«Adimen artifizialaren garaian, Interneteko sare sozialak nonahi direla, kalitatezko irratia unibertsala eta herrikoia da oraindik ere, eta hedabiderik fidagarrientzat hartzen da». Unescok Irratiaren Nazioarteko Egunerako zabaldu duen mezuaren hitzetako batzuk dira horiek. Urtero gai bat lantzen du erakunde horrek gaurko egunerako, eta aurten irratia eta klima aldaketa da gaia.
«Ingurumenarekin lotutako kontzeptuak jendarteratzeaz harago, irratiak informazio kontrastatua eta independentea eman dezake; botere ekonomiko, ideologiko eta politikoetatik independentea den informazioa; hala, klima aldaketaren inguruko pertzepzioan eragina izan dezake entzuleengan. Irratiak agenda publikoa osatzen lagundu dezake, eta gai askotan eragin dezake», dio Unescok mezu ofizialean.
Unescok uste du irratiak garrantzi handia izan dezakeela klimarekin eta zientziarekin lotutako datuak jasotzeko eta ulertzeko. Kezkagarritzat jo du irrati askok azkenaldian arazo ekonomikoak izatea, «publizitatearen galera eta laguntza publikoen murrizketa» dela eta. «Batez ere tokiko irratietan, informazio kontrastatua lortzeko eta iturrietara jotzeko kostua handia da. Edonola ere, iturri desberdinetara jotzea funtsezkoa da klima aldaketaren inguruan informazioa emateko orduan».

Irratiek erronka handiak dituztela gaineratu du Unescok: «Zuriketa berdea, ekonomia ekologikoa deszifratzea, klima aldaketaren inguruan dauden protesten berri ematea, gaiaren inguruan egon daitezkeen akzio eza eta oztopoak, eta horrek guztiak askotariko iturriak eskatzen ditu: adituak eta ahots fidagarriak».
Euskarazkoek, entzule asko
Euskal Herrian, irratigintzak tradizio luzea du. Martxoaren 2an, 93 urte beteko dira Joseba Zubimendik eta Ander Arzelusek Donostiako Union Radio irratian euskarazko aurreneko irratsaioari ekin ziotela. 1934ko urrian, Espainiako Errepublikako Gobernuaren aginduz, euskarazko irratsaio hura itxi, debekatu egin zuten. Zubimendi eta Arzelus, ordea, ez ziren mutu gelditu. Hala, 1935eko irailaren 19an, Arzelusek aurreneko aldiz Kontxako Banderaren berri euskaraz kontatu zuen zuzenean, Union Radion.
Frankismoa bete-betean zela, Herri Irratiak euskarazko emankizun batzuk emateari ekin zion. Hain zuzen ere, Maluta Films ekoiztetxea Herri Irratiaren inguruko dokumental bat egiten ari da. Ez du estreinaldi datarik.
Francisco Franco diktadorea hil ostean, EITBren legea 1982an onartu, eta Euskadi Irratiak urte hartako azaroaren 23an hasi zituen emankizunak. Gaur egun, 24 orduko eskaintza euskaraz egiten du irrati publiko horrek. CIESek abenduan eman zituen datuen arabera, Euskadi Irratiak 153.000 entzule ditu astelehenetik ostiralera —%6,3 handitu da 2023ko abenduko datuekin alderatuta—. Talde publiko berekoa da Gaztea, eta horrek 116.000 entzule ditu —CIESen arabera, betiere—.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, indar handia dute Euskal Irratiek: Gure Irratia 1981eko abenduan hasi zen emititzen, eta urtebete geroago jaio ziren Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza. 2001ean sortu zuten Antxeta irratia, Bidasoaldean.
Arrosa irrati sarearen parte dira Iparraldeko irrati horiek. Baita Naiz irratia ere —Gara egunkariaren taldekoa da—. 2019an sorturiko egitasmoa da Naiz irratia —Info7tik abiatu zen—.
Gasteizen ibilbide luzea egin du Hala Bedi irratiak; Bilbon, Bilbo Hiria irratiak; eta Iruñean, Euskalerria Irratiak. Donostian ere bada irrati libre bat, txikiagoa: Ttan Ttakun irratia. Herri ugaritan badira, halaber, irrati libreak. Euskal Herrian sortu den azken irratia Nuen Maite irratia da, Bilboko Deustu auzoan.
Irrati digitalaren erronka
Datozen urteei begira, DAB irrati digitaleko emankizunak izango dira erronka handienetako bat. Euskal Herrian teknologia hori 2023ko ekainaren 30ean iritsi zen aurrenekoz, Lapurdiko kostaldera. DAB edo DAB+audio transmisio digitalak abiarazi zituzten (digital audio broadcasting), eta tartean badira euskarazko egitasmo batzuk: Mediabask irratia eta Kultura Antxeta, besteak beste. Beste irrati batzuetan ere badira euskarazko emankizunak.

Nafarroako Gobernuak, iazko otsailean, tokiko irrati digitaleko hemeretzi lizentzia eman zituen. Aurten, berriz, irrati digital autonomikoko bost lizentzia eman zizkien egitasmo hauei: Cadena SER, Los 40, Cope, Atica FM eta Naiz irratia. Azken hori da euskarazko bakarra. Seigarren lizentzia emateko aukera bazen, baina hutsik gelditu zen.
Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du eman DAB irrati digitaleko lizentzien inguruko informaziorik.