'Irati' filma Primeran plataformara iritsi da

Paul Urkijo zinemagileak iragarri du 2025ean grabatuko duela bere hurrengo filma: 'Gaua'.

Edurne Azkarate, 'Irati' filmean. BERRIA
Edurne Azkarate, 'Irati' filmean. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko urriaren 8a
10:00
Entzun

Euskarazko film batek zinema aretoetan izan duen ikusle kopururik handiena eta beste marka batzuk hautsi ditu Paul Urkijoren Irati filmak. 160.000 ikusle baino gehiago bildu zituen aretoetan. 2023ko maiatzean, bestalde, Amazon Prime Video plataformara iritsi zen; lehen astean, ordainpeko plataforma horretan gehien ikusitako filma izan zen Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian. Orain, berriz, EITBren Primeran doako plataformara iritsi da. Azkeneko urtebetean, filmeko irudi batzuk agertu izan dira Primeran plataformaren iragarkietan, baina Primeran martxan jarri eta hamahiru hilabetera jarri dute ikusgai Urkijoren zinta. Euskarazko audioa eta azpidatziak ditu.

VIII. mendean girotuta dago istorioa. Mitologia, abenturak eta fantasia uztartzen ditu. Aktore protagonistak Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoi dira. Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Iñaki Beraetxe, Kepa Errasti, Ramon Agirre eta Iñigo Aranbarri ere azaltzen dira.

Irati 2022ko urrian estreinatu zuten Sitgesko (Herrialde Katalanak) zinema jaialdian, eta Publikoaren Saria irabazi zuen. Sitgesen bertan, Urkijok iragarri du 2025. urtearen hasieran hurrengo filma grabatzen hasiko dela: Gaua. Filma XVII. mendean girotuko dute. Sorginen ehiza eta gauarekin lotutako mitologia uztartuko ditu Gasteizen jaiotako zuzendariak pelikula berrian. Ekoizpenari dagokionez, Irusoin ekoiztetxea, Ikusgarri Films, Gaua AIE eta Vilaut Films ekoiztetxeak daude egitasmoaren atzean —lehen aldia da Irusoinek Urkijoren lan bat ekoizten duena—. Hauek izango dira laguntzaileak: ETB, TVE, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala. Euskal Herrian filmatuko dute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.