Iritzia emateko mugak BBCn

Tim Davie BBCko zuzendari nagusiak iragarri du Twitterren iritzi politikoak ematen dituzten kazetariek diziplina neurriak jasango dituztela. Twitterreko kontua kenduko dietela esan du.

BBCren Londresko egoitzako irudi bat. WILL OLIVER / EFE.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko irrati-telebista publikoan albisteen arloan eta aktualitateko gaien berri ematen ari diren kazetari eta aurkezleek nekez eman ahalko dituzte iritzi politikoak Twitterren hemendik aurrera. Egunotan jakinaraziko ditu BBCk sare sozialetan aritzeko protokolo berriak, baina Tim Davie zuzendari nagusi berriak egina du iragarpena: «Aplikatuko ditugun neurriak oso zehatzak izango dira; iritzi politikoak ematen dituzten kazetariak Twitterretik aterako ditugu. Adierazpen alderdikoiak egiten dituzten langileentzat, BBC ez da lan egiteko tokirik egokiena».

Arau berriak albistegietan, aktualitateko gaietan eta informazioko beste alor batzuetan lan egiten dutenei eragingo die, eta Daviek azaldu du «berehalakoan» hartuko dituztela neurriak. Zuzendari nagusiaren arabera, jendeak «ekintza gogorrak» ikusi nahi ditu esparru horretan.

Kazetari guztiak ez dira iritzi horretakoak, ordea: Erresuma Batuan hainbat ahots azaldu dira neurri horien kontra.

Euskal Herrian, zenbait komunikabidek gidaliburuak landu dituzte sare sozialen erabilerarako gomendioekin. Baina, oraingoz, ez dute BBCk iragarritakoen moduko neurririk hartu.

Jesus Coteron Kazetarien Euskal Elkargoko dekano eta presidentearen iritziz, BBCren zuzendaritzaren debekuak murriztu egiten du kazetarien adierazpen askatasuna: «Sare sozialak pertsonalizatuak dira, eta, horrenbestez, kasu horretan, kazetaritza enpresak ez luke sartu behar erredaktoreen iritzietan».

Txema Ramirez de la Piscina EHUko ikerlari eta irakasleak gogorarazi du sare sozialak eta Twitter sortu zirenean komunikabide askok beren kazetariak animatu zituztela sare horretan kontu bat irekitzera, era horretan komunikabidearen marka «inplementatzen» zelako. «Areago, hedabide batzuek kazetariak behartu zituzten hori egitera». Neurri batean, askatasun eremuak ere baziren eta badira sareen kontu horiek. «Bertan profesionalak askeago senti daitezke beren kazetatan normalean egingo ez zituzten iruzkinak edo ñabardurak egiteko. Eta hori, berez, ona da. Kazetariari eta komunikabideari ere mesede egiten dio (normalean), balio erantsi bat baita».

Baina arriskuak ere egon daitezke. Izan ere, hartzaile askok pentsa dezakete kazetariak Twitterren idazten duena eta komunikabidearen iritzia gauza bera direla. «Eta horrek ez du zertan beti horrela izan».

Toryen ahalegina?

Ramirez de la Piscinak, edonola ere, gaur egungo egoeraren testuinguruan jarri du BBCko zuzendari berriaren erabakia: «Planteatzen ari den eztabaida beste bataila handiago baten barruan kokatu behar da: toryak [kontserbadoreak] BBCren kontrolaz jabetzeko egiten ari diren ahaleginen barruan, alegia». BBCko zenbait kazetari esanguratsu brexit-aren aurka posizionatu izan dira, eta Erresuma Batuko Gobernua ez da fio haien joera ideologikoarekin, EHUko irakaslearen aburuz. «Horregatik, gobernuak, BBCko zuzendari berri Tim Davieren bitartez, konpainiako kazetarien adierazpen askatasuna murriztu nahi du».

Kazetarien Euskal Elkargoko presidenteari ez zaio justifikagarria iruditzen BBCren erabakia: «Komunikabideen eguneroko borroka informazio askatasuna lortu eta horretan jardun ahal izatea baldin bada, debeku hori inkoherentzia erabatekoa da».

Kazetariak Twitterren aritzean, zenbaitek aipatzen dute bereizi behar dela hedabide publikoetakoak diren ala ez. Ramirezen ustetan, ez litzateke bereizketarik egin behar, eta arauek denentzat balio beharko lukete. «Baina hedabide publiko batean ari bazara, ardura handiagoa duzu, zalantzarik gabe». Iritzietan, bestalde, irakasleak argi du arazo gehien sortzen dituztenak politikoak eta ekonomikoak izaten direla. «Kirol, kultura edo gizarte gaietan, kazetariek askatasun handiagoa izaten dute iritziak plazaratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.