Irratia

Irratiaren Munduko Eguna ospatzen ari dira Euskal Herrian ere

Nazio Batuek 2012. urtean izendatu zuten otsailaren 13a Irratiaren Munduko Eguna. Irrati askok eduki bereziak prestatu dituzte gaurko.

EITBren irrati bateko errealizazio gela. EITB
EITBren irrati bateko errealizazio gela. EITB
urtzi urkizu
2024ko otsailaren 13a
09:00
Entzun

Unescok 2011. urtean irratiei eta entzuleei eskainitako nazioarteko egun bat antolatu zuen. Hurrengo urterako, Nazio Batuek Irratiaren Munduko Eguna izendatu zuten otsailaren 13a. Eta, gaur, munduko herrialde ugaritan ari dira egun hori ospatzen, baita Euskal Herrian ere.

Euskarazko hainbat irratik bat egin dute egunarekin. Euskadi Irratiak, adibidez, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaiko campusetik egin du Faktoria albistegia eta ondorengo magazina. Eva Ferreira EHUko errektoreari elkarrizketa egin diote. Horrez gain, EHUko ikasleek egindako erreportaje berezi bat eman dute. Irratiaren bilakaerari buruz solasean aritu dira euskarazko kate publikoan. Makina bat gazteri galdetu diete ea irratia entzuten duten; askotariko erantzunak izan diren arren, gehienek ez dute irrati konbentzionala entzuten. Aldiz, askok podcastak entzuten dituzte. «Irratiak bizirik jarraituko du», esan du Iñaki Guridi Euskadi Irratiko esatariak.

Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria' Munduko Irratiaren Egunean.
Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria' Munduko Irratiaren Egunean, Leioan (Bizkaia).

EITBko beste irratietan ere bat egin dute ospakizunarekin. Radio Vitoriaren 90. urteurrena ospatuko dela aitzakia hartuta, irratiaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren kontakizuna egiten ari dira.

Euskal Herriko beste irratietan ere solasaldiak eta erreportajeak egiten ari dira gaurko egunarekin bat eginez.

Unescoren mezua

Unescok mezu ofizial bat eman ohi du argitara gaurko egunarekin. Audrey Azoulay Unescoko zuzendari nagusiak 2024rako idatzi duen mezuan adierazi du gaurko egunez ez dela bakarrik irratiaren historia ospatzen, baizik eta munduko gizarteetan duen funtzioa.

Gaur egun, munduan 4.000 milioi herritarrek baino gehiagok entzuten dute irratia. Azoulayk irratiak duen garrantzia goraipatu du: «Beste batzuk iristen ez diren tokira iristen da irratia. 2023. urtean, munduko populazioaren heren batek ez zuten Interneterako sarbiderik. Aldiz, irratia hedabide inklusiboagoa eta irisgarriagoa da, batez ere krisialdi egoeretan». Adibidetzat jarri du Afganistanen martxan jarri duten egitasmoa: Unescok eta herrialde horretako hainbat emakumek Radio Begum irratia sortu dute. Alfabetizazio ikastaroak ematen dituzte irrati horretan, eta ahotsa ematen diete Afganistango emakumeei.

Unescok adierazi du munduko irrati komunitario guztiak babestearen alde egingo duela lan. «Irratia ahotsik gabekoen ahotsa da, eta kultur desberdinetako eta komunitate guztiuetako herritarrei hitz egiteko aukera ematen die», dio Azoulayk bere mezuan. «Irratia zabalkunderako hedabide tekniko bat baino gehiago da: denentzako hezkuntza, kultur aniztasun eta informazioaren ideia transmititzen du. Irratiak hedabide humanista bat izan behar du». Irratiak XIX. mendearen amaieratik egindako bidea aitortzeaz gain, Azoulayk uste du irrati uhinek indarra dutela «mundu hobeago bat» eraikitzeko.

Aurten, ehun beteko dira Olinpiar Jokoak lehen aldiz irratiz zuzenean eman zirenetik. Hain zuzen, Parisko 1924ko Olinpiar Jokoetan gertatu zen hori. Eta aurten, halaber, Frantziako hiriburuan egingo dituzte Olinpiar Jokoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.