Udan izendatu zuten Gaztezulo-ko zuzendari Gaizka Izagirre (Hernani, Gipuzkoa, 1984). Aurretik, kolaboratzaile eta bideoblogari aritu zen aldizkarian, etaiaz hasi zen erredakzioko lanetan.
Ahalegin berezia egin duzue 200. zenbakian. 104 orrialdetan 60 lagunen testuak agertzen dira. Lan nekeza izan al da?
Bai, oso nekeza. Jaione Dagdrommer, Ane Urrutikoetxea eta hirurok bildu, eta bakoitzak multzo bat hartu zuen; behin kolaboratzaileak adostuta, amua bota genien. Prozesu luzea izan zen, astuna, baina emaitza nahiko polita gelditu da.
Azala irakurleek aukeratu zuten,boto bidez: Altsasuko gurasoak. Nolakoa izan zen haiekin egindako elkarrizketa?
Aldizkarirako egin ditudan elkarrizketen artean bereziena izan da: hunkigarriena eta aberasgarriena. Galder Izagirre argazkilariak eta biok egun oso bat egin genuen Altsasun. Galder etxez etxe joan zen, eta seme-alaben gelen barruan egin zituen argazkiak. Arratsaldean, lau gurasorekin bildu nintzen. Une hunkigarriak bizi izan genituen, negar egitekoak. Pertsona gisa ere asko irabazi dut elkarrizketa horrekin.
Iganderako, jaialdi bat antolatu duzue Bilboko Kafe Antzokian. Zer ezusteko prestatu dituzue?
Zazpi musika talde ariko dira jotzen. Musikaz gain, irakurleen fideltasuna sarituko dugu hainbat zozketa eginda. Bi keinu garrantzitsu egingo ditugu: igandea Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da; aurkezlea Aneguria rap kantaria izango da, eta emakumeen aldeko zerbait egingo dugu. Bestalde, jaialdian biltzen dugun diruaren %5 Altsasuko gurasoei emango diegu. Sarrerak salgai daude oraindik.
Durangoko Azokarako, zer?
Aurreko urteetan, egoitzan genituen aldizkari guztiekin joaten ginen, nahasketa arraro batekin. Baina aurten bi produktu saltzera joango gara: 2019ko agenda —hilabetez hilabete kultur agendako ekitaldiekin eta lantaldeak egindako proposamen zerrenda batekin osatua—. Eta egutegia ere aterako dugu, Lander Izagirreren argazkiekin. Baratze kulturala izena izango du egutegi horrek: barazki eta landare bitxien argazkiekin batera, emakume musikarien esaldiak azalduko dira hilabete bakoitzean.
Aisialdia ardatz duen euskarazko aldizkari batek hemezortzi urte betetzea ez da txantxetako kontua, ezta?
Zenbaitek esaten dute ea hainbesterako den hori ospatzeko horrelako jai bat antolatzea. Baina guri ospatzeko modukoa iruditzen zaigu. 2000. urtean sortu zen aldizkaria, Donostialdean, Gaztetxulo izenarekin, eta gero Euskal Herri osora zabaldu zen. Bidea ez da erraza izan, baina hor jarraitzen dugu. Ilusioz eta gogoz gabiltza, nahiz eta zailtasunak gutxi ez izan.
Interneteko eskaintzan, zer nabarmenduko zenuke blogaririk berrienen ekarpenaz?
Oso ondo funtzionatzen dute blogariek. Aurten bi blogari berri sartu ditugu: Iruñe Astiz emakumezkoen kirolaz aritzen da, eta Oroitz Garcia Zaporeak elkarteko kidearena da bestea. Garciak webgune ezagunetako jatetxerik txarrenak bilatzen ditu, eta jatetxe kaskar horiei alde ona aurkitzen saiatzen da. Oso arrakastatsua izan da haren saiakera.
2019. urteari begira, zer erronka dituzue?
Ahalik eta indartsuen jarraitzea izango da erronka, baina, batik bat, genero berdintasunaren irizpidea aintzat hartuta. Ipar Euskal Herriko jende gehiago atera nahiko genuke azaletan; buruan dugu, adibidez, Patricia Karrikaburu errugbi jokalaria. Pertsona ez hain ezagunak erakusleihoan jarri nahiko genituzke, bide batez.
Iaz, Eusko Jaurlaritzak ez zion Interneteko edukietarako laguntzarik eman Gaztezulo-ri. 2019an iritsiko al da?
Itxaropena badugu egoera aldatzeko. Urte berria kili-kolo hasiko dugu; egunez egun bizitzen saiatuko gara. Laguntzak etortzen badira, ederki, baina oraintxe bertan ez dugu horretan pentsatu nahi.
Zure izaeratik zer eman nahi diozu proiektuari?
Gustatuko litzaidake euskaldun kutsua berreskuratzea, gaztetxeen mugimenduari adi egotea, eta euskal gazteriarekin lotuago egotea. Euskal Herri osora hedatu nahiko genuke, alde guztietatik.
Gaizka Izagirre. 'Gaztezulo' aldizkariko zuzendaria
«Irakurleen fideltasuna sarituko dugu jaian»
Hemezortzi urte bete ditu 'Gaztezulo'-k, eta 200. zenbakia kioskoetan da. Igande honetarako, berriz, ospakizun festa antolatu dute, Bilboko Kafe Antzokian. Egun berezia izango dela iragarri du Izagirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu