Hamabost urte dira Xaloa telebista lizentzia bat eskatzen ari dela. Eskaera horren atzetik ibili da urteotan telebistako zuzendari Joseba Igarabide (Erratzu, Nafarroa, 1955).
Iaz Canal4 kateak bere lizentziari uko egin eta gero, LTDko bi lizentzia lehiaketaren deialdia egin zuen abuztuan Nafarroako Gobernuak. Zer aukera duzue bi lizentzia horietako bat lortzeko?
Ez dakigu zer aukera dugun. Aurkeztu garenak ez gara asko, eta horrek ematen digu ilusio pixka bat. Aukeraren bat izango dugula pentsatzen dut. Dena den, oraindik gutunazalak baino ez dira ireki. Epaimahaikoak orain irrati lizentziena aztertzen ari dira. LTDko lizentzien epaia martxoan edo apirilean irits daiteke.
Nafarroako beste bi lehiakideak Abian eta Vaughan dira. Nolakoak dira?
Ez dugu beste partaideen berri askorik. Vaughanek ingelesezko saioak egiten ditu. Eta Abian irrati lehiaketara aurkeztu zela dakigu, baina ez dugu aztertu. Guk gure proiektua ilusio handiarekin prestatu genuen behintzat.
Iruñean, tokiko lehiaketara ere aurkeztu zarete. Iruñeko lizentzia lortuz gero, zuen proiektua nola aldatuko litzateke?
Iruñerriko telebista bat egingo genuke orduan, eta egiten dugunaren jarraipena litzateke. Nafarroa osorako lizentzia lortuz gero, berriz, txip aldaketa bat egin beharko genuke. Orain egiten dugun telebista mota Iruñerrian egokitu dezakegu.
Bi lehiaketetan lizentziarik ez emateko aukera ere badago, ezta?
Bai, aukera hori ere badago. Espero dezagun ez dadila horrela gertatu. Gure kasuan, 15 urte dira lizentzia eskatzen ari garela. Isiltasun administratibo bat egon zen bere garaian, eta uzten ziguten egiten. Baina hori aldatu zen LTDko mapa digitala egin zenean. Irtenbide bat zor digute, eta horretan gogor lehiatzen ari gara.
Euskarazko ekoizpen propioak sustatzeak bost puntu hartuko ditu bakarrik. Ez da asko, ezta?
Ez da asko, ez. Baina hori horrela izanik ere, aurrera egiten dugu, eta aurrera egingo dugu. Alde txar horiei guztiei aurre egin behar zaie. Iruñerrian aurkeztu diren proiektu gehienen artean, euskara erabiliko lukete lizentzia lortuz gero. Hori kontuan hartzeko modukoa da. Une zail hauetan ere aurrerapausoak eman behar dira. Gure unea hil ala bizikoa da, eta hori aldarrikatu dugu erakundeetan azken bolada honetan. Lizentzia lortuko bagenu lanpostu berriak ere sortuko genituzkeela kontuan hartzekoa da. Guk etxeko lanak egin ditugu. Orain aukera ematen diegu Nafarroako Gobernuari, parlamentuari edo dena delakoari haiek ere erantzuteko.
Lizentzia lortuta, gainera, dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera izango zenukete.
Hori da. Badira bizpahiru urte ez dugula dirulaguntza publikorik jasotzen. Gaur egun, hutsetik zerbait jasotzera pasatzea aunitz da guretzat. Publizitate eta Internet bidezko telebistaren laguntzari esker irauten ari gara. Zentzuz jokatuz gero, gauza polit bat egin daiteke etorkizunean.
Zientzia fikzio pixka bat eginda, UPNrik gabeko gobernu batean euskarazko komunikabideen egoerak hobera egin dezake etorkizunean?
Edozein modutan eta edozein kasutan, egoerak hoberaegingo du. Hobera egin behar du nahitaez, gobernuan dauden taldeak daudela. Egoera batzuk hobeak izan daitezke, baina ez daude gure esku. Gu edozein agertokitan jokatzeko prest gaude.
Gaur egungo egoeran, zer garrantzi du Xaloa telebistaren moduko proiektu batek irauteak?
Gurearen moduko telebista batek gehienbat eman ahal duena hurbiltasuna da. Gertatzen denaren islada modu fidelenean azaltzen saiatzen gara, protagonismoa herritarrei eta herri erakundeei emanez.
Ikusleak gertu izan dituzue urteotan. Zer mezu helarazi nahi diezue Xaloaren ikusleei?
Ikusleei eskerrak eman nahi dizkiegu, aunitz gauzengatik. Ez bakarrik ikusten gaituztelako, baizik eta lagundu gaituztelako telebista bera egiten eta proiektua aurrera ateratzen. Ikusleek lagundu gaituzte bai ekonomikoki, bai saioak egiten, bai kritikak egiten. Herritarrik gabe eta bertako ikuslerik gabe, proiektuak ez du zentzurik. Telebista egitean, hori guztia beharrezkoa da: herritarren beharrei erantzuna eman eta haiekin lan egitea.
Komunikazioa. Joseba Igarabide. Xaloa telebistako zuzendaria
«Irtenbide bat zor digute, eta horretan gogor lehiatzen ari gara»
Nafarroa osorako LTDko lizentzia lehiaketara eta Iruñerriko tokiko lehiara aurkeztu da Xaloa. Udaberrian jakingo da emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu