzen du bideoak, eta denbora gelditu den sentsazioa eman. Musika entzuten da, gehienetan, Rae Sremmurd hip hop bikote estatubatuarraren Black Beatles abestia.
Floridako Jacksonville hiriko ikasle batzuek egin zuten urrian lehen aldiz. Ikasle haiek erronka airera bota, eta sekulako jarraipena izan du. Kirolari, musikari eta politikari ezagunak agertu dira halako bideoetan. Alemaniako Borussia Dortmund futbol taldeko kideak, Taylor Swift abeslari ezaguna eta AEBetako hauteskunde kanpainan hautagaietako bat izan den Hillary Clinton izan dira erronka onartu dutenetako batzuk. Kanpainaren azken egunean egin zuen bere ekarpena Clintonek, Bill Clinton senarrak eta Bon Jovi musikariak lagunduta.
Pertsona ezagun horien adibideak azkar zabaldu dira hedabideetan. Milioika pertsonak partekatu dute euren ala beste batzuen bideoa, mozorrotutako milaka pertsona dantzan jarri zituen Harlem Shake fenomenoarekin edo alboko esklerosi amiotrofikoaren aldeko ur baldearekin gertatu bezala. AEBetan izan du hedapenik handiena fenomenoak.
Bideoa grabatu bitartean hatz txikia mugitu ere egin gabe egotean datza erronka. Sinplea da eginbeharra, baina interpretaziorako gaitasuna ala imajina daitekeen jarrera aldrebesenean geldirik egotekoa azaleratzeko aukera eman die manikiaren erronkak batzuei. Hala ere, erronka moduan hasi zena mezu zehatzak zabaltzeko ere erabili dute batzuek. Horien artean dago Ahotsa. info ataria. Altsasuko auziaren ondotik, hedabideak jasandako kriminalizazioa salatzeko aprobetxatu zuten. Iruñean grabatu zuten bideoa. Mobilizazio bat irudikatu zuten hedabideko kideek, herri mugimenduko sektore askotako lagunen laguntzaz. Ahotsa.info-rekiko elkartasunez, «zerbait praktikoa» egiteko aukera eman nahi izan zien herri mugimenduari, Miguel Angel Llamas hedabideko kideetako batek azaldu duenez: «Zerbait xumea egin nahi genuen, baina, aldi berean, agerian utziko zuena hedabidearekiko babesa».
Protesta modu berezia
Lagun batek eman zien ideia, eta hala erabaki zuten herri mugimenduko kideei proposatzea. Onartu egin zuten, «nahiz eta jendeak ez zekien oso ongi zer egitera gindoazen». Originaltasuna erabiliz kriminalizazioa salatzeko aukera ematen zien, «herri mugimenduaren jokaleku naturala irudikatuz: kalea». Bideoaren hasieran geldirik ageri dira mobilizazioan parte hartzen ari direnak, baina oihuka eta algaraka amaitzen dute, bideoarekin bat doan musikaren erritmo aldaketaz eta kameraren mugimenduaz lagundurik. Jarrera aldaketa horren atzean mezu bat dago: «Ez gaituztela isilduko».
Astebete pasatxoan ia 3.000 ikustaldi izan zituen bideoak, eta sare sozialetan ere harrera ona izan du. Emaitzarekin gustura dago Llamas, «akats txiki batzuk» badituela uste duen arren. Salaketak eta aldarrikapenak zabaltzeko, ohiko formatutik aldendu nahi izan dutela dio: «Ikusten genuen zerbait originala eginez gero zabalpena ere handiagoa izango zuela». Gainera, hedabidearen aurkako auzirik zabaldu gabe dagoenez, eta «larritasuna» Altsasuko auzian zegoela ikusirik, prentsaurreko batera deitzea gehiegizkoa iruditzen zitzaien.
Manikiaren modak ez du segida handirik izan orain artean Euskal Herrian. Horregatik, arlo horretan «aitzindariak» direla uste du Llamasek. Gasteizko Hala Bedi irratiko kideek ere egin dute beste bat, haiekin elkartasunez. «Egia esan, gurea baino askoz hobea da», onartu du Llamasek.
Irudia izoztearen moda berria
Sarean joera bihurtzen ari da maniki desafioa, AEBetan sortu den ikus-entzunezko moda berria. 'Ahotsa.info' atariak kriminalizazioa salatzeko erabili du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu